Itsasoa eta higadura

Itsasoa da kostaldeko erliebea aldatzen duen eragile garrantzitsuena. Honek ere, gainerako kanpo-eragileen antzera, materiala higatu, garraiatu eta sedimentatu egiten du. Itsasoak erliebearen aldaketan duen eragina nolakoa den ulertzeko, kontuan hartu behar da ozeanoak direla planetako ur-masa handiena eta, horrez gain, etengabe mugitzen ari direla, Eguzkiaren eta Ilargiaren erakarpen-indarren eraginez.

Itsasoaren mugimendu horien artean, hiru aipatuko ditugu hemen: olatuak, mareak eta itsaslasterrak.

Olatuak

Olatuak haizeak eragindako uraren gainazaleko mugimenduak dira eta etengabe iristen dira kostaldera. Olatuek labarrarekin talka egitean eragiten dute higadura; baina ez da ura eragile bakarra: honekin batera, urak garraiatzen dituen solidoek ere eragiten dute. Hori dela-eta, itsaslabarrak gero eta atzerago doaz; eta ingurukoa baino material gogorragoren bat agertzen den guneetan, lurmuturra sortzen da.

Lurmuturrak, denborak aurrera egin ahala, kostaldeko uharte bihurtzen dira.

Olatuek, labar batekin topo egin ordez, itsasertz lauak topatzen badituzte, hango materialak sedimentatu egiten ditu eta askotan hondartzak sortzen dira.

Mareak

Mareak itsasoko uren goraldiak eta beheraldiak dira. Klima-zona epeletan, sei ordutik sei ordura gertatzen dira gutxi gorabehera itsasgoraren eta itsasbeheraren arteko aldaketak. Mareen eragina sedimentuen garraioan nabarmentzen da.

Itsaslasterrak

Itsaslasterrak itsasoko uren mugimenduak dira. Ezagunenetakoa Golkoko korrontea da, Karibe itsasotik Europara iristen dena. Bizkaiko golkoan ere mendebaldetik ekialderako ur-lasterra da nagusi. Horrek eraginda, Euskal Herriko kostatik desagertzen den hondarra Landetako hondartzetan sedimentatzen da, eta kilometrotako luzera duten hondartzak sorrarazten ditu.

Glaziarrak eta higadura

Glaziarrak urte osoa urtu gabe irauten duten eta mugitzen ari diren izotz-ibaien gisakoak dira. Nahiz eta urtean zentimetro edo metro gutxi batzuk mugitu, higatzeko gaitasun handia dute, mugitzen dena izotz-masa handia delako.

Bi motatako glaziarrak daude. Ezagunenak mendiko glaziarrak dira, baina Antartikako eta Groenlandiako lautadetan ere sortzen dira lautadetako glaziarrak.

Mendiko glaziarren sorreran, zirkua dugu oinarri; izotza pilatzen den lekua da zirkua, eta forma zirkularreko bailara-modukoa izaten da; izotzak zirkutik gainezka egiten duenean, maldan behera mugitzen hasten da astiro-astiro; horrela, sortzen da izotz-mihia. Mugitzen ari den izotz horrek higatu egiten du glaziarraren azpialdeko materiala eta, denbora joan ahala, U itxurako bailara zabalak sortzen ditu.

Glaziarrak mihiaren aurrean eramaten du, arrastaka, higatutako materialen zati bat; horrek glaziarraren muturreko morrena sortzen du. Alboetan higatutako materialek, berriz, alboko morrenak sortzen dituzte.

Gaur egun, mendi garaien edo poloen inguruan soilik aurki daitezkeen arren, antzina Euskal Herrian ere aurki zitezkeen. Belaguako bailara, adibidez, glaziar batek sortutakoa da. Oro har, planetako glaziar gehienak txikiagotzen ari dira, hego-hemisferioko glaziar batzuk izan ezik.

Ur askeak eta higadura

Lurraren gainetik doan ur kopurua planetako ur guztiaren zati txiki bat besterik ez bada ere, berau da eragile nagusietako bat da erliebea sortzeko garaian, higatzeko eta garraiatzeko duen gaitasun handiagatik.

Landaretza urria den lekuetan edo landaretzarik gabekoetan, urak filtratzeko zailtasun handiagoak izaten ditu, materialaren berezitasunagatik. Halakoetan, uharrak sortzen dira. Uharretan urak abiadura handia hartzen du eta lurzorua (landareek eta haien sustraiek babestu gabea, solte eta estalkirik nahiz babesik gabea) oso erraz higatzen du. Bide horretatik, desertifikazio-prozesua eragiten dute ur askeek.

Horren adibide dira Bardeetako lurrak: hango magalak uharrek sortutako lubakiz edo karkabaz beteta daude. Higatutako material hori magalaren azpiko lautadetan pilatuz joaten da, eta lurzoru aberatsagoa sortzen da han.

Lurzoruaren osagaien artean harri bigunak nagusi diren lurretan, harri gogorren bat egonez gero tartean, higagaitzagoa denez, babestu egiten du azpiko lurra. Horregatik, tximinia-itxurako egitura bereziak sortzen dira, Bardeetako Castel de Tierraren modukoak.

Landaretza dagoen tokietan ura errazago iragazten da: sustraiek lurzoruko lurrari eusten diote eta ez da gertatzen hainbesteko higadurarik.

Kanpo-eragileak

Kanpo-eragileak lurrazalari kanpoaldetik forma ematen dioten elementuak dira; garrantzitsuenak ura eta haizea dira. Kanpo-eragileen ezaugarri nagusia mugimendua da. Urak eta haizeak ere gisa horretako prozesuak abiarazten dituzte lurrazalean aldaketak sorrarazten dituztenean: lehendabizi, higatu edo meteorizatu; ondoren, garraiatu; eta azkenik, sedimentatu.

Higadura eta meteorizazioa

Prozesu hau jatorrizko materiala apurtzean hasten da; apurketa hori bi modutara edo bi bidetatik gerta liteke: higadura edota meteorizazioa.

Higadura eragileren batek jatorrizko harria marruskadura bidez apurtzean gertatzen da. Urak eta haizeak, mugitzean, hainbat materialen kontra talka egin lezakete eta, horretan gertatzen den marruskaduraren ondorioz, apurtu egiten dute materiala.

Meteorizazioa gertatzen denean, aldiz, eragileak ez dira mugitzen, inguruko baldintzak aldatzen dituzte, baizik, eta horien ondorioz apurtzen da harria.

Meteorizazio-prozesu nagusiak tenperatura-aldaketa bortitzengatik eta uraren disolbagarritasunagatik gertatzen dira.

Tenperatura-aldaketa bortitzak gertatzen direnean, bi eratara gerta daiteke meteorizazioa:

·         Harriak jasaten dituen tenperatura-aldeek leherrarazi egiten dute harria (hori basamortuetan gertatzen da gehienbat).

·         Ura harri barruan izozten da, zulo eta arrakaletan, eta uraren bolumena, izoztean, handitu egiten denez, harria zarta dezake.

Uraren disolbagarritasun handiak ere eragiten du meteorizazioa: meteorizazio kimikoa, zehazki. Izan ere, urak material askotarikoak disolbatzen ditu; adibidez, kareharria.

Materialen garraioa eta sedimentazioa

Harria higatu edo meteorizatu ondoren, higakinak garraiatu egiten dira. Garraiatzaile aipagarrienak lehen aipatu ura eta haizea ditugu.

Garraio-materialak pausatzean gertatzen da sedimentazioa, garraiatzaileek (ura eta haizea) energia galdu ahala, materialak sedimentatu egiten baitira.

– Garraiatzailearen energia gero eta txikiagoa denez bidean, sedimentuak pisuaren arabera jalkitzen dira: higakin astunenak dira lehenengo sedimentatzen direnak, eta arinenak dira, berriz, garraiatze horretan urrutien iristen direnak.

Urak, egoera fisikoaren arabera, era bat baino gehiago ditu materialak higatzeko; higa dezake, esaterako, glaziar gisa agertzean, lurrazalean ur aske gisa egonik, ibaien edo itsasoen eraginez, edo lurpeko ur gisa: kasuan kasu, erliebe-mota bat edo beste sortuko du.

Uraz eta haizeaz gain, bizidunak ere kanpo-eragiletzat har daitezke, materialak higatzeko, garraiatzeko eta sedimentatzeko gaitasuna dutelako. Bizidun guztien artean, gizakia bihurtu da eragilerik garrantzitsuena, garatu duen teknologiari esker, erliebeak eta paisaiak aldatzea lortu baitu eraikuntza erraldoiak, komunikabide berriak, etab. eraikitzean.

Meategiak

Mineralak eskuratzeko, gizakiak meategiak eraiki izan ditu. Meategiaz hitz egitean lur-azpian eraikitako zulo edo galeriez oroitzen garen arren, badaude meategi irekiak ere, harrobi deituak.

Euskal Herriko historian garrantzi handia izan dute meategiek. Erromatarrek jada, zilarra ateratzeko, Arditurriko meategien ustiapena hasi zuten Aiako Harriaren inguruan; geroago, burdina, blenda eta fluorita atera izan dira, 1984an meategia itxi zen arte.

Hala ere, Bizkaiko ezkerraldeko Triano mendien inguruko meategiek (Gallartan, Trapagan, Galdamesen…) izan dute eragin handiena Euskal Herriko gizartean eta ingurunean. Meategi horietan burdina ustiatzen zen eta berori izan da Bizkaiko garapen industrialaren motorra. Gaur egun itxita daude meategi guztiak eta paisaian eragindako aldaketak bakarrik geratzen dira:, Zugaztietan (Trapaga), adibidez.

Nafarroan ere ustiatu dira meategi batzuk XX. mendean, potasioz eta magnesioz osatutako mineralak ateratzeko, gehienbat. Nafarroako meategien garrantzi ekonomikoa ez da inoiz garrantzitsua izan eta gaur egun gehienak itxita daude. Eugin dago jardunean ari den meategi bat.

Harrobiak, berriz, oso ohikoak dira Euskal Herriko mendietan; harrobi horietatik eraikuntza-lanetan erabiltzeko arroka ateratzen da, gehienbat. Gaur egun, oraindik, harrobi askotan jarraitzen da lanean  Añorgan, Ziordian, Markinan, Arrigorriagan edo Mañarian, beste askoren artean.

Geosfera

Geosfera Lur planetaren eremu solidoa da, arrokaz osatuta dago eta lurrazaletik planetaren erdiguneraino hedatzen da. Duen lodieragatik ―6.370 km gutxi gorabehera― zeharkako metodoak erabili behar izaten dira, barruko egitura aztertzeko. Metodo sismikoa da, zeharkako metodoen artean, erabiliena: lurrikaren uhinak interpretatuz, Lurraren barne-konposizioari buruzko ondorioen berri jakin daiteke.

Zientzialariak, geosferaren barnealdeko egitura aztertzerakoan, bi irizpidez baliatzen direnez, geosferaren barneko bi eredu daudela esan daiteke: eredu estatikoa eta eredu dinamikoa.

Geruzen azterketa kimikoa egin ondoren, geosferaren honako eredu hau, estatikoa, proposatu dute zientzialariek:

  • Lurrazala:     Lurraren kanpoko geruza solidoa da; ozeano-azpian 6-12 km-ko sakonera du eta kontinente-azpian, 25-70 km-koa.
  • Mantua:     Lurrazalaren azpian dago, eta 2.900 km-ko sakoneraraino hedatzen da; harri urtuak daude mantuan.
  • Nukleoa:    Planetaren erdian dagoen geruza da; 2.900. km-tik 6.378. km-ra hedatzen da; nikela eta burdina dira nukleoaren osagai nagusiak.

Geosferaren eredu dinamikoa, aldiz, materialen portaera mekanikoan oinarritzen da. Alderdi askotan bat dator eredu estatikoarekin; hala ere eredu dinamikoak ondorengo lau geruza hauek bereizten ditu:

  • Litosfera: Kanpoko geruza elastikoa da, eta 75-100 km-ko sakoneraraino iristen da.
  • Astenosfera: Geruza plastikoa da, eta 350 km-ko sakonerara iristen da.
  • Mesosfera: Astenosfera ez den mantuaren gainerako zatia hartzen du geruza honek; 2.900 km-raino iristen da.
  • Endosfera: Barneko geruza da eta eredu estatikoko nukleoa bera da. 

Metalak

Metalak elementu kimikoak dira. Kristal-egitura geometrikoak eratzen dituzte, eta beroaren eta elektrizitatearen eroale onak dira. Distira berezia, metal-distira, izaten dute, leuntzen (pulitzen) direnean batik bat.

Lurrazaleko arroka desberdinetako osagai izaten dira. Prozedura kimiko anitzen bitartez, metala gainontzeko ganga edo hondakinetatik bereiztea lortzen da.

Gogoratuko duzun bezala, arrokak mineral desberdinez osatuak daude. Bestalde, mineral bat elementu bakarrez edo gehiagoz osatua egon daiteke. Urrea, adibidez, egoera puruan dagoen minerala da (elementu bakarrez osatua) eta hematitea konposatu kimiko bat da (elementu bat baino gehiagoz osatua).

Metalak mineraletatik lortzen dira, erauzketarako hainbat prozedura erabili ondoren. Mineraletatik ateratako metalak lortu ondoren, operazio eta tratamendu ugari egiten zaizkie (prentsaketa, ijezketa, ebaketa, zulaketa…), eta horien bidez ematen zaie metalei erabiltzeko behar dituzten ezaugarri egokiak.

Gaur egun metalak eta metalezko tresnak ezinbestekoak egin zaizkigu gizakioi.

Beheko eskema horretan ikus dezakezu laburturik bi metalek (urrea, mineral purua; hematitea, mineral konposatua) gizakiontzat erabilgarri egin aurretik jasaten dituzten eraldaketak.

Mineralen ezaugarriak

Mineralen hiru ezaugarritan jarriko dugu arreta berezia: mineralen gogortasuna, kolorea eta magnetismoa.

Mineralen gogortasuna

Friedrich Mohs izeneko geologo alemaniarrak, 1822. urtean, asmatu zuen mineralak gogortasunaren arabera sailkatzeko era hau. Bertan, 1-etik 10-era doan eskala bat dugu eta zenbaki bakoitzari mineral ezagun bat dagokio, bere gogortasunaren arabera.

Hamar mineralez osatutako eskala hori erabiltzen da mineralen gogortasuna neurtzeko. Edozein mineralen gogortasuna jakin nahi badugu, eskalako mineral horiekin erkatzen edo konparatzen da, eta zeinen artean geratzen den ikusiz jakin genezake zein den mineral horren Mohs gogortasuna. Esate baterako, gogortasuna neurtu nahi diogun minerala topazioa baino gogorragoa bada baina korindoia baino bigunagoa, 8 eta 9 arteko gogortasuna izango du Mohs-en eskalan.

Mineralen kolorea

Mineralen kolorea ere garrantzitsua izan daiteke mineral hori ezagutzeko; adibidez, sufrea horia da, eta berezitasun horrek nabarmentzen du beste hainbat mineraletatik; igeltsua, berriz, zuria edo gorrixka izan daiteke…

Dena dela, mineral beraren koloreaz kanpo, beste zenbait behaketa egitea ere oso baliagarri gerta dakiguke mineral hori zein den ezagutzeko. Esate baterako, edozein mineral txikituz, puskatuz eta birrinduz sortzen den hautsaren koloreak informazio ugari eta minerala ezagutzeko bidea eskaintzen digu. Gauza bera gertatzen da mineral berak, hauts bihurtu gabe, zenbait gairen gainean idazten badu. Horrek ere mineralaren identifikazioa erraztuko digu, segur aski. Erne! Sarri askotan, sortutako hautsa edo egindako marra mineralaren kanpoko kolorearekin ez dator bat.

Mineralen magnetismoa

Ba al zenekien badirela burdina duten gorputzak erakar ditzaketen mineralak? Bada, bai. Halaxe da, eta ezaugarri horri, burdina erakartzeko gaitasunari, deitzen zaio magnetismoa. Mineral gutxi batzuen ezaugarria da magnetismoa, eta horien artean ezagunena magnetita izeneko minerala da. Magnetita erraz ezagutuko duzu, nahikoa izango da txintxeta edo iltze txikiak hurbiltzea…

Mineralen beste propietate batzuk

Aipatutako hiru ezaugarri nagusiez kanpo, mineralek badituzte beste hainbat ere. Kristalak osatzen dituzten mineralen artean, esaterako, garrantzitsua izaten da kristalen kanpoko forma: kuboa, prisma hexagonala… Horrez gain, interesgarria izan ohi da, mineralak sailkatzeko, distira duten ala ez ikustea, nola hausten diren (planoak jarraituz, era irregularrean…) eta beste hainbat ezaugarri aztertzea.

Mineralak

Arroken osagaiak dira mineralak, eta lurrazalaren zati garrantzitsu bat osatzen dute. Mineralek kristal itxura izan dezakete, baina ez beti. Kristalik gabeko mineralak ere badaude.

Lurrazaleko arroak asko hainbat mineralen nahasketa dira. Esate baterako, granitoa (arroka magmatikoa) hiru mineralez osatua dago: kuartzoa, mika eta feldespatoa.

Mineralek garrantzi handia dute gizakiontzat, gauza askotarako erabiltzeaz gain, hainbat gai (metalak horien artean) ateratzen baititugu mineraletatik. Batzuetan, gai horiek (metalak eta) mineraletan era puruan egon daitezke (urrea, kobrea…), baina gehienetan teknika bereziak erabili behar izaten dira mineraletatik ateratzeko.

Edozein mineral ezagutu ahal izateko bere ezaugarriez balia gaitezke: gogortasuna, kolorea, gardentasuna, magnetismoa, etab. Geologoek, aipaturiko ezaugarri horiek ez ezik, beste batzuk ere erabiltzen dituzte. Esate baterako, egitura, esfoliazioa, dentsitatea…

Arroka sedimentarioak

Tenperatura aldaketen, uraren, haizearen, jelaren, gizakiaren edo beste zenbait eragileren ondorioz meteorizatu edo aldatu, xehatu eta txikitu egiten dira mendietako arrokak. Arroka zati hauek maldan behera joan ohi dira, urek garraiaturik, gehienetan. Azkenean, sedimentatu egiten dira, nagusiki itsasoan. Jalkin edo sedimentu horiek pilatuz doaz itsasoaren hondoan, geruzak osatuz, eta gainean dituzten geruzen pisuak beheko sedimentuak trinkotu egiten ditu, eta denborarekin arroka sedimentarioak sortzen dituzte.

Oro har, arroka sedimentarioak hiru taldetan sailkatzen dira sedimentuen osagaien arabera, ondoko taulan ikusten den moduan.

Arroka mota hauek (sedimentarioak) paregabeko paisaiak eratzen dituzte. Horren adibide garbia dugu Zumaiako flysch-a. Zumaiako arroka sedimentario horietan argi eta garbi nabarmentzen dira sedimentazioko geruzak, eta kareharria eta hareharria nola txandakatzen diren geruza horietan.