Metodo sismikoa

Geosferaren konposizioa edo egitura ezagutu nahi baditugu, Lurra 6.370 km-ko erradioa duen esfera denez, ez da batere eraginkorra, horretarako, metodo zuzena baliatzea; hau da, geosfera zulatzea, zeren eta gizakiak, gehienez ere, 10 km-ko sakonerako zuloak egitea lortu baitu bakarrik. Ezinbestekoa da, beraz, zeharkako metodoak erabiltzea, Lurraren egitura aztertzeko. Horien artean, metodo sismikoa da erabiliena: uhin sismikoak Lurraren barnean nola hedatzen diren ikertuz, barne-egitura nolakoa den ondoriozta daiteke.

Lurraren barne-oreka etetean, hau da, lurrikarak gertatzean edo leherketa kontrolatuak egitean, uhin sismikoak sortzen dira. Askatutako energia hori P uhin, S uhin eta L uhin gisa hedatzen da. Harrien ezaugarriak nolakoak, uhinek ere modu bat edo besteko portaera dute eta ez da berdina izaten planetaren zona bat edo besteko sismografoetara iristen den informazioa.

Informazioa aztertzerakoan aplikatutako irizpideen arabera, bi eredu nagusi jarraitzen dira: materialen osaeran oinarrituta, eredu estatikoa; eta materialen portaera mekanikoan oinarrituta, eredu dinamikoa.

Orogenia mugimenduak

Mendian fosil-bila ibiliz gero, maiz gerta ohi da itsas animalienak aurkitzea; hala gertatzen da, adibidez, Urbasan eta Aralarren. Era berean, errepide batetik goazenean, sarri ikus ditzakegu alboetako paretetako harri-geruzak paperezkoak balira bezala tolestuak. Adibide bi horietatik ondoriozta daiteke gaur egun mendiak diren lurralde batzuk noizbait itsaspean egon zirela eta harri-geruzek indar handiak jasan dituztela, modu horretan tolestuta geratzeko.

Orogenia-mugimenduak argitzen ditu gertaera horiek. Bi plaka litosferikoren arteko talka gertatzen den lekuan oso indar handiak sortzen dira: plakaren ertzean barrena hedatzen dira eta milioika urtetan luzatzen dira. Horren ondorioz, harrien geruzak tolestu egiten dira eta, denboraren poderioz, altxatuz joaten dira. Batzuetan, hain da handia jasaten duten presioa, harrien geruzak, tolestu ordez, apurtu egiten baitira eta, failak sortzen.

Lurraren historian orogenia-mugimendu gehiago ere izan dira, baina orain eta hemen gure inguruko bi mugimenduren ondorioak ikustera mugatuko gara. Zaharrena orain dela 300 milioi urte hasi zen: hertziniar orogenia da; orduan sortu zen Iberiar penintsulako Erdialdeko Mendigunea.Orogenia berriena, berriz, orain 60 milioi urte hasi zen: alpetar orogenia, alegia; une hartan sortu ziren bai Pirinioak eta bai Euskal Herriko uren banalerro osoa ere.

Lurrikarak

Lurrikarak lurrazalaren bat-bateko mugimendu bortitzak dira. Kontinenteen jitoaren teoriak dioenez, plaka litosferikoak mugitzen ari dira etengabe, eta bi plakaren arteko elkarrekintza-zonetan sekulako tentsioak sorrarazten dituzte. Zenbaitetan, tentsio horiek plakak apurtzen dituzte eta askatzen den energia hori da lurrikara eragiten duena. Energia hori uhinen antzera hedatzen da, eta hiru motatako uhinak sortzen dira: P uhinak, L uhinak eta S uhinak.

Lurrikara handi bat gertatu ondoren, plakek berriz ere oreka-puntu batera iritsi behar izaten dute; ondorengo egunetan, horregatik, erreplika ugari gertatzen dira lurrikara gertatu den zonaldean.

Lurrikara hipozentroan sortzen da, hau da, lur barnean dagoen puntu batean. Lurrazalean hipozentrotik gertuen dagoen puntua, berriz, epizentroa da.

Epizentroa itsas azpian badago, tsunamia eratzeko arriskua egoten da, lurrikarek baino are kalte handiagoak sor ditzaketenak.

Lurrikara bakoitzean, energia-kopuru jakin bat askatzen da eta eragiten dituen kalteak ere ez dira beti berdinak izaten. Horregatik, lurrikara-eskala erabiliz, lurrikararen magnitudea kalkulatzen da.

Hipozentroaren sakonerak eragin zuzena du lurrikarak sortutako kaltean: zenbat eta txikiagoa den sakonera, orduan eta kaltegarriagoa izaten da lurrikara.

Plaken ertz konbergenteak eta pasiboak dira jarduera sismiko handiena duten zonak: Ozeano Pazifikoko kostalde guztia, adibidez. Han argi ikusten da lurrikarak sortutako kaltea, bere indarraren araberakoa ez ezik, lurraldearen egoera ekonomikoaren araberakoa izan ohi dela. Magnitude bereko lurrikarek, adibidez, oso bestelako kalteak sortzen dituzte Japonian edo Filipinetan.

Sumendien sorrera

Antzina uste zuten sumendiak jainkoen haserrealdien ondorioz sortzen zirela; XX. mendean, sumendien dinamika azaltzen duen hainbat teoria plazaratu zituen zientziak.

Gaur egun badakigu litosferaren azpian, hango tenperatura eta presio altuagatik, harri urtua dagoela: magma. Dentsitatea litosferarena baino txikiagoa duenez, magmak, bideren bat topatuz gero, goranzko bidea hartzen du eta, lurrazalera irtetean, sumendi bat sortzen du. Sumendiek hiru osagai nagusi dituzte: tximinia, hau da, barruko gasak nahiz laba kanporatzeko bidea; konoa, hau da, erupzioetan sumendiak botatako materialek tximiniaren inguruan eratzen duten kono-formako egitura; eta kraterra, hots, konoaren gainaldean dagoen irteera-zuloa edo sumendiaren ahoa.

Sumendi guztiek ez dute erupzio-mota bera izaten; batzuk besteak baino leherkorragoak dira: zenbat eta likidoagoa den laba, orduan eta errazago isurtzen da eta leherketa txikiagoak eragiten ditu.

Sumendiak planetako zonalde zehatz batzuetan kokatzen dira; leku horiek ertz konbergenteen, ertz dibergenteen eta puntu beroen ingurukoak dira. Euskal Herria inguru horietatik urrun dagoenez, ez dago sumendirik.

Aiako Harria da, Euskal Herrian, bulkanismoarekin zerikusia duen mendia; izan ere, nahiz eta sumendia ez izan, berez intrusio magmatiko bat da: Paleozoikoan magmak gorako bidea egin zuen arren, ez zen azaleratzera iritsi eta lur barnean hoztu zen eta gaur egun ezagutzen dugun granitozko mendia sortu zen.

Bulkanismoarekin lotura duen beste gertaera ikusgarri bat geyserrek sortutakoa da.

Delta

Emari handiko ibaiak itsasoratzean, triangelu itxura osatuz, sortzen diren lurraldeak dira.

Delta bat sortzeko, hainbat baldintza bete behar dira:

  • Ibaiak sedimentu ugari itsasoratu behar ditu.
  • Itsas hondoak malda txikia izan behar du, jalkinak metatuz joan daitezen.
  • Ibaia itsasoratzen den inguruan, itsasoak indar gutxikoa izan behar du, batetik, eta itsaslasterrik gabea, bestetik, ur-korronteek higakinak eraman ez ditzaten.

Delta sortzen den inguruan, kontinentea, ibaiak dakartzan sedimentuei esker, lekua irabaziz joaten da itsasoari; ibaia bera ere, deltan zehar, hainbat kanaletan banatzen da. Deltak oso lurralde egokiak dira nekazaritzako, ibaiak etengabe ongarritzen baitu lurra.

Belaguako bailara

Euskal Herriko ekialdean kokaturiko bailara da. Bailararen hegoaldeko sarrera Izabaren barrenean dago; iparraldean Zuberoarekin muga egiten duten mendiak daude: Larra-Belaguakoak, alegia. Inguru honetan, bi berezitasun geologiko dauzkagu: batetik, jatorri glaziarreko bailara da eta, bestetik, bertan dago Euskal Herriko inguru karstiko garrantzitsuenetako bat.

Paisaia karstikoa

Kareharria nagusi den zonaldeetan sortzen den paisaia da. Kareharria, nagusiki, kaltzio karbonatoz (CaCO3) osatutako harria da eta, ur azidoarekin kontaktuan jartzean, urak disolbatu egiten du kaltzio karbonatoa. Prozesu horrek urte asko behar baditu ere, ikuspegi geologikotik begiratuta, aski azkarra da.

Kareharriz osatutako mendiak zuloz beteta daude kanpoaldetik eta barrualdetik. Urak bere ubidea bertikalean higatzen duenean kareharrian, pareta bertikaleko arroilak sortzen ditu: Arbaiun eta Irunberrikoa, esaterako, Nafarroan; edota Kakueta eta Holtzartekoak, Zuberoan.

Ura iragaziz doan zonetan, berriz, urak harria disolbatzen du eta leizeak sortzen dira. Denbora igarotzeaz bat, leize batzuen sabaia erori egiten da eta dolinak sortzen. Dolinak forma zirkularreko zuloak izaten dira. Horietako batzuk elkartzean, ubalak sortzen dira. Sortu den zuloaren tamainak bailara oso bat hartzen duenean, polje izena ematen zaio.

Kareharria nagusi den inguruetako lur azpian leize ugari izaten dira; bertan, sedimentazio-prozesu ikusgarri baten ondorioz, estalaktitak eta estalagmitak sortzen dira. Gertakaria are ikusgarriagoa egiten da biak elkartu eta zutabe bat eratzen dutenean.

Lurpeko urak eta higadura

Euria egiten duen bakoitzean, uraren zati bat lur gainetik joaten da eta beste zati bat lurpean sartzen da, beti ere baldin eta lurzoruaren gaineko geruza iragazkorra bada edo harri-geruzan pitzadurak badaude.

Ur horiek geruza iragazgaitz batekin topo egitean, pilatu egiten dira; sorrera ematen diote, horrela, akuifero bati edo lurpeko ibai bati. Lurpeko urek, kanpoko urek bezala, higatzeko gaitasuna dutenez, lur-barnea zulatzen dute eta leizeak sortzen.

Lurpeko ibai horiek lurrazalera irteten diren lekuetan, iturri naturalak sortzen dira. Beste batzuetan, berriz, lurpeko urak akuiferotan biltzen dira eta ur gezako erreserba garrantzitsuak osatzen dituzte.

Gizakiak behar duen ur geza eskuratzeko, akuifero horiek ustiatzen ditu, bertarainoko putzuak eginez. Ustiaketa hori, ordea, askotan, arazo bihurtzen da, ez delako batere erraza akuiferoak kudeatzea: batetik, gehiegi ustiatzeko arriskua dagoelako eta, bestetik, oso sentikorrak direlako kutsadurarekiko eta, behin kutsatuz gero, oso zaila delako akuiferoak araztea.

Lurpeko urak eman daitezen, kareharria da materialik egokienetakoa, kareharri-geruzen pitzaduretatik ur ugari iragazteko aukera eskaintzen duelako.

Euskal Herrian kareharri ugari dagoenez, lurpeko ur asko dago; era berean, hainbat paisaia karstikoa ere sortu dira: Larra-Belagua, Aralar, Itxina…

Haizea eta higadura

Haizeak, berez, ez du higatzeko gaitasun handirik: harat-honat doala garraiatzen dituen partikulak dira haizearen higatzeko gaitasun apal hori izugarri handitzen dutenak. Haizeak eragina du babesik gabeko zonetan; hau da, landaretza urriko lautadak eta kostaldeak izaten dira, gehienbat, haizearen eraginpeko zonalde aipagarrienak.

Landaretza urriko lautadetan, basamortuak dira haizeak gehien jotzen dituen zonak. Haizeak oso erraz garraiatzen du hango harea eta, oztoporen bat aurkitzen duenean, harea sedimentatzen hasten da eta dunak sortzen ditu. Oro har, haizeak jotzen duen aldetik dunak malda txikikoak izaten dira, baina, goialdea harrapatu bezain laster, malda handiko zona hasten da.

Kostaldean ere haizeak erliebea aldatu egiten du eta hondartzetan dunak sorrarazten ditu. Asfaltoak hartu badu ere, hondartza gehienetan, dunen lekua, azken urteetan Euskal Herriko zenbait lekutan (Zarautz, Laida…) dunak berreskuratzeko neurriak hartzen hasi dira.

Ibaia eta higadura

Euri-urak bilduz doazen neurrian, ibaia sortzen dute. Ibaiak egiten duen ibilbidean hiru zati bereizten dira: goiko ibilgua, erdikoa eta behekoa. Ibaiaren zati bakoitzean beren beregizko prozesu jakinak nagusitzen dira.

Goiko ibilgua: Ibaien hasierako zatia da. Sorburua, gehienetan, mendietan izaten denez, ibaiak aldapa handia jaitsi behar du eta urak, ibilgu honetan, energia handia izaten du. Higadura mekanikoa da tarte honetan nagusitzen den prozesua; higadura hau, gainera, ubidearen hondoan egiten denez, gehienbat bertikalki, V itxurako bailara estuak sortzen dira. Zenbat higatu ubidea, bailara estuagoak edo zabalagoak sortuko dira, alboetako pareten materialak erakus lezakeen gogortasunaren arabera. Goi-ibilguko erliebe ikusgarrienak arroilak eta ur-jauziak dira.

Erdiko ibilgua: Ibaiaren malda txikituz doan neurrian, ura abiadura galduz joaten da eta, horrekin batera, higatzeko gaitasuna ere murriztu egiten da. Zati honetan higakinen garraioa da nagusitzen den prozesua. Garraiatzean, sedimentuek harrien kontra jotzen dutenez etengabe, higakinak biribildu egiten dira eta forma biribileko errekarriak sortzen dira. Erdiko ibilguan bailarak gero eta zabalagoak izaten dira eta higakinak sedimentatzen hasten dira; hemen sortzen dira lehen meandroak ere.

Beheko ibilgua: Ibaiak, itsasora hurreratzean, abiadura galtzen du, jaisten duen aldaparen malda are eta txikiagoa izaten delako. Sedimentazioa da tarte honetako prozesua nagusia. Sedimentu horiek direla bide, ibai ertzetan nekazaritzarako ezin hobeak diren lautadak agertzen dira, uholdeak sortzen diren bakoitzean sedimentu berriz elikatzen direnak. Tarte honetan ikusten diren egitura ohikoenak meandroak eta alubioi-terrazak dira; edota, ibaia itsasoratzerakoan, deltak eta estuarioak.