Erdi Aroko etxebizitzak oholezko txabolak ziren, baina ez ziren enborrekin egiten, habeekin egindakoa zuten barneko egitura eta kanpoko lau paretak goitik beherako oholekin jarriak. Erdi Aroko txabolak gaur egungo baserriak baino askoz txikiagoak ziren, baina bazegoen tokia animalientzat eta lastoa pilatzeko, eta baita familia bizitzeko ere. Hala ere, dolarea, bihitegiak, txerritegia eta borda etxebizitzatik bereizita zeuden.
Euskal lurraldeetako lehen baserriak XV. mendean hasi ziren eraikitzen, bi berrikuntza nagusi gauzatu ziren. Alde batetik, karez eta harriz eraikitzen ziren. Eta bestetik, lehen aipatutako elementu guztiak (pertsonen bizilekuak, animalien tokiak, dolareak…) eraikin berean batzen ziren. Baserri mota asko dauden arren, nagusiki bi solairu dituzte: behekoa, familiarentzat eta etxe-abereentzat eta goikoa, uzta pilatzeko.
Harrizko hormekin egindako etxeak XVI. mendearen lehen erdialdean zabaldu ziren. Orduan landetan zabaldu zen segurtasun eta oparotasun giroak eta Errege Katolikoen erregetzaren ondoren, bai Ameriketan eta bai Andaluzian, aberasteko aukera berriek, nekazariak lasaiago bizitzeko eta etorkizunerako plan baikorrak egiteko aukera eskaini zieten. Ez zegoen nobleen erasoaldi edo lapurreten arriskurik, eta nekazari-familien bihotzetan ordura arte bizitu ziren txabola zaharkituak alde batera utzi eta etxebizitza duin eta iraunkor batean bizitzeko nahia nagusitu zen. Baserri pila bat egin ziren bat-batean, harriz eta egurrez gehienetan, bi materialak ezin hobeto nahasten zituzten teknikak erabiliz.
XVI. mendean gauzatu zen baserrien garapen nagusia. Lurraren jabetza modu onargarrian zegoen banatuta eta nekazariek lanaren fruituak ekonomia-giro hedakor eta baikorrean goza zitzaketen. Egia da klima, lur mota eta lurraldeko orografia zaila ez zirela oso egokiak laboreak landatzeko, baina familiaren ahalegin etengabeak lortzen zion lurrari bizitzeko adina janari kentzea. Sagardoa, gaztaina, haragia, behi adarrak eta larrua saltzeak gutxieneko sarrerak osatzea ahalbidetzen zuen eta inguruko herrietako merkatuak Nafarroako eta Gaztelako gariaz ondo horniturik zeuden, lurraldeko berezko defizita osatzeko.