Erromanizazioa euskal lurraldeetan: gizartea

Gizarte-antolaketa

Euskal lurraldeetako biztanleen eta erromatarren arteko harremanak onak izan omen ziren. Erromatarrek ez zuten arazo berezirik izan euskal lurralde guztiak konkistatu ondoren, beren biztanleak kontrolpean edukitzeko.

Erromatarren eta baskoien arteko harremanak adiskidetsuak izan ziren, eta horri esker baskoiek beren lurrak zabaltzea ere lortu zuten; adibidez, Ponpeio eta Sertorioren arteko gerran (K.a. 82-72), Pompaelo (Iruñea) fundatu zuen Ponpeiok. Ondoren, jasotako laguntza saritzeko Calagurris eta Cascantum eman zizkien baskoiei, eta badirudi Jaka eta inguruko lurraldeak ere baskoien eskuetara pasatu zirela.

Erromatarrak nagusitu zirenetik K.o. IV. mendera arte ez dugu inolako gerraren edo matxinadaren berririk; alderantziz, hemengo biztanleak erromatar armadan sartu ziren, eta Ingalaterrako edo Germaniako gerran ibili ziren. Nahiko ezaguna da karistiarrek, barduloek eta baskoiek osatutako armada taldea, “Cohors II vasconum”.

Erromatarrek euskal lurraldeetako biztanle guztiak izen beraren mendean bateratu zituzten. K.o. II. mendetik aurrera, aurreko barduloak eta autrigoiak baskoi bilakatu ziren.

Euskal lurraldeetan, gutxi edo asko, erromatar ereduko elementu politikoak, sozialak, ekonomikoak zein kulturalak, errotu egin ziren. Bertako eliteak (goi-mailako jendeak) erromatar boteretsuak imitatu zituen, baina herritar gehienek erromatarren hainbat ohitura bereganatu bazituzten ere, bertako ohiturak mantendu zituzten.

Jabetza

Lurra zen aberastasunaren seinale eta jabetza izugarriak lortu zituzten.  Lurra, konkisten ondoren, soldadu-ohiei, erromatar nekazariei eta erromatarrekiko leial izandako euskaldunei banatzen zien.

Era horretara, modu askotako nekazariak sortu ziren, gehienak lur-jabe txikiak ziren eta batez ere etxerako ekoizten zuten. Lur-jabe handiek botere ekonomiko eta politiko handia zuten. Baziren lur-jabe txikiak ere, maiz lur-jabe handien lurretan lana egitera behartuta aurkitzen zirenak. Gehienetan, lurra esklaboen bitartez lantzen zuten, horrela etekin ekonomiko handiak ateratzen zituzten. Oro har, esklaboak lurra lantzeagatik ez zuten ordainik jasotzen, mantenua (jana eta jantziak) eta bizilekua bakarrik.

Herriak eta hiriak

Saltus, iparraldeko esparruan erromanizazioa ez dirudi oso sakona izan zenik. Egun hainbat hiri sortu zituztela ezagutzen dugu, hala nola: Lapurdum (Baiona), Oiasso (Irun), Forum (Forua), Menosca (Zarautz edo Getaria?), etab.

Ager, Ebro ibaiaren arroan, ordea, erromatarren eragina oso handia izan zen. Gure artean erromatarrek sortu zituzten harriz egindako lehen hiriak. Calagurris (Calahorra) eta Graccurris-ekin (Alfaro) batera badira beste batzuk ere: Pompaelo (Iruñea), Veleia (Iruña Oka), Andelos (Muruzabal Andion, Mendigorria), Cara (Santakara), Cascantum (Cascante), Ilumberri (Irunberri)…

Hiri horietan, foroaz (hiri erdiguneko plaza modukoa) gain, teatroak, termak (bainuak), anfiteatroak, tenpluak eta azokak ere eraiki zituzten, eta baita hirietara ura garraiatzeko ubide edo akueduktuak ere.

Erromatar garaiko hirien funtzio nagusia politikoa zen. Hiriak botere gunea ziren, goi-mailako jendea bizi zen tokia, eta nekazaritza-eremua gobernatzeko gunea. Aberastasuna ez zen hirian sortzen: hirian gastatu egiten zen.

Bizilekuak

Hiri edo nekazari ingurunetako etxebizitzak oso desberdinak ziren.

Hirietako eraikinak zurez, harriz eta morteroz egiten ziren, batzuetan adreiluz ere bai, eta teilatua buztinezko teilekin estaltzen zuten. Erromatar ereduko etxeak ez ziren kanpotik oso ikusgarriak izaten. Leiho gutxi eta txikiak izaten zituzten, garai hartan ez baitzen beira erabiltzen leihoetan. Etxe gehienek barruko atari bat zuten, atariak etxeari argitasuna ematen zion, eta gelak haren inguruan antolatzen ziren.

Maila sozialaren arabera, barruan hainbat apaingarri eta luxu izan zitzaketen; adibidez, zoruan jartzen zituzten mosaikoak, hainbat koloretako teselaz (kubo formako harriak) egindako marrazki ikusgarriekin.

Landa-edo nekazari eremuan baziren erromatar ereduko etxalde handiak, villa deituak, eta etxe apalagoak.

Villa gehienak erreka, ur-putzu edo antzeko tokietatik gertu egoten ziren, etxerako eta lurrentzat ura lortzeko. Inguruko paisaia ederra izaten zen eta galtzadetatik gertu zeuden.

Herritar xumeak etxoletan bizi ziren. Etxe biribil txiki hauek lastozko teilatua eta lurrez estalitako adarrez egindako hormak zituzten nagusiki. Etxolen barruan ez zen, gehienetan, gelarik bereizten. Txoko batean sua egoten zen janaria prestatzeko, beste batean lo egiteko oheak, beste batean janariak gordetzen ziren, etab.

Antzinako Grezia: Esparta

Atenas ez zen Greziako hiri nagusi bakarra. Esparta Atenasen aliatu izan zen Persiar Inperioaren aurkako gerra ugaritan, baina arerioa ere izan zen hainbatetan. Azkenean, bi hiriek ikuspegi ezberdinak zituzten, antolaketa politikoan eta sozialean ez zetozen bat eta, ondorioz, borrokan aritu ziren behin eta berriz.

Esparta borrokan oinarritutako gizarte bat zen era, diziplina zorrotzekoa eta hiritar bakoitza soldadu bat zen gunea. Zazpi urtez gero, mutilak gerrarako entrenatzen ziren. Gizonek hogei urterekin ezkondu zitezkeen baina ezin zuten emaztearekin bizi 30 urte arte, hori baitzen soldadu izatea uzten zuten adina. Hiria bere baitan itxirik zegoen eta ez zuten atzerritarrik onartzen.

K.a. 630. urteaz geroztik, Espartak hiritarren batzarra, apella, zuen, baina batzar horrek ez zuen egiazko botererik. Haren botere bakarra lege-proiektu baten proposamenaren alde edo aurka agertzea zen. Batzar horrek bost zaintzaile, eforo, aukeratzen zituen, eta horiek administratzen zuten hiria urtebetez. Espartan erregeak izan zirela badirudi ere, ez zuten egiazko botererik, Espartako botere politikoa, familia aberatsen esku zegoen. Haiek ezartzen zituzten beren hautagaiak baita eta legeak onarrarazi ere.

Espartak gerrate askotan parte hartu zuen historian bai Atenasen aurka, bai Persiar Inperioaren aurka ere. Dena den, aske iraun zuen, K.a. 219an Mazedoniako erresumaren esku erori zen arte.

Antzinako Mesopotamia

Mesopotamia Tigris eta Eufrates ibaien arteko lur emankorreko zatiari deitzen zitzaion. Gaur egungo Irak, Siriako ekialdea, Turkiako hego-ekialdea eta Irango hego-mendebaldea hartzen zituen.

Eskualde horren hegoaldean, K.a. XXIV. mende ingurutik aurrera, herri sumertarrek zingirak, lehortu, dike, kanalak eta ubideak egin eta lurrak lantzen hasi ziren. Nekazaritzako aurrerapenei esker hiri-estatu independenteak sortu ziren: Ur, Uruk, Lagash.. K.a. XXIII. mendetik aurrera Mesopotamian zibilizazio aberatsak garatu ziren: sumertarrak, akadiarrak, babiloniarrak eta asiriarrak.

Garairik oparoena, Babiloniako Hamurabiren erregealdia izan zen, K.a. XVIII. mendean, ekonomia eta kulturan loraldi handia lortu zuena.

Antzinako Mesopotamia: bilakaera historikoa

Lehen zibilizazio hiritarra Sumerren sortu zen, Mesopotamia Beherean K.a. IV. milurtekoan.

Erregeek agintzen zuten estatu-hiriak ziren. Erregeek funtzionario eta apaizek lagunduta agintzen zuten.

K.a. 2.000. urte inguruan Sumer eta Akadeko lurraldeak basamortuko tribuek inbaditu zituzten. K.a. 1792. urtean Hamurabi erregeak lurralde guztiak bereganatu zituen eta Babiloniar Inperio boteretsua sortu zuen. Inperioak K.a. 1600 urtera arte iraun zuen, hititen eskuetan erori zen arte.

K.a. 2.000. urte inguruan Asiriar Erresuma sortu zen. Pixkana inguruko lurraldeak inbaditzen hasi ziren eta 1000. urterako Inperio indartsu bat sortu zuten, Assurnazirpalen eskutik. Inperio hark 609. urtera arte iraun zuen, Mediarrek eta Babiloniarrek inbaditu zuten arte.

K.a. 1.300 urteaz gero, lurraldearen zati batean bi erresuma zeuden: Media iparraldean eta Persia hegoaldean. K.a. 560. urtean Persiako Ziro II.ak mediarrak zapaldu zituen, haien lurraldeak bereganatu eta Persiako Inperio handia eraiki zuen. Haren ondorengoak inguruko lurralde guztien aurka borrokan aritu ziren eta Dario I.ak inoiz izan zen inperiorik handiena eraiki zuen Mediterraneo inguruan.

Xerxes I.aren garaian (K.a. 519-465) Persiar Inperioa ahultzen hasi zen eta K.a. 330. urtean desagertu egin zen Alexandro Handiak lurraldeak bereganatu zituenean.

Antzinako Grezia: Atenas

DEMOKRAZIAREN SORRERA

Atenasen originaltasuna , egitura politiko berri bat ezartzea izan zen: demokrazia. Demokrazia (demos+krator= herriaren agintea grezieraz)  aginte-modu bat da, estatuaren zuzendaritza hiritarren eskuetan dago.

Hasiera batean, Atenasko hiri-estatua monarkia  bat zen, (mono + krator= bakarraren agintea grezieraz) errege batek agintzen zuen.

K.a. 753. urtean lur-jabe handiek  boterea kendu zioten erregeari eta egitura oligarkikoa ezarri zuten. Oligarkiarekin  (oligos + arkia = gutxi batzuen agintea) , boterea esku gutxi batzuetan zegoen, pertsona edo familia zehatzetan. Lurraldeko pertsona eraginkorrenak ziren eta  euren artean antolatzen zuten agintea. Horrela, oligarkia indarrean egon zen garai hartan, Atenasko aristokratak politika, armada eta justizia osoa kontrolatzera iritsi ziren. Lege idatzirik ez zegoenez, inork ezin zituen kritikatu. Estatu-hiriko administrazio politiko guztia berenganatu zuten eta armada zein justizia kontrolatu.

Pixkanaka, Atenasko politikan aldaketak gertatu ziren. Herria aberastu egin zen, merkataritza hobetu eta gerrarako bitarteko gehiago zituzten. Ez zuten jasan nahi oligarka haien menpe egotea eta haien kontrako altxaketak hasi ziren, baita idatzizko legeak eskatzen hasi ere.

K.a. 621. urtean Dracon legegileak legeak idatziz ezarri zituen Atenasko biztanleak ezagutu zitzaten. Hainbat lege oso zorrotzak ziren eta tiranoen (tyrannos= Jauna) bidez indarrez eta bortxaz inposatu ziren. Garai haietan mahastiak eta olibondoak ugaritu ziren, baita lan publiko handiak ere, langabezia murrizteko. Itsas merkataritzaren bilakaerari esker,  aberatsen eta pobreen arteko desberdintasuna txikituz joan zen.

K.a 594. urtean Solon, merkatari aberats eta Atenasko estatu-gizona, erreforma politiko garrantzitsuak egiten hasi zen: bule (Boule)  izeneko hiritarren batzarra sortu zuten, hiriko gaiak jorratzeko arduradun ziren hiritarrentzako bakarrik zena. Bertako partaideak zozketaz aukeratzen zirenez, ez zen berdintasunean oinarritutako egitura, baina demokraziaranzko lehen pausoak izan ziren.

Herri-epaimahai bat ere sortu zuen, Heliee, eta, horhistoria, antzin aroa, grezia, Atenas, demokraziaren bidez, herriak bere eskubideak errespetatuak izatea lortu zuen. Solonek, era berean, partaidetza politikoaren lehen arauak ezarri zituen. Horien ondorioz, magistratu izatea ez zen jaiotzaz gertatzen,  aberastasunaren arabera baizik.

K.a 508. urtean, Klistenes aristokrata eta ideia berriko gizon politikoak Atenasko egitura politikoan aldaketak egitea erabaki zuen. Solonen erreformatan oinarrituta, Klistenesek erabaki zuen hiritar gehiagok parte hartzea bizitza politikoan eta baita Atenasko zuzendaritzari buruzko erabakietan ere. Lehen aberatsenak bakarrik parte hartzen zuten eta orain hiritar guztiek zuten horretarako eskubidea; hau da, gizonezko libre guztiak hasi ziren hiriaren agintean parte hartzen. Lege-gaitasunaren bidez, hiritarrek herriaren batzarrean edo ekklesian (ecclesia),  parte hartzen zuten eta aurkezten ziren legeen alde edo aurka botoa ematen. Hiritar guztiek parte har zezaketen erakunde politikoetan; hala nola, bulean, edo ekklesian. Demokraziaren hastapenak ziren.

K.a. 451. urtean , Perikles, Atenasko estatu-gizonak, stratega (armadako komandantea) kargu garrantzitsua lortu zuen. Hamabost aldiz jarraian hautatua izan ondoren, bere buruzagitza militarra inposatu zen Atenasko bizitza politikoan. Herri-batzarrean, ekklesian, zuen botere handia baliatuta, Atenasko esperientzia demokratikoak gorena jo zuen. Aristokratei boterea murriztu zien eta egitura oligarkikoaren arrastoei amaiera eman. Gainera, erakunde politikoetan parte hartzen zutenei ordainsari bat ezartzea erabaki zuen, aberastasun gutxiago zuten hiritarrek ere hiriaren administrazioan esku hartzeko aukera izan zezaten. Aginte-postuak hiritar guztiek betetzen zituzten txandaka eta herri-batzarraren boterea erabatekoa izatera iritsi zen.

Atenasko esperientzia demokratikoak, mende bakarra iraun zuen. Espartarekin izandako gerrak eta gaixotasunak Atenasen ahuldadearen hasiera izan ziren, eta K.a. 411. urtean Atenasek egitura oligarkikoa berrartu zuen.

Pixkanaka, Mazedoniako errege Filipo II.ak  Greziako lurralde guztiak  eskuratu zituen K.a. 346. urtean.  K.a. 336. urtean Alexandro Handia haren semeak,  inperio handi bat sortu zuen, baina,  33 urterekin hiltzean, Greziako lurraldeak, erresuma helenistiko txikietan zatitu ziren.

Antzinako Egipto: egitura politikoa

Egiptoko egitura politiko guztia faraoiarengan oinarritzen zen. Faraoia jainkoa zen, jainko nagusia, eta jainko gisa bere herriaren eta beste jainkoen arteko bitartekari lanak egiten zituen. Beraz, teokraziarik inon bazen, hori Egipton izan zela esan daiteke.

Faraoia errege-tronuan esertzean Horus, Osiris eta Isisen seme bihurtzen zen eta haien izpirituak bereganatzen zituen. Horrela, erregea jainkoen pareko zen, beste jainko bat gehiago. Faraoia gizakien eta jainkoen arteko lotura bilakatzen zen.

Legegile, administratzaile eta apaiz izateaz gain, gerlari ona zela ere erakutsi behar zuen, bere herria etsaiengandik babesteko eta erresumako mugak defendatzeko gai zela ziurtatzeko

Faraoia lurraren eta beronen gainean hazi edo bizi zen guztiaren jabe zen: apaiz nagusia, epaile gorena eta armadako buruzagi nagusia. Harrobiak, urre-meategiak eta Niloko ura soroetara zeramaten ubideak haren manupean zeuden. Uzta eskaseko urteetan, haren ale-biltegiari esker elikatzen zen herria. Atzerriko politika eta harreman komertzialak ere faraoiak erabakitzen zituen.

Faraoiak berak bakarrik lan hori guztia ezin zuen antolatu; bera, apaizei eta nobleei lur esparru handiak ematen zizkien. Apaizen beste zeregin bat tenpluetako otoitzak zuzentzea zen, subiranoaren izenean. Gobernuaren arduraduna bisir edo lehen ministroa zen, baina egunero eman behar zion faraoiari egiten zuenaren berri. Faraoia funtzionario batekin oso pozik zegoenean, jauregira ekarrarazten zuen eta zeremoni balkoitik urreak eta bitxiak botaz saritzen zuen.

Antolaketa aldetik, Egipto bi zati nagusitan banatzen zen: Egipto Beherea, Nilo ibaiaren delta hartzen zuena, eta Egipto Garaia, handik Nubiako (gaurko Sudan) mugaraino. Alde bakoitzeko buru bisir bat zegoen. Horren eginkizunak, nekazaritzako lanak kontrolatzea, justizia egitea, zergak biltzea eta bakeaz arduratzea ziren.

Administrazio aldetik, lurraldetan edo probintziatan zatituta zegoen estatua. Nomarkak ziren lurralde horietako gobernadoreak.

Egitura honetan garrantzi berezia zuten tenpluek, eta Faraoiaren mende egon arren, autonomia handia zeukaten. Ezin dugu ahaztu Inperio Berrian Amonen tenpluko apaiz nagusia faraoi bihurtu zela, horrela beren nagusitasuna inposatuz eta agerian jarriz.

Antzinako Erroma

Antzinako Erroma, Erroma hiriaren inguruan sortu zen. Elezaharraren arabera, Romulo eta Remo bikiek sortu zuten K.a. 753. urtean. Hamabi mendetan zehar hiru sistema politiko izan zituen: monarkia, errepublika eta inperioa.

Mediterraneo itsasoko ingurua menderatu zuen armadaren eta asimilazio kulturalaren bidez. Halaber, Antzinako Erromak gainbehera handia jasan zuen, eta 476. urtean desagertu zen inperio handia.

Erromako zibilizazioak gaur egungo mendebaldeko zibilizazioaren oinarriak ezarri zituen, besteak beste, lege, gerra, arte, hizkuntza, arkitektura eta literatura alorretan.

Antzinako Erroma: bilakaera historikoa

Elezaharraren arabera, Romulo eta Remo bikiek sortu zuten Erroma K.a. 753. urtean.

Lehen erregea Romulo bera izan omen zen; batasun politikoa lortu zuen eta monarkiak 250 urte iraun zuen. K.a. 509. urtean herritarrek Tarkino erregea kargutik bota egin zuten eta Errepublika ezarri.

K.a VI. mendetik aurrera Erromako Errepublikak Mediterraneo inguruan lurralde handiak konkistatu zituen. Denborarekin, gatazka ugari izan ziren eta Julio Zesar diktadore jarri zuten. Egonkortasun apur bat ekarri zion Erromari. Zesar erail zutenean, Oktavio Augustok, K.a. 27an, eskuratu zuen boterea eta, errepublika deseginda, inperioa ezarri zuen: botere militarra, politikoa eta erlijiosoa eskuratu zituen.

K.o. III. mendetik aurrera inperioa krisian sartu zen: barne zatiketa handiak gertatu ziren, enperadore-aldaketa asko, estatu-kolpeak eta gerra zibilak noiznahi. 476. urtean Romulo Augustulo, azken enperadorea agintetik kendu zuten barbaroek. Erromatar Inperioa desagertzearekin batera Antzinaroari amaiera eman zitzaion.