Klima-aldaketa

Aldaketa klimatikoak deritzaie maila erregionalean edo mundialean ematen diren klimaren historiaren aldaketei. Aldaketa horiek denbora tarte oso desberdinetan gerta daitezke, eta, parametro meteorologiko guztietan eduki dezakete eragina: tenperaturan, presio atmosferikoan, prezipitazioetan, hodeietan… Arrazoiak naturalak edo antropikoak izan daitezke.

Sarritan, ordea, termino hau orainaldiko klima-aldaketak izendatzeko erabiltzen da, berotze globalaren sinonimotzat. Nazio Batuen Klima Aldaketaren Konbentzio Esparruak adibidez, klima-aldaketa darabil, soilik gizakiak sortua den aldaketa adierazteko. Berotze globalaz gain, beste hainbat eragin ere baditu klima-aldaketak, hala nola, euriteetan, eta euren patroietan, hodei-estalduran, eta, atmosferako beste elementuetan.

Dakizuen bezala, Lurreko tenperatura nahiko epela da, berotegi-efektuari esker, baina hori eragiten duten gasen kontzentrazioak asko handitzen ari dira azken urteetan, eta horrek efektu naturala areagotu egin du.

Substantzia organikoak erretzen direnean, karbono dioxidoa (CO2) sortzen da, eta hori atmosferan pila daiteke. Historiaurretik hasita, badirudi atmosferako karbono dioxidoaren kontzentrazioa beti berdintsua izan dela Lurreko atmosferan. Baina, azkeneko mende honetan, kontzentrazio hori nabarmen handitu da. 1900. urtean, atmosferako milioiko 280 zati bakarrik ziren karbono dioxidoa eta gaur egun, berriz, 340 dira.

Berotegi-efektuak eragindako tenperaturaren igoeraren ondorioz, kliman aldaketa handiak gerta daitezke: poloetako izotzak urtu egin daitezke, eta urtutako ur horrek itsasoetako ur-maila igoaraziko luke. Berotze globalaz gain, beste hainbat eragin ere baditu klima-aldaketak, hala nola, euriteetan, eta euren patroietan, leku batzuetan gehiegizko euriteak eraginez, eta beste lurralde batzuk basamortu bihurtuz. Hodei-estalduran eta atmosferako beste elementuetan ere eragin sakonak izan ditzake. Aldaketa horien ondorioak aurrez asma ezinak dira, baina larriak izan daitezke.

Atmosferaren kutsadura gutxiagotzeko premiazko neurriak aplikatuz bakarrik geldi daiteke berotegi-efektu hori, erregai fosilen kontsumoa murriztuz, eta energiaren erabilera arrazionalagoa eginez. Gainera, energia berreskuragarriak garatzea gizakion helburu nagusietako bat izan beharko litzateke.

Diapiroa

Arroka sedimentarioetan, azpian kokatutako material bigunek intrusioak egitean sortzen diren egitura geologikoak dira diapiroak. Material bigun horiek gatzak (NaCl, KCl, CaCl2, CaSO4…) eta buztinak izan ohi dira. Material bigunen gainean geruza berriak metatzean edo orogenia-mugimenduek egindako presioengatik, material bigunak failetan bildu eta haietatik kanporatzen dira eta diapiroa sortzen dute, horrela.

Diapiroek zerikusi handia izan dute jarduera ekonomikoarekin: historikoki diapiroetatik eskuratu dira, izan ere, gatza, igeltsua eta eskaiola bezalako lehengaiak. Gaur egun ere garrantzi handia dute petrolioaren eta gasaren tranpa gisa funtzionatzen dutelako; hau da, egitura hauetan dauden geruza iragazgaitzen azpian gas- eta petrolio-poltsak bildu daitezkeelako.

Zumaiako flysch-a

Euskal Herriko kostaldea itsas azpian egon zen milioika urtez: arro sedimentario bat zen eta han metatzen ziren gaurko gaztelar mesetako lurretan higatzen ziren materialak. Mesozoikoan zehar, bereziki, material gogorrak eta bigunak sedimentatu ziren txandaka.

Geruzaz geruza pilatutako material horiek, orogenia-mugimenduen eraginez, erabat bertikalean jarri ziren zenbait lekutan eta azaleratu, Zumaia inguruan, adibidez. Inguru horietan geruzek duten posizio bertikalari esker, duela 110 milioi urtetik orain 50 milioi urte arteko informazioa erakusten duten liburu ireki baten gisa gelditu dira: arroka-geruza bakoitzak, zehazki, garai bateko informazioa ematen du. Horrez gain, dinosauroen amaiera ekarri omen zuen ustezko meteoritoaren arrastoak ere aurkitu dira Zumaiako Algorriko hondartzan dagoen geruzetako batean. Hain zuzen, geruzak aztertzeko erraztasunak eta Mesozoikoaren amaieran eroritako meteoritoaren arrastoak erakartzen ditu hainbat zientzialari Zumaiako flysch-a ikertzera.

Estratigrafia

Arroka sedimentarioetako geruzen ikerketa eta interpretazioa egiten duen zientzia da estratigrafia. Hiru printzipio nagusitan oinarritzen da:

  1. Estratuen gainjartze arruntaren printzipioa: Sedimentu guztiak jalki ziren moduan antolatzen direnez, azpiko geruza zaharrena da eta gainekoa, berriena.
  2. Jarraitasun biologikoaren printzipioa: Geruza batean fosilak topatuz gero, geruza eta fosilak garai berean sortutakoak dira. Era berean, bi geruzatan fosil berdinak aurkituz gero, bi geruza horiek garai berekoak direla ondorioztatzen da.
  3. Aktualismoa: Eragile berdinek ondorio berdinak sortzen dituzte, iraganean bezala, gaur egun ere.  Harri-geruza batean, adibidez, olatuek gure egunetan hondartzan egiten dituzten arrastoen antzekoak aurkituz gero, geruza hori itsas azpian sortu zela ondorioztatzen da.

Printzipio horietan oinarrituta, harri-geruzetatik ateratako informazioaren bidez, ondoriozta daiteke harria sortu zen ingurua nolakoa zen.

Euskal Herriko kostaldea leku aproposa da estratigrafia aplikatzeko, zenbait eskualdetan geruza sedimentarioak bertikalki kokatu direlako, orogenia-mugimenduen ondorioz, eta, liburu ireki batean bezala, geruza ugari aztertzeko aukera dagoelako; hori dela bide, ikertzaile ugari etorri ohi da Zumaiako flysch-era.

Karbono-14 bidezko datazioa

Karbono-14 C14 isotopoaren erradiazio naturalaren neurketa baliatzen duen datatzeko modua da.

Naturan karbono-14 kopuru konstantea dago; hori horrela, bizidun bat hiltzen den unetik aurrera, izaki horren karbono-14 kontzentrazioa txikitzen hasten da, atomo erradiaktibo guztien antzera, desintegratuz doalako. Ondorioz, bizia izan duen izaki baten karbono-14aren kontzentrazioa neurtzea lortuko bagenu, gorputz horren adina kalkulatzera iritsiko ginateke.

Karbono-14aren bizitza erdia, hau da, kontzentrazioa erdira jaisten deneko denbora 5.570 urte dira.

Kanpoko eragile dinamikoak

Higadura, garraioa eta sedimentazioa kanpoko eragile dinamikoen berezitasuna dira. Hainbat eragileren eraginez gertatzen dira, eta meteorizazioan ez bezala, materialak leku batetik bestera mugitzen dira.

  • Itsasoa. Olatuak dira, bereziki, itsasoaren higadura lana egiten dutenak. Olatuek itsasertza higatzen dute: haitzak zulatu, labarretatik arrokak erauzi, arroka horiek joan-etorrian higatu eta biribildu… Hortik sortutakoak dira itsasertzetako haitzuloak, itsaslabar higatuak, arroka biribilezko harritzak, hondartzak…
  • Euri-ura. Euriak, batez ere euri-jasa handiak direnean, lurra soiltzen du, lur-partikula ugari, eta zenbait arroka (indarraren arabera) erauzi eta garraiatuz. Euriak bezala, euri asko denean sortzen diren uhar, erreka eta ibaiek ere higatzen dute lurrazala. Ur horrek erauzten duen materiala urak berak garraiatzen du, distantzia gehiagoan edo gutxiagoan, uraren indarraren arabera, eta batzuetan itsasoraino. Ibaiek garraiatzen dituzten materialak ibaiaren hondoan eta ertzetan pilatzen dira, batez ere ibaiak indarra galtzen duenean, hau da, ibaiaren beheko ibilguan. Esate baterako, ibai handiak inguru lasaietan itsasoratzen direnean, deltak sortzen dira ibaietako bokaletan.
  • Glaziarrak. Glaziarrek haitz handiak garraiatzen dituzte, eta beren ibilbideetan sakon higatzen dituzte glaziarrak jaisten diren haranetako hondoa eta hegalak. Bestalde, hainbat material garraiatzen dituzte glaziar horiek eta glaziar-mihiaren amaieran (morrena terminalak) edo alboetan (alboko morrenak) pilatzen dituzte.
  • Haizea. Haizeak erliebea higatzen du, eta materialak garraiatzen. Zenbat eta indartsuagoa izan haizea, orduan eta indartsuago eta urrutirago garraiatuko ditu materialak, eta abiadura mantsotzean eta haizearen indarra txikiagotzean, materialak lurrera erori eta han pilatzen dira. Era horretan, harea-lautadak eta dunak sor daitezke. Eskualde lehorretan askoz handiagoa da haizearen eragina (eragin eolikoa), eta haizea izan ohi da higaduraren eragile handiena. Haizeak arroketatik erauzten dituen harea-partikulek marruskadura lana egiten dute, eta haitzak karraskatzen eta formazio bitxiak sorrarazten dituzte.
    Gizakia. Erliebearen higaduran eragin handia izaten du gizakiak, batez ere baso-mozketa eta abeltzaintza direla medio. Lurra soilduta dagoenean, eta landare-geruza babesik gabe, lurrazala uraren eta haizearen eraginpean geratzen da, eta higadura gogorragoa izaten da.

Fosilizazioa

Fosilak duela milaka urte bizitako izaki bizidunen aztarnak dira, harri bihurtuta. Bizidun baten gorpuzkia fosilizatzeko baldintza ugari bete behar denez, oso gutxitan gertatzen da prozesua hau.

Fosilizazioa gertatzeko lehendabizi gertatu behar den baldintza hauxe da: gorpua, hil bezain laster, oxigenorik gabeko ingurune batean geratzea, alegia. Izan ere, gorpu hori airearekin kontaktuan geratuz gero, gorpuzkinaren gainean mikroorganismoak ugaltzen baitzaizkio eta usteldu egiten da; hau da, materia organikoa deskonposatu egiten da eta ezingo da fosilizazioaren prozesua gauzatu. Hainbat modutan gerta daiteke hildako gorpuzkinak airearekin kontakturik ez izateko prozesua: esaterako, biziduna erretxina-masa baten barruan geratzean (erretxina, ondoren, anbar bihurtzen da), edota gorpua hareaz estalirik geratzen denean, (orduan harri sedimentario batean agertuko da fosila).

Aurreko baldintzak betetzen diren kasuetan, zati gogorra da fosilizatzen den zati bakarra; hau da, hezurrak edo maskorrak. Zati bigun guztiak, lehenago edo beranduago, usteldu egiten dira. Fosilizazio-prozesuan zehar bizidunaren zati gogorra mineral bihurtzen da, hau da, mineral batzuek ordezkatzen dute materia organikoa eta jatorrizko bizidunak zuen itxurako harri bat sortzen da; fosila, azken batean, bizidunaren forma berbera duen harri bat baita.

Gerta daiteke fosilizatu den zatia desagertzea ere; halakoetan, fosila inguratzen zuen moldea bakarrik aurki dezakegu.

Fosilak aztertzen dituen zientziaren atala paleontologia da.

 

Euskal Herriaren historia geologikoa

Euskal Herriaren historia geologikoaz dakiguna Paleozoikoan hasi zenetik ezagutzen dugu; beste hitzetan esateko: ez da gure lurretan aurkitu Kanbriarraurreko aztarnarik.

Ezagutzen diren material zaharrenei Paleozoikoaren erdian jartzen zaie data, gaur egungo Pirinioak hasten diren urte inguruetan; orduan azaleratu ziren lehen euskal lurraldeak: Aiako Harria, Aldudeko eta Kintoko mendiguneak. Gainerako lurraldea ur azpian zegoen.

Paleozoikoaren amaieran, Aiako Harrian magma-intrusio bat gertatu zen, baina ez zen azaleratu eta gaur ezagutzen dugun granitozko mendigunea sortu zen. Denboraren poderioz, gaineko materialak higatu egin dira, eta guk ezagutzen dugun  Aiako Harria, intrusio horretan sortutako granitoa da.

Mesozoikoan zehar, ia Euskal Herri osoak urpean jarraitu zuen, eta bai iparraldean eta bai hegoaldean azaleratutako lurraldeetan higatzen zen materialen sedimentazio-gune izan zen. Mesozoikoaren hasieran material bigun ugari sedimentatu zen: gerora diapiroak eratu zituzten materialak, hain zuzen.

Mesozoikoaren amaieran, euskal eremurik handienak itsaso izaten jarraitzen zuen; sedimentazio-prozesuak ziren nagusi eta, sakonera txikiko eskualdeetan, egungo uren banalerroa diren mendietako kareharria sedimentatu egin zen. Sakonera handiko lekuetan, berriz, material bigunak eta gogorrak sedimentatu ziren txandaka, eta euskal kostaldean hain ezagunak diren flysch deritzon egiturak sortu ziren.

Zenozoikoan, Afrikako eta Eurasiako plaken artean gertatutako talkaren ondorioz, Pirinioak sortzeaz bat, Euskal Herriko lurraldea azaleratu egin zen. Mesozoikoan sedimentatutako kareharriak altxatzean, gaurko uren banalerroa markatzen duten mendiak sortu ziren: Gorbeia, Aizkorri, Aralar eta Pirinioak. Banalerroaren hegoaldera zihoazen urek oztopoak aurkitu zituzten (mendikateak) eta, Ebro ibaiak Mediterraneo itsasorako irtenbidea higatu bitartean, Euskal Herriko hegoaldeak urpean jarraitu zuen urteetan, baina diferentzia batekin: itsaso baten azpian ez, aintzira baten azpian baizik (garai honetako fosilak bizidun kontinentalenak dira, ez itsastiarrenak). Ebrok bidea ireki zuenean, hegoaldeko lurralde horiek ere azaleratu egin ziren.

Neogenoa (23,3-1,6 m.u.)

Zenozoikoaren bigarren periodoa da. Neogenoaren eta Paleogenoaren arteko muga ez dago oso ongi zehaztua, tarte horretan ez zelako eman inolako gertaera berezirik. Neogenoan zehar, bai ugaztunek eta bai hegaztiek ere garapen handia izan zuten. Periodo honetan elkartu egin ziren Hego Amerikako eta Ipar Amerikako kontinenteak. Aro honetan, halaber, agertu ziren hominidoek ere. Bizidun horiek, beste hainbat gauzaren artean, bi hankatan ibiltzeko gaitasuna garatu zuten.