Brahmanismoa, lehen hinduen erlijioa. Brahma, mundua eta gizakiak sortu zituena zuten jainkotzat. Arima hilezkorra zela uste zuten eta behin eta berriro haragiztatzen zela: gizakiren batean hildakoak bizitza zintzoa eraman bazuen, animalia batean bekatuan bizi izan bazen.
Budismoa, Budak sortu zuena. Gizakiaren kasten zatiketari aurre egin zion eta karitatea, ona, egia eta amodioa aldarrikatu zituen. Gaur egun, 500 milioi lagunek jarraitzen diote budismoari.
Literatura mailan, hinduek idazlan handiak utzi dizkigute, Mahabarata, Ramayana eta Veda bereziki. Mitologia eta erlijioa uztartzen dituzten epopeiak dira.
Ehungintza eta artea lotu zituzten: tapizak…
Arte aldetik, pinturan eta eskulturan eragin handia izan zuen erlijioak eta artelanen iturri nagusi bihurtu zen.
Arkitektura alorrean ere sekulako maisu-lanak utzi dizkigute, tenpluetan bereziki.
Lanbide nagusiak nekazaritza eta abeltzaintzari lotuak zeuden.
Nekazaritzan garia, garagarra sesamoa eta kotoia lantzen zituzten, eta arioen etorrerarekin, baita arroza ere. Bufaloak, gameluak eta ahuntzak hazten zituzten.
Artisauek, brontze, kobre, berun eta eztainuzko lan bikainak sortzen zituzten, lur azpiko ubide eta ura lortzeko putzu ugari eraiki zuten. Indiako industria oihalgintzarekin lotuta egon zen beti. Horrez gain, zeramika eta bolia lantzen iaioak izan ziren.
Merkataritzak indar handia hartu zuen Ashokaren garaian Egipto, Pertsia eta Greziarekin gehienbat. Garraiorako elefante-karabana luzeak erabiltzen omen ziren.
Erregea, jaungoikoaren semea, monarkia despota eta absolutista baten buru zen.
Gainerako gizartea lau mailatan banatzen zen:
Brahmanak: apaiz gorenak. Goi-mailako biztanleek osatzen zuten. Botere handia zuten eta jakintzaren zaintzaileak ziren. Haien lana ikasketak eta meditazioa ziren. Mundua sortu zuen Brahma jainkoaren ahotik sortuak ziren.
Vaisiak edo nekazariak eta merkatariak, Brahmaren izterretatik sortutakoak.
Sudrak (zerbitzariak), Brahmaren behatz-tartetik sortuak. Haien egiteko nagusia beste kastak zerbitzatzea zen.
Pariak edo kasta-gabekoak (ukiezinak izena ere ematen zitzaien)
Kasta sistema zeharo itxia zen, jaiotzez ziren kasta batekoak edo bestekoak eta ez zegoen kastaz aldatzeko modurik. Ezkontza guztiak kasta berekoen artekoak izan behar zuten.
India Asiaren hegoaldean kokatzen den penintsula handia da, triangelu itxurakoa. Iparraldean Himalaiako menditzarrekin muga egiten du eta hegoaldean Indiako Ozeanoarekin.
India izena, Indo (edo Indus) ibaiaren izenetik dator.
Antzinako India deritzoguna, Indo haraneko zibilizazioa, K.a. 3300 urtean hasi zen, gaur egungo Pakistan eta mendebaldeko Indian. Zibilizazio hark, gorabehera handiekin, K.a. 180 arte iraun zuen.
Antzinako India: bilakaera politikoa
Indiako antzinako historiak hainbat garai bizi izan zituen.
K.a. 3000-2000 artean Indo ibaiaren zibilizazioa deitzen zaio. Garaiko biztanleek zibilizazio handia garatu zuten, Egipto edo Mesopotamiakoarekin alderatu daitekeena. Hiriak sortu zituzten (badirudi munduko hiri nagusiak izan zirela, 40.000 biztanletik gorakoak) eta nekazaritza eta merkataritza indartsua zuten. Indiako artisauak zeramikan trebeak ziren.
K.a. 2000 urte inguruan Irandik zetozen arioak Indo ibaiaren bailaran ezartzen joan ziren. Arioen zibilizazioa esaten zaio. Politikoki zatiketa eta batasun ugari izan ziren, eta hainbat erresuma sortu ziren, beti brahaman apaizen laguntzaz. Dena den hizkuntza bakarra (sanskritoa) eta erlijio bakarra, hinduismoa, ezarri zituzten. Kasten gizarte-antolaketa sortu zuten eta burdinaren eta brontzearen lanketa bultzatu zuten.
K.a. IV. mendean Chandragupta Maurya jeneralak ordura arteko buruzagia bota eta errege izendatu zuen bere burua. Indiako historiako enperadore handienetakoa, ia India osoaren jabe egin zen eta Maurya Inperioari hasiera eman zion. Azken urteetan tronua utzi eta aszeta bihurtu zen. Haren biloba Ashoka Indiaren fundatzailea kontsideratzen da, lur guztien lehenengo batasuna egin baitzuen. Indiako enperadore handiena bihurtuko zen. Enperadore krudela, fidelak ez zitzaizkion 500 ministro eta 99 anaiorde hil omen zituen. Azkenean, krudelkeriak eta isuritako odolak Ashoka bera ere izutu zuen eta Budaren ikaskuntzei jarraitu eta budismoa onartzera eraman zuten. K.a. 260 urtean budismoa Indiako erlijio ofizial bihurtu zuen. Bera hil ondoren Maurya Inperioak urte gutxi iraun zuen, K.a. 180. urtea arte. Ondoren, Indiak era guztietako inbasioak jasan zituen: persiarrak, greziarrak, arabiarrak, portugaldarrak…
Arteak, greziar eragina izan zuen eta propaganda egitea zuen helburu.
Eskultura
Eskulturan proportzio klasikoak erabili zituzten eta gizaki eta jainko irudi biluziak egiten zituzten hainbat lekutan, apaingarri izan zitezen: hirian zehar, etxe partikularretan, anfiteatroetan, zirkuetan…
Eskulturaz apainduak zeuden garaipen-arkuak eta zutabeak eraikiak zituzten enperadoreek, gerraren bateko garaipenaren oroigarri, gerra istorioak deskribatzeko.
Pintura
Greziarren antzekoa zen, gizakien irudietan eta mitologian oinarritua. Eguneroko ekintzak eta mitologia-istorioak agertzen ziren, bai hormetan eta baita zoruan ere. Jauregietan eta patrizioen etxeetan erretratuak ere aurkitu izan dira.
Bestelako arteak.
Aipagarriena mosaikoa da. Mosaikoak maila gorena lortu zuen: Erroman asko erabili zuten hormak eta zoruak apaintzeko. Batik bat, eguneroko bizitza, eszena mitologikoak eta zirkuko eszenak irudikatu zituzten.
Arkitektura
Artearen barruan arlorik nagusiena izan zen. Bi atal nagusitan bana dezakegu:
a) Ingeniaritza mailako lan publikoak
Galtzadak edo errepideak. 90.000 km inguru zituen galtzada-sareak. Galtzaden sareak Inperio osoko gune nagusiak Erromarekin lotzen zituen, haren nagusitasuna bideratzeko (armadaren joan-etorriak erraztuz) eta merkataritza erosoago egiteko.
Zubiak eta akueduktuak galtzaden osagarriak ziren eta ugari eraiki ziren, hainbat galtzada eta hirietan. Akueduktuen bitartez hiriaren ur-beharrak asetzen ziren: edateko ura, bainuetxetarako ura, nahiz garbiketak egitekoa.
Akueduktuaren hasiera ura aurkitzen zen lekuan kokatzen da, iturbururen baten edo. Han ur-biltegi bat eraikitzen zen ura biltzeko, biltegitik ura akueduktuko ubidera isurtzen zen eta handik hirirainoko bidea egiten zuen urak. Akueduktua kontu handiz eraiki behar izaten zen, desnibel apur bat behar izaten zuen uraren mugimendua errazteko. Ubidearen euskarria porlanez, harriz edo adreiluz egindako arkuak osatzen zuten. Beharren arabera, arkuek altuera desberdina izaten zuten.
b) Eraikin handiak
Esanguratsuenak hiriko bizitza eta ikuskizunei loturiko eraikinak ziren.
Termak
Edozein hiri garrantzitsuk termak edo bainu publikoak zituen, esklaboek zainduak. Horietan, hiritarrek bainu beroak, saunak, masajeak, etab. hartzeko aukera zuten.
Hainbat espazioak izan ohi zituzten: gimnasia egiteko palestra deitzen zen patioa; caldarium-a, bainu beroa hartzeko igerilekua; frigidarium-a, bainu hotzak hartzeko kanpoko igerilekua; apodyterium-ak edo aldagelak, bankuren batekin eta arropa gordetzeko arasekin; eta laconicum-a edo lurrun-bainua hartzeko espazioa. Termen inguruan tabernae-ak zeuden, janaria eta edaria saltzen zituzten dendatxoak.
Termak eguerdian irekitzen ziren eta iluntzean ixten. Bainua hartzeko emakumeak eta gizonezkoak bereizi egiten ziren, bereizteko tokirik ez bazegoen txandakatu egiten ziren, ordu batzuk gizonezkoak eta beste batzuk emakumezkoak.
Termak harreman sozialak izateko leku aproposak ziren, maiz bilera informalak hantxe bertan egiten zituzten.
Teatroa
Teatroetan, batez ere, tragediak eta komediak antzezten zituzten, baina baita mimoa, pantomima eta antzerki laburrak ere.
Teatro erromatarrak zirkulu-erdi forma du eta honako zatiak bereiz daitezke: aurreko eszenatokia, scenae frons, normalean bi ilara zutabez osatua; haren aurrean proscaenium-a egoten zen, han egiten zen antzerkia; orchestra, zirkulu-erdia forma zuen espazioa eszenaren parean kokatzen zen, han agintariak esertzen ziren eta koroak abesten zuen; adituz, orchestra-ra iristeko pasabideak eta cavea ikusleen eserlekuak. Arkitekto batzuk lurraren aldapa baliatzen zuten cavea egiteko.
Teatro batzuek euria eta eguzkiarengandik ikusleak babesteko toldoak jartzen zituzten.
Teatrora hiritar guztiak joan zitezkeen: gizonak, emakumeak, umeak eta batzuetan baita esklaboak ere. Aktoreak aldiz gizonezkoak izan ohi ziren, eta maskarak eta ileordeak erabiltzen zituzten. Aktore lanbideak oso prestigio gutxi izaten zuen; horregatik, atzerritarrak eta esklaboak kontratatzen zituzten.
Anfiteatroa
Anfiteatroa bi teatro elkartuz egiten zen, gehienetan forma biribila edo obalatua zuen. Borrokak ikusteko aukera izaten zen, ezagunenak gladiadoreen borrokak ziren.
Anfiteatroak honako zatiak izaten zituen: arena, erdiko obaloa, han egiten ziren ikuskizunak, haren azpian sotoak zeuden, gladiadoreak arena-ra atera aurretik itxaroteko lekuak, baita animalien kaiolak eta dekoratuak mugitzen zituzten makinak ere; bestalde, ikusleentzako eserlekuak zeuden, cavea delakoak.
Anfiteatro batzuek euria eta eguzkiarengandik ikusleak babesteko toldoak jartzen zituzten.
Gladiadoreen arteko borrokaz gain, animalien artekoak (hipopotamoak, krokodiloak, elefanteak, tigreak eta hartzak), nahiz gladiadore eta piztien artekoak egiten ziren anfiteatroetan. Gladiadoreak gehienetan gerra presoak, heriotza-zigorra zutenak edota esklaboak izaten ziren. Borrokaldia desfile handi batekin hasten zen eta agintariaren aurrera iristen zirenean gladiadoreek Ave Caesar, morituri te salutant agurra egiten zuten; ondoren borrokan hasten ziren. Maiz borrokaldiak gladiadore galtzailearen heriotzarekin bukatzen ziren, galtzailea zaurituta geratzen bazen, ikusleek bizitza barkatzea eska zezaketen. Azken erabakia agintariaren esku zegoen
Erromako anfiteatroak, koliseoak (Coliseum), 50.000 ikuslerentzako tokia zuen.
Zirkua
Erromako ikuskizunik ospetsuenak eta gustukoenak zirkuan izaten ziren. Zirkuan, batez ere, zaldi-lasterketak eta gurdi-lasterketak egiten zituzten. Lasterketa horiek bi zaldikoak, hirukoak, laukoak (quadriga zen zabalduena) eta hamarrekoak ere izan zitezkeen. Lasterketak taldeka izan ohi ziren, eta taldeak arropen koloreen arabera bereizten zituzten. Kolore baten alde edo kontra apustu ugari izan ohi zen, eta talde batzuek jarraitzaile elkarteak ere sortu zituzten. Gurdien gidari irabazleak, diru-saria eta erramu-koroa jasotzen zuen.
Arrakasta horren adibidea Erromako Maximo zirkua da, 250.000 ikusle biltzera iritsi baitziren.
Erroma hirien hiria, inperio osoko hiriburua, II. mendean 1.200.000 biztanle izatera iritsi zen. Eraikin handienak han egin ziren, eta bere garaian munduko merkataritzagune handiena izan zen. Probintzia guztietatik iristen ziren produktuak galtzada bidez edo itsasoz.
Erromatar Inperioan zehar, Erromaren ereduari jarraituz, ehunka edo milaka hiri eraiki ziren.
Hiriko gune nagusia foroa zen. Herritarren bilgunea zen eta eraikin publiko nagusiak biltzen ziren: tenplua, basilika, kuria, tribuna, azoka, termak, dendak, tabernak…
Hiriaren beste atal nagusi bat ur-banaketarako sistema zen. Hirira ura garraiatzeko putzuak, zisternak eta iturriak zeuden. Kanpoaldetik hirira ura garraiatzeko akueduktuak egiten zituzten.
Hirien artean komunikazioa errazteko galtzada edo errepideak eraiki ziren.
Sumer (Mesopotamia). Idazkera kuneiformea, horrela deitzen zioten egurrezko ziri batekin idazten zutelako. Zeinuak buztinezko oholtxoetan grabatzen zituzten. Goitik behera idazten zituzten hasieran, gero horizontalean idazten hasi ziren errazagoa zelako. Idazkera kuneiformea piktogramatan oinarritzen da, hau da objektuak irudien bidez irudikatzen dira. Gaur egun ez da erabiltzen.
K. a. 3000 urtea
Egipto. Egiptoarrek hieroglifiko sistema asmatu zuten. Hieroglifikoetan objektuak marrazki bidez irudikatzen zituzten, 800 zeinu inguru ziren. Geroago, zeinuak 24 izatera pasatu ziren. Gaur egun ez da erabiltzen.
K. a. 1750
Kreta. Lineal A idazkera deiturikoa erabili zuten, oraindik ere ez dira iritsi zeinuak guztiz deszifratzera. Zeinuak buztinezko oholtxoetan idazten zituzten, baita papiro edo pergaminoen gainean ere. Gaur egun ez da erabiltzen.
K. a. 1200
Mizenas (Grezia). Lineal B idazkera erabiltzen zuten. Zeinuak silabikoak dira (kontsonantea +bokala). Buztinezko oholtxoetan idazten zuten. Gehienetan zerrendak ziren: zer erosi behar zen, langileen zerrendak eta horrelakoak. Gaur egun ez da erabiltzen.
K.a. 1300
Txina. Piktograma bidez hasi ziren objektuak irudikatzen. Animalien hezur eta maskor gainean idazten zuten. 10.000 karaktere zituzten, nahiz eta erabilienak 3.000 izan. Goitik behera idazten zuten eta eskuinetik ezkerrera. Gaurko txinatar idazkera horren ondorengoa da.
K. a. 950
Fenizia. Lege-testuak eta diru-kontuak jasotzeko alfabetoa asmatu zuten, ahoskatutakoa zeinu bihurtuz. 22 zeinu ziren. Eskuinetik ezkerrera ezten batekin idazten zen. Feniziarrek Mediterraneo itsasoan zehar zabaldu zuten. Hainbat herrialdetan, Grezian eta Erroman adibidez, haren bertsioak egin ziren. Gaur egun ez da erabiltzen.
K.a. VII
Erroma. Greziar alfabetoan oinarritutako alfabeto latindarra sortu zuten, guk gaur erabiltzen dugun bera. 23 karaktere edo letra zituen hasieran.
K.o. IV.-V
Arabiar alfabetoa. Ez dute ia bokalik erabiltzen. Eskuinetik ezkerrera idazten da eta 28 letra ditu. Ez du letra larririk. Feniziarren alfabetoa izan zuen oinarri. Gaur egun ere erabiltzen da.
K.a. I
Alfabeto latindarra. Ezkerretik eskuinera idazten da eta 28 letra ditu. Euskaraz idatzitako lehenengo hitzak alfabeto latindarrean daude idatzita, Akitaniako eta Pirinio inguruetan aurkitutako erromatarren garaiko hilarrietakoak dira. Harri gainean zizelkatuta daude.
Erromanizazioa gure artean k.a. II. Mendetik k.o. V. mendera arte eman zen, eta garai horretan hainbat erromatar ohitura gure artean zabaldu ziren.
Hizkuntza
Latina batez ere erromatar Inperioak hedatu zuen. Latina hizkuntza ofizial bakarra zen eta administrazioarekin harremanetarako ezinbestekoa. I. mendetik aurrerako inskripzio guztiak latinez agertzen dira eta pixkanaka alfabeto latinoa lurralde guztian zehar zabaldu zen.
Euskara eta latina elkarrekin bizi izan ziren mende askotan, eta horrek ondorioak ekarri zituen. Batetik, latina goi mailakoen eta Elizaren hizkuntza bihurtu zen , boteretsuen ezaugarri bihurtu baitzen. Bereziki Ebro arroan jende askoren artean zabaldu zen Bestetik, herritarren artean euskara zen ia hizkuntza bakarra. Dena den ezin dugu ahaztu latinak euskaran oso eragin handia izan zuela, hiztegian batez ere.
Janzkera eta apaindura
Erromatarren jantziak (tunika, estalkiak, togak, sandaliak, legionarioen armadurak…) jende-talde jakin bati zegozkion: hirietan bizi zen biztanleriaren goi mailako jendeari.
Hiriez kanpo, nekazari-guneetan, gehienek bertako janzkera tradizionala mantendu zutela dirudi. Euskal biztanle gehienak, seguru asko, ortozik edo abarken tankerako oinetakoekin ibiliko ziren. Nolanahi ere, erromatar moldeko oinetakoak ere azaldu dira; adibidez Oiasso hirian oinetako baten zola azaldu da.
Garai hartako aztarnetatik ondoriozta daiteke, ehotzea eta jostea ohiko jarduerak zirela. Landare-zuntzetan lihoa, eta animalia-zuntzetan artilea ziren lehengai arruntenak garai hartan. Larruzko jantziak ere erabiltzen zituzten.
Gizonezkoak depilatuta joatea zen erromatarren moda. Arruntena gizon bakoitzak pintza batekin bere gorputza depilatzea zen.
Aztarnategietan brontzezko eta beirazkoapaingarriak (eraztunak, eskumuturrekoak, lepokoak eta kateak) eta zeramikazko edo beira-orezko lepoko aleak topatu dira, baita urrez egindako bitxiak.
Sinismenak
Erromatar Inperioaren toki gehienetan politeismoa (jainko ugari gurtzea ) zen nagusi eta tokian tokiko jendearen sinesmenak, erromatarrentzat arriskutsuak ez ziren neurrian, errespetatu egiten zituzten. Datu horiekin pentsa liteke euskal biztanleriaren gehiengo zabala, bereziki nekazaria eta abeltzaina, betiko sinesmenen jarraitzailea zela, eta erromatar ereduko erlijioa batez ere hirietan, goi-mailakoen artean zabaldu zela.
Erromatarren ikuspegi tradizionalean jainko-jainkosek zeru-lurrak gobernatzen zituzten.
Artea: Arkitektura
Hiri nagusietan oso garrantzitsu bihurtu ziren eraikin publikoak: foroak, teatroak, zirkuak, termak… Horrelako eraikinek probintzietako biztanleei Erromaren handitasuna eta edertasuna erakusten zizkieten. Horren adibide ditugu euskal lurraldeetan topatutako bai monumentu handiak (Lodosako akueduktua, Oiassoko termak, Andeloseko ur-biltegia) eta baita hainbat mosaiko, pintura, terma, etab. ere.
Hileta-errituak
Hileta erriturik ohikoena errausketa zen, bai bertako jendearen artean, baita erromatarren artean ere. Hildakoak erretzeko ohitura erromatarrak iritsi aurretik zegoen errotuta. Gorpua sutan kiskaltzen zen lehenik eta ondoren errautsak kontu handiz bildu eta zenbait objekturekin batera lurperatu egiten ziren toki berezi batean.
Bertakoen eta erromatarren errituen artean baziren desberdintasun batzuk. Euskaldunen ohitura errautsak harrespila (edo tumulu) batean ehorztea zen. Erromatarrek berriz nekropolietan (hilerrietan) biltzen zituzten. Hildakoaren errautsak buztinezko errauts-ontzi batean sartzen zituzten eta ontzi hori lurperatu egiten zuten.
Errauts-ontziaren aldamenean edo barruan zenbait objektu sartzen ziren: beirazko ukendu-ontzitxoak, txanponak, gezi-puntak, metalezko apaindurak, kolorezko beira-bolatxoak, etab. Aberatsek beren errauts-ontziaren aldamenean hilarri landu bat jar zezaketen.
Erromatarrak menderatu zituzten lurraldeetatik ahalik eta etekinik handiena ateratzen saiatu ziren, baita euskal lurraldeetan ere. Horretarako, konkistatutako lurraldeak berrantolatu egin zituzten, bakoitzak eman zezakeen onuraren arabera.
Jarduerak
Nekazaritzarako egokiak ziren lurraldeetan, lanak egiteko moduak erabat aldatu zituzten. Berrikuntza nagusien artean ureztatze-lanak, goldea, ongarrien erabilera etalursailen hirurteko txandatze-sistema aipatu behar dira. Horrek guztiak aldaketa handia ekarri zuen; izan ere, lehen aldiz uzta handiak lortzen hasi ziren; beraz, soberan zutena saldu eta irabaziak lortzeko aukera izan zuten. Euskal lurraldeetan, batez ere Ebro eskualdean garatu zen egoera hori.
Produktu berri ugari ekarri zituzten erromatarrek: garia, olioa, mahatsa…, fruta-arbolak ere sartu zituzten, besteak beste, gerezia eta pikua. Edarietan garagardoa, ardoa eta sagardoa egiteko teknikak ere ekarri zituzten. Ehunak egiteko zenbait landare (kalamua eta lihoa bereziki) erromatarrei sor dizkiegu.
Zenbait lekutan, meatzaritza landu zuten, urrea, beruna, eztainua, kobrea, burdina eta merkurioa lortzeko. Arditurritik (Aiako Harria) adibidez, zilarra, kobrea eta burdina atera zituzten. Oiassoko (Irun) portutik bideratzen zuten mearen garraioa.
Elikagaien transformazioari lotutako jarduerak aipa daitezke azkenik. Erribera aldean olioa egiteko prentsak aurkitu dira. Ardoa ere toki askotan egiten zen. Bai ardoa eta bai olioa anforetan garraiatzen zen.
Tresna berriak
Jarduera berriekin lotuta hainbat tresna berri ekarri zituzten erromatarrek. Nekazaritzan golde erromatarra erabiltzen hasi ziren, goldeak lurra errazago biratzea ahalbidetu zuen, horrela, uzta handiagoak eta hobeak lortuz.
Ureztatze-sistemari dagokionez, ubideak dira aipagarrienak, haien bitartez ura noranahi eraman zezaketen: soroetara, landareak ureztatzeko, nahiz etxeetara, etxeko ur beharrak asetzeko.
Erromatarrek ekarritako tresna eta teknika berriei esker arrantza- jarduerek ere loraldia izan zuten. Arraina kontserbatzeko lantegiak sortu ziren; horrez gain beste ekoizpen berezi bati ekin zioten: arrainetatik ateratzen zuten saltsa bat, garum izenekoa, erromatar munduan oso preziatua. Anfora ontzietan garraiatzen zuten. Horrelako lantegien aztarnak aurkitu dira Getarian (Lapurdi).
Erromatarrek artisautzaere indartu zuten. Horren eredu terra sigillata motako zeramika ekoizten zuten tailer txikia aurkitu da Pompaelo-n (Iruñea). Era berean, zenbait eskulangintza-tailer egon ziren garai hartan, bereziki hiri inguruetan: arotzak, harginak, teilaginak, beiragileak, oihalgileak, larrugileak, jostunak, etab.
Elikadura
Garai hartan euskal lurraldeetako biztanle gehienen elikadura etxean bertan ekoitzitako edo bildutako produktuetan oinarritzen zen: etxean hazi eta etxean jan. Dietaren parterik handiena, landare jatorrikoa zen, haragia eta arraina eskasak ziren.
Garia, garagarra, artatxikia, oloa, baba, ilarra, mahatsa eta beste landare batzuk aspalditik ziren ezagunak euskal lurraldeetan. Gariak garrantzia berezia zuen lurralde osoan, ogia egiteko lehengaia baitzen, barku formako eskuzko errotak erabiltzen zituzten gari-alea eho eta irina lortzeko.
Zereal eta barazki horiei erromatarrek ekarri zituztenak erantsi zitzaizkien: aza, tipula, baratxuria, porrua, dilistak…
Bildutako fruituak eta landareak osagarri gisa maiz jaten zituzten. Horrela, basoan edo etxe inguruko fruta-arboletan sagarrak, hurrak, intxaurrak,masustak,basaranak eta ezkurrak biltzen ziren jateko, gaztainak ere bai, seguru asko.
Aipaturiko fruituei erromatarrek ekarritakoak erantsi behar dizkiegu: olibak, gereziak, pikuak, almendrak, pinoiak, aranak eta melokotoiak. Horien guztien arrastoak aurkitu dira aztarnategietan. Garaiko dietan abelazkuntzak ere bazuen garrantzirik. Abere motarik ohikoenak behiak, ardiak, ahuntzak, txerriak eta oiloak ziren. Abere horietatik, esnea, gantza , arrautzak eta haragia lortzen zituzten.
Edaritan ardoa zen estimatuena, Estrabon historialariak aipatzen zuen menditarrek garagardo moduko bat ere egiten zutela.
Jakien prestaketa
Janari prestatzeko nagusiki metalezko eltzeak edo pertzak, lapikokoak egosteko balio zutenak, bai kobrezkoak eta bai burdinazkoak erabiltzen zituzten.
Merkataritza
Erromatarren garaian euskal lurraldeak, galtzada eta itsas bideen bidez, Erromako merkataritza-sarean sartu ziren. Merkataritza ahalbidetzeko neurri eta txanponak sortu eta hedatu zituzten.
Garai hartan euskal lurraldeek Ebro ibarrarekin eta Galia (gaur egungo Frantzia) hegoaldearekin izan zituzten merkatal-harreman handienak, nahiz urrunagoko produktuak ere iristen ziren aldika. Horren erakusgarri da terra sigillata zeramika, Galiatik, Italia edo Afrika iparraldetik ekarritakoak aurkitu dira. Beirazko zenbait ontzi ere, adibidez Veleian aurkitu direnak, urrutikoak zirela dirudi.
Ildo berean, elikagaiaren parte handiena norbere ingurukoa izan arren, kanpotik ekarritako jaki eta edari batzuk lortzea ere nahiko arrunta zela dirudi.
Diruaren erabilera, Metal Arotik ezagutzen bazen ere, erromatarren garaian merkataritza-jarduerarekin batera hedatu zen. Batez ere hirietan erabiltzen zen, nekazaritza-eremuetan gutxiago erabiltzen zen. Zergak ere ezarri zituzten erromatarrek.
Produktuak garraiatzeko eta lurraldea kontrolatzeko galtzadak (gaur egungo autopistekin konparatu daitezkeen bideak) eta ibaiak zeharkatzeko zubiak eraiki zituzten. Ardoa, olioa eta garum-a garraiatzeko anforak erabiltzen zituzten. Anforak elikagaiak itsasontzietan garraiatzeko forma egokia zuten, behetik estua itsasontziaren hondora ondo egokitzeko.
Merkataritzaren mesedetan ezarri ziren pisu eta neurriak ere. Esate baterako, distantziak miliatan (mila pauso) neurtzen zituzten eta galtzadetan distantziei buruzko informazioa milia-harrietan (miliario izenekoa) jartzen zuten.
Denbora neurtzeko unitateak ere ezarri zituzten, hala nola Juliar egutegia (Julio Zesarrek proposatutakoa), urteari 365 eguneko iraupena ezarri eta guk ezagutzen ditugun hamabi hilabetetan banatu zuen: Ianuarius, Februarius, Martius, Aprilis, Maius, Iunius, Iulius, Augustus, September, October, November eta December.
Klima polarra zirkulu polarren barnean eta poloetatik hurbil dauden lurraldeetakoa da; hau da, Antartikako eta ipar-polo ingurukoa.
Horixe da gizakiarentzat eta ia gainerako bizidun guztientzat lurrazalean aurki daitekeen klimarik gogorrena.
Batez-besteko tenperaturak oso hotzak izaten dira, 0°C azpitik beti, oso azpitik gainera, askotan, negu luzeetan bereziki. Udan nekez iristen da 0 °C-ra. Horregatik, tenperatura-bitarteanahiko handia izaten da, 20 °C-tik gorakoa gehienetan. Kontuan izan, poloetan sei hilabetez izaten dela negua. Inoiz jaso den lurraren tenperaturarik hotzena klima polarrean izan da: –89,5 °C.
Klima polarreko prezipitazio kopuruaoso aldakorra eta txikia da: normalean, 300 mm/urteko baino gutxiago. Prezipitazio-banaketairregularra izaten da gehienetan. Batez ere udan egiten du euria edo elurra. Baina euri askorik egiten ez badu ere, tenperatura hotzek hezetasuna gordetzen dute, eta izotza pilatu egiten da, izotz-geruza handiak sortuz.
Landaredia oso urria izaten da (goroldioak, likenak) eta, hotzagatik babesteko, oso altuera gutxikoa. Poloetatik urruntzen garen neurrian, hotza ez da hain handia, eta udak zertxobait epelagoak dira: tundra bioma agertzen da. Tundra, batik bat, zuhaitz txikiz, zuhaixkaz, goroldioz eta likenez osatua dago. Tundrako lurra (zorua) izoztuta egon ohi da urteko hilabete askotan. Izotz hori urtzen denean ere, lurzoruko sakonera txiki batean besterik ez da gertatzen, eta zoruaren gainerako guztiak izozturik jarraitzen du. Lur izoztu horri permafrost esaten zaio.
Ingurune polarrean animalia espezie gutxi bizi da, baina kide ugarikoak: itsas-hegaztiak eta ugaztunak (zetazeoak eta fokaren familiakoak bereziki). Itsas azpiko fauna, ordea, desberdintasun handikoa bezain aberatsa da: krustazeoak (krill), arrainak…
Klimak berak ezartzen dituen baldintza gogorrak direla eta, gizakiaren eragina txikia da, oro har. Baina petrolio-ustiatzeak asko ugaritu dira azken urteotan, horrek bioma horrentzat duen arriskuarekin.