Zortzigarrena planeta hau da Eguzkitik urrutien dagoena. 1846an aurkitu zuten eta oraindik gauza gutxi dakigu berari buruz. Kolore urdina du, baina ez du zerikusirik itsasoarekin. Neptuno ere gasezko planeta dugu.
Planeta izena ematen zaie izar baten inguruan itzulika dabiltzan eta berezko argirik ez duten astroei. Eguzki-sistemak zortzi planeta ditu; ondorengo hauek, Eguzkitik gertuen dagoenetik hasita: Merkurio, Artizarra, Lurra, Marte, Jupiter, Saturno, Urano eta Neptuno.
Eguzki-sistemako planetak, kokapena nahiz osaketa kontuan hartuta, bi multzotan banatzen dira:
Barneko planetak edo planeta telurikoak (Lurraren antzekoak). Eguzkitik hurbilen daudenak: Merkurio, Artizarra, Lurra eta Marte. Tamaina nahikoa txikiko eta dentsitate handiko planetak dira.
Kanpoko planetak edo planeta jobianoak (Jupiterren antzekoak). Gainerako guztiak: Jupiter, Saturno, Urano eta Neptuno. Erradio (eta tamaina) handiko eta dentsitate baxuko planetak dira.
Zenbat eta Eguzkitik urrunago egon, orduan eta handiagoa da planeten orbita; bai eta, ondorioz, itzulia egiteko behar duten denbora ere. Orbitak eliptikoak direnez gero, aldatu egiten da planeten eta Eguzkiaren arteko distantzia. Orbita bakoitzean, Eguzkitik gertuen dagoen puntuari afelioa deritzo eta Eguzkitik urrutien dagoenari, perihelioa.
Gau oskarbietan ortzia izarrez betea agertzen da eta jende asko erakartzen du aztertzera. Izarrak identifikatzeko modurik egokiena argi-kutsadura txikiko leku batean zeruari begiratzea da, planisferio bat lagun dugula. Iluntasunean, izan ere, izar gehiago ikusten da, batetik, eta planisferio batean, bestetik, izarrek egun eta ordu bakoitzean duten kokapena adierazten da.
Zeruaren hegoaldea aztertzeko datarik egokiena Eguberri ingurua da, nahiko erraz identifika daitezkeelako Orion, Taurus, Gemini eta Canis Major konstelazioak. Konstelazio horietan kokatzen dira neguan ageri diren lau izar ederrenak, Lau ederrak deiturikoak: Aldebaran, Taurus konstelazioan; Betelgeuse eta Rigel, Orionen; eta Sirius, Canis Major konstelazioan.
Iparraldera begiratuz gero, Hartz handia eta Hartz txikia konstelazioak ikus daitezke urte osoan. Biek burruntzali-itxura dute eta elkarren aurkako noranzkoan daude bata eta bestea. Hartz txikiaren kirtenaren muturreko izarra oso distiratsua ez bada ere, oso garrantzitsua da orientatzeko: Ipar Izarra da. Konstelazio hau Ipar poloaren gainean egoten da beti eta, mugitzen ez den izar bakarra denez, kontuan hartu beharreko erreferentzia nagusia da orientatzeko orduan, orain bezala, baita historian zehar ere.
Esne-Bidea da gure Lur planeta kokatuta dagoen galaxia; kiribil formakoa da. 200.000-400.000 milioi izarrek osatzen dutela kalkulatzen da. Esne-Bidearen erdigunea aztertzea zaila den arren, jakin, badakigu zulo beltz bat dagoela bertan eta bertatik lau beso ateratzen direla. Eguzki-sistema Esne-Bidearen beso horietako batean dago.
Lurretik begiratzean, ortzi guztia zeharkatzen duen kolore zurixkako lerro zabal bat ikusten da. Galaxiaren deitura bitxi honen jatorria Greziako mitologiatik dator: xingola zuri hori Juno jainkosak Herkules semeari titia ematen ari zitzaiola isuritako esnea omen zelakoan, Esne-Bidea deitu zitzaion (latinez, Via Lactea). Galaxiaren plano nagusiko izarrak lirateke xingola zurixka horretan ikusten direnak.
Galaxiak milaka milioi izarrez osatutako sistemak edo taldeak dira. Galaxiak, gainera, elkarturik ager daitezke kumulu izeneko multzoetan. Gu Esne-Bidea izeneko galaxiaren ertz batean gaude.
Unibertsoan ikusi diren galaxiak lau multzotan bana daitezke:
1. Kiribilak. Nukleo batez eta nukleo horretatik irteten diren besoez osatutako galaxiak dira. Galaxien ia erdiak kiribilak dira, baita geurea ere (Esne-Bidea). Eguzkia Esne-Bidearen beso baten kanpoko aldean dago.
2. Barradunak. Nukleotik ateratzen diren bi besoek barra-itxurako egitura osatzen dute galaxia-mota honetan. Esan genezake galaxia barradunak kiribilen antzekoak direla, baina pare bat beso bakarrik dutela.
3. Eliptikoak. Arrautza baten tankera dute, gutxi gorabehera, galaxia-mota horiek: forma eliptikoa edo obalatua.
4. Irregularrak. Galaxia gutxi batzuek ez dute forma zehatzik: galaxia irregularrak dira.
Galaxiak elkarrengandik aldentzen ari dira, unibertsoak oraindik ere hedatze-fasean jarraitzen duelako.
Gizakia betidanik ahalegindu da bere ingurunea ulertzen: unibertsoak nahiz haren sorrerak jakin-min handia piztu du antzinako zibilizazioetatik hasi eta gaurdaino; jakintsuenek beraiek ere, ziur asko, zailtasun handiak izan dituzte betidanik unibertsoaren egitura eta hango gertaerak azaltzeko.
Unibertso izena ematen zaio astro guztien multzoari eta horiek betetzen duten espazioari. Onartuen dagoen teoriaren arabera ―Big Bang teoriaren arabera―, unibertsoa ez da gauza estatikoa. Orain dela 15.000 eta 20.000 milioi urte artean, materia guztia puntu bakar batean zegoen elkartuta. Leherketa baten ondorioz, ordea, hedatzen hasi zen eta horrela jarraitzen du, oraindik ere fase horretan baikaude. Prozesu horretan hainbat egitura sortuz ,antolatu da materia.
Unibertsoa galaxiez osatua dago. Galaxiak izar multzo handiak dira eta horiek unibertsoaren osaketan bertako “adreiluak” bezala kontsidera ditzakegu. Unibertsoan 100.000.000.000 galaxia inguru daudela uste da, eta horien guztien artean gaude gu, Esne Bidea galaxian. Gugandik gertuen dauden galaxia pare bat aipatzekotan, Magallanesen Hodei Handia aipatuko genuke, 160.000 bat argi-urteko distantziara (1.500.000.000.000.000.000 km) dagoena, eta Andromeda, 2.200.000 argi-urteko distantziara dagoena.
Izarrak
Izarrak berezko argi-beroak igortzen dituzten astroak dira; haietan gertatzen diren erreakzio termonuklearrengatik gertatzen da hori. Zientzialarien ustez, 200 eta 400 mila milioi arteko izar multzoa dago Esne-Bidean; tartean, Eguzkia. Horregatik, milaka izar ikusteko aukera izaten da zeruan gau oskarbietan. Horietako batzuk talde edo irudiak osatzen dituztela ikus dezakegu; izar-multzo horiek hainbat konstelaziotan bildu izan ditu gizakiak antzinatik.
Lurretik gertuen dagoen izarra Eguzkia da; argiak, hala ere, Eguzkitik Lurrera iristeko, 8 minutu eta 20 segundo behar ditu (kontuan izan argiak 300.000 km egiten dituela segundoko eta denbora hori behar dutenez argi-izpiek eguzkitik Lurrera iristeko, 150.000.000 kilometroko tartea legoke Lurretik haraino). Eguzkitik gertuen dagoen izarra Proxima Centauri da; haren argiak, berriz, 4,22 urte behar ditu Lurrera iristeko. Unibertsoaren distantziak hain direnez handiak, unitate bereziak erabiltzen dira tarte horiek neurtzeko: argi-urtea eta unitate astronomikoa, esaterako.
Planetak
Planeta izenez ezagutzen dira izar baten inguruan itzulika dabiltzan eta berezko argirik ez duten astroak. Eguzkiaren inguruan zortzi planeta dabiltza itzulika, tartean Lurra. Planeta horiek osatzen dute eguzki-sistema, Eguzkiarekin eta beste hainbat gorputzekin batera (kometak, asteroideak…).
Aipatu asteroideak eta kometak Eguzkiaren inguruan biraka dabiltzan beste astro batzuk dira, planetak baino txikiagoak.
Asteroideak
Asteroideak planeta txikitzat har daitezke. Marteren eta Jupiterren artean horrelako asko daude eta asteroide-gerrikoa deritzona osatzen dute. Asteroideren bat planeta batera asko inguratzen bada, planeta horrekin talka egitera irits liteke, bien grabitate-indarrak eraginda. Horren adierazgarri dira hainbat planetatan ikusten diren kraterrak.
Kometak
Kometak, berriz, asteroideak baino materia gutxiagoko gorputzak dira; lurretik isats argidun objektu gisa ikusten dira. Asteroideek ez bezala, orbita oso eliptikoa dute eta noizbehinka Eguzkira inguratzen dira. Horren eraginez hedatzen dute isats hain ikusgarria.
Sateliteak
Eguzki-sisteman badira, Eguzkiaren inguruan biratu ordez, planeten inguruan biraka ari diren astroak ere; satelite izenez ezagutzen ditugu. Sateliterik ezagunena Ilargia da eta Lurraren inguruan dabil biraka. Gainerako planetek ere (Merkuriok eta Artizarrak izan ezik) badituzte beren sateliteak.
Galaxien arteko espazioa
Lehen uste zen galaxia batetik beste galaxia arteko espazioa hutsik zegoela, baina gaur egun ikerlariek uste dute hainbat eratako materia aurki daitekeela espazio horretan: hauts intergalaktikoa, gasak… oso kontzentrazio baxuan, betiere.
Ziurtasun handiagoz dakigu izarren artean badagoela gasa eta hautsa; eta nebulosa izeneko masa lainotsuak sortzen direla haiek trinkotzen diren zenbait puntutan. Badirudi nebulosa horien erdiguneetan eratzen direla izar berriak.
Eguzki-sistemari eta unibertsoari buruz dakiguna ezagutu aurretik ere bazegoen, noski, unibertsoari buruzko hainbat teoria. Dena dela, ezin dugu ahaztu, unibertsoa aztertzeko teknologiek izan duten garapenarekin batera, hobetu eta gero eta zehatzagoak egin direla unibertsoaren ereduak ere.