Triasikoa (245-208 m.u.)

Mesozoikoaren lehen periodoa da. Triasikoan bizi-formen beste eztanda bat gertatu zen: Permiarreko desagerpenen ondoren izandako hutsuneak betetzeko sortu ziren aukera berriek ahalbideratu zuten. Animaliei dagokienez, narrastien garaia hasi zen eta, horien artean, lehen dinosauroak agertu ziren. Landareei dagokienez, koniferoak (landare gimnospermoak) asko garatu ziren Triasikoan zehar.

 

Mesozoikoa

Mesozoikoa orain 245 milioi urte hasi eta duela 65 milioi urte amaitu zen. Hiru periodotan zatitzen da: Triasikoa, Jurasikoa eta Kretazeoa.

Geologiaren ikuspegitik, Paleozoikoaren amaierako aktibitatearen ondoren, Mesozoikoarekin batera, garai lasaiagoa iritsi zen. Pangea superkontinentea apurtzen hasi zen; hasiera batean, bi zatitan: Laurasia iparraldean eta Gondwana hegoaldean. Ondoren, Ipar Amerika eta Eurasia banandu ziren Laurasiatik; baita Hego Amerika, Afrika, India, Australia eta Antartika ere, Gondwanatik. Mesozoikoaren amaieran, Hego Amerikako plakak talka egin zuen Nazcako plakarekin, eta Andeetako mendilerroa sortu zen.

Bizidunei dagokienez, Mesozoikoa narrastien eta dinosauroen garaia izan zen, nagusiki; baina lehen ugaztunak eta hegaztiak ere sortu ziren; bai eta landare-espezie berriak ere. Narrasti erraldoiek eta dinosauroek kontinente guztiak kolonizatu zituzten. Meteorito erraldoi baten erorketak, uste denez, Mesozoikoaren amaierako desagertze handia ekarri zuen: beste espezie askoren artean, dinosauroen eta narrasti erraldoien erabateko desagerpena.

Mesozoikoan zehar, ia Euskal Herri osoak urpean jarraitu zuen, eta inguruko kontinenteetan higatutako materialen sedimentazio-gune izaten. Mesozoikoaren hasieran sedimentatutako materialen artean, garrantzi berezia eduki zuten gatzek, horiek osatu baitzituzten, izan ere, geroago diapiroak. Mesozoikoaren amaierako sedimentazioaz bat, gaur egun ezagutzen ditugun egiturak sortzen hasi ziren. Sakonera txikiko zonetan, sedimentatu egin zen gaur egun uren banalerroa diren mendietako kareharria. Sakonera handiko lekuetan, berriz, material bigunak eta gogorrak sedimentatu ziren txandaka, eta gaur egun ezagutzen ditugun flysch deituriko egiturak sortu zituzten.

Euskal Herriko erliebea erdibitzen duten mendiak (Aralar, Aizkorri, Gorbeia…) Mesozoikoan sedimentatutako kareharriz osatuta daude.

Permiarra (290-245 m.u.)

Paleozoikoaren azken periodoa da, seigarrena. Garai honetan, hainbat espezieren iraungitzea gertatu zen, eta, beste askoren artean, trilobiteak desagertu ziren. Horregatik, fosildutako trilobiteen presentziak kasuan kasuko harri hori Paleozoikoan sortu dela adierazten du. Lehorrean, Devoniarrean agertutako landare gimnospermoak ―loredunak eta obulu biluzikoak― ugaldu egin ziren eta orduz gero, garoak eta antzeko beste zenbait landare baino garrantzitsuagoak izan dira.

Karboniferoa (362,5-290 m.u.)

Paleozoikoaren bosgarren periodoa da. Lehorreko ekosistemetan garo erraldoiek osatutako basoak sortu ziren. Landare horiek dira gaur egun erabiltzen dugun ikatzaren jatorria. Animaliei dagokienez, lehen narrastiak agertu ziren, eta anfibioak ziren abere-espezie ugariena. Itsasoan, berriz, aurreko periodoetan baino txikiagoa egin zen trilobitearen presentzia; arrainei dagokienez, berriz, gaur egungo arrainen antz handia zuten.

 

Devoniarra (408,5-362,5 m.u.)

Paleozoikoaren laugarren periodoa da. Devoniarrean agertu ziren lehorreko lehen landare gimnospermoak; hau da, obulu biluziko loreen bidez ugaltzen ziren landareak. Lehorrean, bestalde, lehen animaliak ere agertu ziren: anfibioak eta intsektuak, hain zuzen. Itsasoan handitu egin zen arrainen aniztasuna.

 

Ordoviziarra (510-439 m.u.)

Paleozoikoaren bigarren periodoa da. Trilobiteak ziren itsasoko bizidun nagusiak, baina, horiez gain, lehen arrainak ere agertu ziren; bai eta zona lehorretan goroldioaren antzeko lehen landareak ere. Eremu lehorretako landareok, bizirauteko, estrategia berriak garatu behar izan zituzten: zutik mantentzeko ahalmena, adibidez, eta ura gordetzeko gaitasuna.

 

Kanbriarra (570-510 m.u.)

Paleozoikoaren lehen periodoa da. Horretan gertatu zen Kanbriarreko bizi-eztanda: denbora tarte laburrean bizitza-mota ugari agertu ziren: besteak beste, lehen itsas ornodunak eta, horien artean, Paleozoiko osoaren adierazgarri izango den trilobitea. Kanbriarrekoak dira baita lehen moluskuak eta algak ere.

Paleozoikoa

Paleozoikoa duela 570 milioi urte hasi eta orain 245 milioi urte amaitu zen. Beste hitzetan, Paleozoikoa hasierako superkontinente baten apurketakoan hasi zen eta Pangea superkontinentearen sorreraz amaitu. Paleozoikoa honako periodo hauetan banatzen da: Kanbriarra, Ordoviziarra, Siluriarra, Devoniarra, Karboniferoa eta Permiarra.

Paleozoikoko gertaera garrantzitsuena, ikuspegi geologikotik, Pangea superkontinentearen sorrera da; prozesu hori emateko, kontinenteen arteko talkak gertatu ziren, baita hainbat orogenia-mugimendu ere; horietatik ezagunena hertziniar orogenia da.

Paleozoikoaren hasierako bizidunak bakterioak, algak eta uretako izaki zelulanitz batzuk ziren. Paleozoiko bitartean Kanbriarreko bizi-eztanda gisa ezagutzen den fenomenoa gertatu zen eta, aroa amaitzerako, hainbat motatako bizidun ugari agertu ziren; hau da, ikuspuntu geologikotik, une batean bizidun zelulanitz ugari agertu ziren. Paleozoikoa amaitzerako, landareek eta narrastiek kolonizatuta zeuzkaten kontinenteak.

Paleozoikoko fosilen artean, badago bat oso berezia dena: trilobitea. Abere hau Paleozoikoan bakarrik bizi izan zenez, horrelakoren bat sedimentu-geruzaren batean aurkituz gero, geruza hori datatzeko erabiltzen da. Garai bakarrean bizi izan diren horrelako fosilak fosil gidari izenez ezagutzen dira.

Euskal Herriari dagokionez, Paleozoikoaren erdian azaleratu ziren lehen lur-eremuak, gaur egun Pirinioak hasten diren eskualdeetan: Aiako Harria, Aldudeko eta Kintoko mendiguneak.

Kanbriarraurrea

Kanbriarraurrea da Lurraren historiako zatirik handiena hartzen duen era: Lurra sortu zenetik ―hau da, orain 4.500 milioi urte ingurutik―, orain dela 570 milioi urte arte iraun zuen. Denbora-tartea hain luzea izanik ere, gaurdaino Kanbriarraurreko aztarna gutxi aurkitu da.

Ikuspuntu geologikotik begiratuta, lurrazala sortu zen garaia da: tenperatura hoztu ahala, harriak solidotzen hasi ziren. Hala ere, ezin da eskuratu Kanbriarraurreko informazio askorik, orduan sortutako harriak, haien zikloari jarraituz, urtu egin baitira eta magman integratu.

Izaki bizidunei dagokienez ere, oso fosil gutxi aurkitu dira; batetik, Kanbriarraurreko bizidunek lur-zati gogor gutxi zituztelako eta sortu ahal izan ziren fosil urriak, harrien antzera, jadanik urtu egin direlako.

Euskal Herriari dagokionez, lurralde guztia urpean zegoela uste da, eta ez da aurkitu Kanbriarraurreko arrastorik.