Erdi Aroko erakundeak euskal lurraldeetan: Gipuzkoako sorrera

Gipuzkoaren lehen aipamen historikoa 1025ekoa da, bertan Gartzea Aznarren mendeko lurraldea zela agertzen da eta hura Nafarroako Antso III.aren mende zegoela. Kasu horretan ere, testuetan egiten den Gipuzkoaren aipamena ez dator bat gaur egun guk ezagutzen dugun Gipuzkoarekin. Testu horretan agertzen denaren arabera, Urola eta Oria arroek osatzen zuten Gipuzkoa. Garai horiez ez dakigu askoz gehiago, soilik Iruñeko erregeen mende egon zela Gaztelako Alfontso VI.ak eskuratu arte.

XII. mendearen amaieran, gaur egungo Gipuzkoako lurrak ongi bereizitako hiru lurraldez zeuden osatuta: Gipuzkoa nuklearra edo Ipuçcoa, Donostia hiria eta erdialdeko Debako eta Debabarreneko lurrak. XIII. mendean Gaztelaren esku gelditu ziren lurrak konkista bidez, eta Ipuçcoa izena lurralde osoa izendatzeko erabiltzen hasi ziren.

Gipuzkoako lurraldeko herriak Gipuzkoako Ermandadean bildu ziren, Gaztelako erregeek babestutako elkarteetan. Erakunde horrek, XV. mendearen bukaera aldera, gaur egungo Gipuzkoa osatzen duten leku eta lur gehienak biltzen zituen.

Erdi Aroko erakundeak euskal lurraldeetan: Bizkaiaren sorrera

Bizkaiko egitura politikoa prozesu luze baten bidez eratu zen. Bizkaiaren lehen aipamena Alfontso III.aren VIII. mendeko kronikan agertzen da. Testu horretan, bereizita agertzen dira, Bizkaia bera, Urduña, eta Sopuerta, Garape eta Karrantza. Testu horren arabera, Garape eta Karrantza, gaur egungo Enkarterri alegia, Asturiasko erregeen mende zeuden, eta aipamenean agertutako beste guztiak, tokiko biztanleen eskuetan, besterik gabe.

IX. mendeko Bizkaiari buruzko aipamenak iparraldetik itsasoak, mendebaldetik Nerbioi ibaiak eta ekialdetik Deba arroak mugatutako esparru geografikoaz ari direla esan daiteke. Bizkaia Asturiasko Erresumaren eta garai hartan sortzen ari zen Iruñeko Erresumen artean menderatu gabe zegoen lurralde gisa agertzen da.

Bizkaiko jaunaren lehen aipamena 924koa da, Antso Gartzez I.aren alaba Belaskita Momo bizkaitarren kondearekin ezkonduta zegoela aipatzen denean, Rodako eskuizkribu genealogikoetan. Hurrengo aipu garbia 1043koa da: Enneco Lupiz Vizcayensis comes deitua, Eneko edo Iñigo Lopez delakoarena. Haro familiak zuen lurralde gobernatzeko eskumena. Eskumen hori Eneko Lopezek lortu zuen, Gaztelako Alfontso VI.a erregeari eman zion babesari esker. Bizkaiko jaunek errekonkistan lagundu zuten. Horren ordainetan, Durangoko lurraldea eman zitzaien jaurerri moduan, Bizkaian sartuz, beren izaera galdu gabe. Geroago, Urduñak, Enkarterriko lurrek eta hainbat herrik zabaldu zuten Bizkaiko jaurerria.

Erdi Aroko erakundeak euskal lurraldeetan: Arabaren sorrera

“Araba” hitza Gorbeiatik (jatorrizko gunetik) Arabako Lautadako lurraldeetara hedatu zen. 1025. urteko “Donemiliagako golde-nabarra” dokumentuan Arabako lurrek Donemiliaga Kukulako monasterioari eman behar zioten burdin zergaren berri jasotzen da (golde-nabarretan ordaintzen zen). Garrantzitsuak dira, halaber, Arriagako Kofradiako jaunen esku zeuden herrixkei buruzko datuak; izan ere, guztien artean gobernatzen zuten Arabako zatirik handiena, eta San Joan Arriagakoa ermitan (Gasteiz) biltzen ziren.

XIII. mendearen erdialdetik, jaunen eskumenetik errege-eskumenera igaro ziren zenbait herrixka. Errege-boterea 1332an finkatu zen erabat, Arriagako Kofradiaren esku zeuden lurraldeak erregeari “borondatez ematean”. Erdi Aroaren azken urteetan, jaunen gehiegikeriak geldiarazteko, herrixkak ermandadetan bildu ziren; hau da, Gaztelako erregeek babestutako elkarteetan. XV. mendearen amaiera aldera, Arabako ermandadeak gaur egungo lurralde historikoaren antzeko lur-eremuan banatutako lekuak hartzen zituen.

Erdi Aroko erakundeak euskal lurraldeetan: Iruñeko eta Nafarroako Erresumak

Iruñeko Erresumaren sorrera

IX. mendean, Aritza familiak erregetza ezartzea lortu zuen Iruñea inguruan, Tutera eta Zaragoza arteko Ebro ibarra kontrolatzen zuen Banu Qasi familia musulman boteretsuaren laguntzari esker. Leireko monasterioa izan zen Iruñeko Erresuma berriaren gune politikoa. Harreman onak izaten jarraitu zuten musulmanekin.

Ximenotarren dinastia

X. mendearen hasieran, Ximenotarren dinastiak edo leinuak hartu zuen Iruñeko erregetza, eta Antso I.a Gartzez (905-925) izan zen leinu horretako lehen erregea. Erregeak, Leongo erregeekin aliatuta, bultzada handia eman zion musulmanen aurkako borrokei. Mende horren erdialdean, Iruñeak Aragoiko Konderria bereganatu zuen, eta mendebalderantz hedatu zen, Gaztelaren kaltetan. Antso II.a Gartzez Abarkaren garaian (970-994), Arabako lurraldearen zati bat Iruñeko Erresumari lotuta geratu zen.

Antso III.aren erregealdia

Antso III.a Gartzez Nagusiaren garaian (1000-1035) lortu zuen Iruñeko Erresumak goieneko unea, orduan izan baitzuen erresumak lurrik gehien. Errege horrek musulmanen aurkako borroketan arrakasta handirik izan ez bazuen ere, erresumaren mugak zabaltzea lortu zuen, sortu berria zen Gaztelatik Kataluniako mugaraino, eta, barne arazoez baliatuta, Leongo Erresuma ere bere eraginpean jarri zuen. Antso III.aren boterea Lapurdira eta Nafarroa Behereko lurralde batzuetaraino zabaldu zen.

Antso III.a hil zenean, erresumako mugak bere semeen artean banatu ziren. Gartzea Santxez Naiarakoari Nafarroako lurrak egokitu zitzaizkion, eta baita bere anaien gaineko aginte gorena ere. Hauek zituen anaiak: Ramiro, Aragoiko erregea; Fernando, Gaztelakoa; eta Gonzalo, Sobrarbe eta Ribagorzako kondea. Anaien arteko desadostasunen ondorioz, Atapuercako zelaietan hil zen Gartzea Santxez Naiarakoa, Fernando Gaztelakoaren aurka aritu ondoren. Antso IV.a Peñalengoa erresumaren buru jarri zen, Aragoiren eta Gaztela eta Leonen hedatzeko asmoen mehatxupean.

Antso Jakitunaren eta Antso Azkarraren erregealdiak

Antso IV.a hil egin zuten, eta Iruñeko nobleziak Aragoiko Antso Ramirez erregeari eman zion Iruñearen gobernua. Haren agintaldian, burgu edo herri ugari sortu ziren (Lizarra, Zangoza, Gares…) eta bizilagun asko bildu ziren burgu haietara (Erdi Aroko herri edo herrixka), emandako pribilegioek eta salbuespenek erakarrita. Iruñeko Erresumak Aragoiren inguruan jarraitu zuen ondorengoen agintaldian ere. Nafarroako Gartzea Ramirez (1134-1150) erregeak bereizi zuen Nafarroa Aragoitik.

Antso VI.a Jakitunarekin batera, Berrezarkuntza-garaia (1134-1234) hasi zen. Ordura arte Iruñeko Erresuma izenarekin ezagutzen zenari Nafarroako Erresuma deitu zitzaion. Errege horren garaian erresumaren osotasunari eutsi nahi izan zitzaion. Hala ere, pixkanaka-pixkanaka, ondoko bi erresuma boteretsuk, Gaztelak eta Aragoik, itzal egin zioten Nafarroari, eta erresuma txiki bilakatu zen.

Antso VII.a Azkarraren (1194-1234) agintaldian, Nafarroak Araba eta Gipuzkoa galdu zituen. Erregea oinordekorik gabe hil zen, eta nafarrek Tibalt II.a aukeratu zuten ondorengo. Horrela, bada, Frantziako dinastiak hasi ziren Nafarroan agintzen: Xanpainako etxearen, Frantziako etxearen eta Evreuxko etxearen garaia zen.

Nafarroaren konkista

Nafarroako Erresumaren konkistaren hasiera 1512an hasi zen, hau da, Gaztelako Fernando Katolikoak Nafarroa konkistatzea agindu zuenean. 1512ko uztailetik irailera bitartean, Albako dukeak Nafarroa konkistatu zuen. Urritik abendura bitartean, Nafarroako erresuma berreskuratzeko lehenengo ahalegina egin zen, baina porrot egin zuen. Nafarroako tronuan berriz ere legezko errege-erreginak jartzeko beste ahalegin batzuk egin zituzten 1516ko martxoan eta 1521eko maiatzetik ekainera, baina haiek ere porrot egin zuten. Iritzirik zabalduenaren arabera, armek beharturik beretu zuen Gaztelak Nafarroa, batere sinesgarriak ez ziren arrazoi juridikoak erabiliz eta Julio II. aita santuaren bulda edo agiri eztabaidagarriak baliatuta. Nafarroako Erresumak Nafarroa Beherean jarraitu zuen 1620ra arte.

Erdi Aroko erakundeak euskal lurraldeetan: egitura-politikoa

Erdi Aroan euskal lurraldeak hainbat egitura politikotan kokatu izan dira eta asko aldatu izan dira historian zehar. Euskal lurraldeetako erakunde nagusiak Iruñeko Erresuma eta Nafarroako Erresuma izan ziren. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko lurraldeak Nafarroako eta Iruñeko Erresumen testuinguruan osatu ziren. Gerora, lurralde horietako erakundeak Gaztelako, Frantziako edo Ingalaterrako erresumen barruan kokatzen joan ziren.

Erdi Aroa

Erdi Aroaren hasiera ezartzeko abiapuntu gisa Mendebaldeko Erromatar Inperioaren unea aipatu ohi da, normalean 476. urtean ezartzen dena. Amaierako mugarria, berriz, Errenazimentu garaiak markatzen du, baina une hori zehazteko orduan hainbat urte posible aipatu ohi dira: 1453. urtea, Konstantinopla turkiarrek konkistatu zuten uneagatik; 1455. urtea, Gutenberg-ek inprenta asmatu zuelako; 1492. urtea, Kolon Amerikara iritsi zelako; 1517. urtea Erreforma protestantea abiatu zelako; edota, euskal lurraldeetara mugatuta, 1512. urtea, Gaztelako Koroak Nafarroako erresuma konkistatzeari ekin ziolako.

Beraz Erdi Aroa 500. urtetik 1500. urtera doa, gutxi gora behera. Mila urte horietan historialariek bi garai nagusi bereizten dituzte: Goiz Erdi Aroa eta Berant Erdi Aroa. Garai bien arteko banaketa XI. mende erdialdean koka daiteke, arinago Europako eskualde batzuetan, beranduago beste batzuetan. Goiz Erdi Aroa erromatarren garaiaren luzapen moduko bat izan zen, Antzinaroko antolaketa politikoa, ekonomikoa eta kulturala hein handi batean mantendu zuelako. Aldiz, Berant Erdi Aroan sistema berri bat abiatu zen, aurreko moldeetatik aski bestelakoa: feudalismoa.. Goiz Erdi Aroan ekonomia-jarduera nagusiak nekazaritza eta abeltzaintza ziren eta Berant Erdi Aroan artisautza eta merkataritzak goraldi nabarmena izan zuten.

Neolitoa

Duela 12.000 urte pixkanaka izozte aldiak amaitzen joan ziren eta eguraldia epeltzean, paisaia ere aldatu egin zen. Oihanak ugaritzearekin batera landare berriak ere azaldu ziren. Garai hartako gizakia kobazuloetatik atera eta bere bizilekua ibaiertzetan kokatzen hasi zen. Ehizaz gain, arrantzan ere egiten zuen ibaiertzetan.

Fruitu eta landare bilketa garrantzi handiagoa hartzen joan zen. Bildutako fruitu horietako batzuk (garia, garagarra…) ehotzen ere hasi ziren. Horrela, irina lortzen zuten eta urarekin nahastuz talo antzekoak egiten ikasi zuten. Lan hauetan zebiltzala, ale ugari eroriko zitzaizkien lurrera eta hauetatik landare berriak sortzen zirela ohartuko ziren, nonbait. Ondorioz, garia, garagarra… ereiten ikasi zuten duela 7.000 urte inguru eta Neolito garaia hasi zela esaten da.

Nekazaritzari esker, eguneroko janaria ziurtaturik zuten, leku batetik bestera bila ibili beharrik gabe, baina beste behar eta premia batzuk sortu zitzaizkien: lurra lantzeko tresnak (aitzurra…), ehotzeko errotak, haziak gordetzeko ontziak (zeramika)…

Animalia batzuk heztea ere lortu zuten. Animalia basatiak ehizatzen zituztenean, ziurrenik, arkume, antxume, txahal e.a. harrapatuko zituzten eta euren kanpalekuetara eramango. Animalia taldeak zainduz gero, esnea, haragia eta larrua lortzeko aukera zutela konturatuko ziren, eta ez zeukatela ehizara joan beharrik. Horregatik hasiko ziren, jakina, ahuntzak, ardiak, behiak eta zerriak hezten.

Beraz, bere elikaduraren kontrola lortu zuen gizakiak lehen iraultza deituriko honetan, harrapari eta biltzaile izatetik ekoizle edo produzitzaile izatera pasatuz. Gizakiaren eta naturaren arteko harremanak erabat aldatu ziren, milaka eta milaka urtetatik zetorren bizimodua zeharo eraldatuz. Iraultza industrialera arte ez zen ekonomi arloan hau bezainbateko beste eraldaketarik izango.

Paleolitoa euskal lurraldeetan

Paleolito garaia (harri zaharra) deitzen diogu gizakiaren sorreraren lehen aroari; izakia gizaki bilakatzen dela esaten dugu, harria landuz lanabesak sortzen hasi zenean, duela 2,5 miloi urte. Orduantxe hasten da Paleolitoa.

Euskal lurraldeetan Neanderthal eta Cro-Magnon gizakiak bizi izan zirela ezagutzen dugu. Neanderthal gizakia, Behe eta Erdi Paleolito garaian (100.000-30.000 arte) eta Cro-Magnon gizakia Goi Paleolito garaian (30.000tik 8.000 artea)

Euskal lurraldeetako gizakiak bi bizileku izan zituen, eguraldiaren arabera. Aurkitu diren aztarnen arabera, Behe Paleolitoan aire librean ibaiertzetako kanpamentuetan bizi zirela badakigu. Baina izozte garaietan, Goi Paleolitoan,  itsasertzeko kobazuloetan aurkitu zuten babesa eta aterpea.

Paleolitoko gizakiak ehiztariak ziren, harrizko armak, sua eta egur landua erabiltzen zuten. Animaliak harrapatu eta landareak eta fruituak biltzen zituzten elikatzeko. Azken mendeetan arrantzan ere ikasi zuten.

Taldetan bizi zirela uste da, eta hainbat erlijio-erritu ere bazituztela. Horien lekuko dira topatutako arte-aztarnak, bai labarretan edo kobazuloetan topatutako margoak eta baita arte higigarria edo eramangarria  deiturikoak, hezurretan, adarretan edo harri zapaletan egindako irudiak (zintzilikarioak, venusak…).

Erromanizazioa euskal lurraldeetan

Erromanizazioa Erromak beste lurralde bat bereganatzeko prozesuari deitzen zaio. Erromarena  ez zen izan konkista militarra bakarrik, bere kultura, hizkuntza eta ezaugarri orokorrak ere ezartzen baitzituen inperio osoko egoera bateratuz.

Erromanizazioa k.a. II. Mendetik k.o. V. mendera arte eman zen gure lurraldeetan eta ondorioz Antzinaroa erromanizazio garaiarekin hasi zela esan dezakegu, ordukoak baitira gure lurraldeko tribuei buruzko lehen idatziak.

Erromanizazioa euskal lurraldeetan

Erromanizazioa ez zen modu berean egin leku guztietan. Iparraldean adibidez, nahiko ahula izan zen, hegoaldean berriz sakona eta eraginkorra izan zen.

Erromatarrek  lurraldea bi multzo nagusitan antolatu  zuten: ager vasconum eta saltus vasconum.

Ager delakoa, gutxi gorabehera, isurialde mediterraneoak hartzen duen lurraldea izango litzateke. Lur horiek egokiak ziren, erromatarrek lantzen zuten nekazaritzarako, ardoa, garia eta olioa lantzeko, alegia.

Saltus delakoa, isurialde atlantikoa alegia, menditsuagoa zen eta basoz betea zegoen. Uste zenaren aurka, azken urteotako indusketa arkeologikoetan laboreak, garia, garagarra, oloa, eta abar aurkitu dituzte; beraz maila apalean bada ere, nekazaritza mota hori ere ezagutzen zuten. Itsaso aldeko eremu geografiko horretan garrantzi handiagoa izan zuten abeltzaintzak, meatzaritzak eta baita esklaboak eta mertzenarioak lortzeko ahaleginek ere.

Taigaren ustiaketa

Klima hotzetan kokatuta dauden biomak izan dira gizakiak beranduen eta gutxien populatu dituenak. Tenperatura hotzak erabat oztopatu du nekazaritzaren garapena eta horregatik, ingurune horietan herri ehiztariak bizi izan dira. Ehizatzetik eskuratzeaz gain jatekoa, larrua ere lortzen zuten, gero elikagaien edo beste produktu batzuen truke saltzeko.

Taigaren ustiaketa

Aipagarria da samien kasua. Europako ipar muturrean bizi dira eta abeltzaintza eta ehiza izan dute bizibide. Udan, elur-orein taldeen atzetik, tundrara abiatzen ziren eta neguan taigara, babes-bila. Taiga bioma oso zabala izanik eta sami abeltzainen kopurua oso txikia, haien eragina ez da oso nabarmena izan.

Egoera hori aldatzen ari da gure egunetan. Teknologia berriei esker eta, gaurko eskaera ekonomikoei erantzun nahiez, gero eta handiagoa da taigaren ustiaketa. Siberian, esate baterako, meategi erraldoiak aurkitu dira eta horien ustiaketak taigaren suntsipena ekar lezake. Gainera, komunikazio-bideak eraiki behar dira bertara heltzeko eta horrek kalte handiak sorrarazten ditu bioman.

Zuhaitzak ere lehengai ekonomiko garrantzitsu bihurtu dira; besteak beste, altzarigintza eta papergintzarako. Horrek ustiaketa sistematikoa ekarri du eta milaka urtez bere horretan mantendu den basoaren atzerakada eragin du. 

Horrela jarraituz gero, urte gutxi barru oihan tropikaletan gertatzen ari den bezala taigak ere zeharo desagertuko dira.