Paisaia karstikoa

Kareharria nagusi den zonaldeetan sortzen den paisaia da. Kareharria, nagusiki, kaltzio karbonatoz (CaCO3) osatutako harria da eta, ur azidoarekin kontaktuan jartzean, urak disolbatu egiten du kaltzio karbonatoa. Prozesu horrek urte asko behar baditu ere, ikuspegi geologikotik begiratuta, aski azkarra da.

Kareharriz osatutako mendiak zuloz beteta daude kanpoaldetik eta barrualdetik. Urak bere ubidea bertikalean higatzen duenean kareharrian, pareta bertikaleko arroilak sortzen ditu: Arbaiun eta Irunberrikoa, esaterako, Nafarroan; edota Kakueta eta Holtzartekoak, Zuberoan.

Ura iragaziz doan zonetan, berriz, urak harria disolbatzen du eta leizeak sortzen dira. Denbora igarotzeaz bat, leize batzuen sabaia erori egiten da eta dolinak sortzen. Dolinak forma zirkularreko zuloak izaten dira. Horietako batzuk elkartzean, ubalak sortzen dira. Sortu den zuloaren tamainak bailara oso bat hartzen duenean, polje izena ematen zaio.

Kareharria nagusi den inguruetako lur azpian leize ugari izaten dira; bertan, sedimentazio-prozesu ikusgarri baten ondorioz, estalaktitak eta estalagmitak sortzen dira. Gertakaria are ikusgarriagoa egiten da biak elkartu eta zutabe bat eratzen dutenean.

Lurpeko urak eta higadura

Euria egiten duen bakoitzean, uraren zati bat lur gainetik joaten da eta beste zati bat lurpean sartzen da, beti ere baldin eta lurzoruaren gaineko geruza iragazkorra bada edo harri-geruzan pitzadurak badaude.

Ur horiek geruza iragazgaitz batekin topo egitean, pilatu egiten dira; sorrera ematen diote, horrela, akuifero bati edo lurpeko ibai bati. Lurpeko urek, kanpoko urek bezala, higatzeko gaitasuna dutenez, lur-barnea zulatzen dute eta leizeak sortzen.

Lurpeko ibai horiek lurrazalera irteten diren lekuetan, iturri naturalak sortzen dira. Beste batzuetan, berriz, lurpeko urak akuiferotan biltzen dira eta ur gezako erreserba garrantzitsuak osatzen dituzte.

Gizakiak behar duen ur geza eskuratzeko, akuifero horiek ustiatzen ditu, bertarainoko putzuak eginez. Ustiaketa hori, ordea, askotan, arazo bihurtzen da, ez delako batere erraza akuiferoak kudeatzea: batetik, gehiegi ustiatzeko arriskua dagoelako eta, bestetik, oso sentikorrak direlako kutsadurarekiko eta, behin kutsatuz gero, oso zaila delako akuiferoak araztea.

Lurpeko urak eman daitezen, kareharria da materialik egokienetakoa, kareharri-geruzen pitzaduretatik ur ugari iragazteko aukera eskaintzen duelako.

Euskal Herrian kareharri ugari dagoenez, lurpeko ur asko dago; era berean, hainbat paisaia karstikoa ere sortu dira: Larra-Belagua, Aralar, Itxina…

Haizea eta higadura

Haizeak, berez, ez du higatzeko gaitasun handirik: harat-honat doala garraiatzen dituen partikulak dira haizearen higatzeko gaitasun apal hori izugarri handitzen dutenak. Haizeak eragina du babesik gabeko zonetan; hau da, landaretza urriko lautadak eta kostaldeak izaten dira, gehienbat, haizearen eraginpeko zonalde aipagarrienak.

Landaretza urriko lautadetan, basamortuak dira haizeak gehien jotzen dituen zonak. Haizeak oso erraz garraiatzen du hango harea eta, oztoporen bat aurkitzen duenean, harea sedimentatzen hasten da eta dunak sortzen ditu. Oro har, haizeak jotzen duen aldetik dunak malda txikikoak izaten dira, baina, goialdea harrapatu bezain laster, malda handiko zona hasten da.

Kostaldean ere haizeak erliebea aldatu egiten du eta hondartzetan dunak sorrarazten ditu. Asfaltoak hartu badu ere, hondartza gehienetan, dunen lekua, azken urteetan Euskal Herriko zenbait lekutan (Zarautz, Laida…) dunak berreskuratzeko neurriak hartzen hasi dira.

Ibaia eta higadura

Euri-urak bilduz doazen neurrian, ibaia sortzen dute. Ibaiak egiten duen ibilbidean hiru zati bereizten dira: goiko ibilgua, erdikoa eta behekoa. Ibaiaren zati bakoitzean beren beregizko prozesu jakinak nagusitzen dira.

Goiko ibilgua: Ibaien hasierako zatia da. Sorburua, gehienetan, mendietan izaten denez, ibaiak aldapa handia jaitsi behar du eta urak, ibilgu honetan, energia handia izaten du. Higadura mekanikoa da tarte honetan nagusitzen den prozesua; higadura hau, gainera, ubidearen hondoan egiten denez, gehienbat bertikalki, V itxurako bailara estuak sortzen dira. Zenbat higatu ubidea, bailara estuagoak edo zabalagoak sortuko dira, alboetako pareten materialak erakus lezakeen gogortasunaren arabera. Goi-ibilguko erliebe ikusgarrienak arroilak eta ur-jauziak dira.

Erdiko ibilgua: Ibaiaren malda txikituz doan neurrian, ura abiadura galduz joaten da eta, horrekin batera, higatzeko gaitasuna ere murriztu egiten da. Zati honetan higakinen garraioa da nagusitzen den prozesua. Garraiatzean, sedimentuek harrien kontra jotzen dutenez etengabe, higakinak biribildu egiten dira eta forma biribileko errekarriak sortzen dira. Erdiko ibilguan bailarak gero eta zabalagoak izaten dira eta higakinak sedimentatzen hasten dira; hemen sortzen dira lehen meandroak ere.

Beheko ibilgua: Ibaiak, itsasora hurreratzean, abiadura galtzen du, jaisten duen aldaparen malda are eta txikiagoa izaten delako. Sedimentazioa da tarte honetako prozesua nagusia. Sedimentu horiek direla bide, ibai ertzetan nekazaritzarako ezin hobeak diren lautadak agertzen dira, uholdeak sortzen diren bakoitzean sedimentu berriz elikatzen direnak. Tarte honetan ikusten diren egitura ohikoenak meandroak eta alubioi-terrazak dira; edota, ibaia itsasoratzerakoan, deltak eta estuarioak.

Itsasoa eta higadura

Itsasoa da kostaldeko erliebea aldatzen duen eragile garrantzitsuena. Honek ere, gainerako kanpo-eragileen antzera, materiala higatu, garraiatu eta sedimentatu egiten du. Itsasoak erliebearen aldaketan duen eragina nolakoa den ulertzeko, kontuan hartu behar da ozeanoak direla planetako ur-masa handiena eta, horrez gain, etengabe mugitzen ari direla, Eguzkiaren eta Ilargiaren erakarpen-indarren eraginez.

Itsasoaren mugimendu horien artean, hiru aipatuko ditugu hemen: olatuak, mareak eta itsaslasterrak.

Olatuak

Olatuak haizeak eragindako uraren gainazaleko mugimenduak dira eta etengabe iristen dira kostaldera. Olatuek labarrarekin talka egitean eragiten dute higadura; baina ez da ura eragile bakarra: honekin batera, urak garraiatzen dituen solidoek ere eragiten dute. Hori dela-eta, itsaslabarrak gero eta atzerago doaz; eta ingurukoa baino material gogorragoren bat agertzen den guneetan, lurmuturra sortzen da.

Lurmuturrak, denborak aurrera egin ahala, kostaldeko uharte bihurtzen dira.

Olatuek, labar batekin topo egin ordez, itsasertz lauak topatzen badituzte, hango materialak sedimentatu egiten ditu eta askotan hondartzak sortzen dira.

Mareak

Mareak itsasoko uren goraldiak eta beheraldiak dira. Klima-zona epeletan, sei ordutik sei ordura gertatzen dira gutxi gorabehera itsasgoraren eta itsasbeheraren arteko aldaketak. Mareen eragina sedimentuen garraioan nabarmentzen da.

Itsaslasterrak

Itsaslasterrak itsasoko uren mugimenduak dira. Ezagunenetakoa Golkoko korrontea da, Karibe itsasotik Europara iristen dena. Bizkaiko golkoan ere mendebaldetik ekialderako ur-lasterra da nagusi. Horrek eraginda, Euskal Herriko kostatik desagertzen den hondarra Landetako hondartzetan sedimentatzen da, eta kilometrotako luzera duten hondartzak sorrarazten ditu.

Glaziarrak eta higadura

Glaziarrak urte osoa urtu gabe irauten duten eta mugitzen ari diren izotz-ibaien gisakoak dira. Nahiz eta urtean zentimetro edo metro gutxi batzuk mugitu, higatzeko gaitasun handia dute, mugitzen dena izotz-masa handia delako.

Bi motatako glaziarrak daude. Ezagunenak mendiko glaziarrak dira, baina Antartikako eta Groenlandiako lautadetan ere sortzen dira lautadetako glaziarrak.

Mendiko glaziarren sorreran, zirkua dugu oinarri; izotza pilatzen den lekua da zirkua, eta forma zirkularreko bailara-modukoa izaten da; izotzak zirkutik gainezka egiten duenean, maldan behera mugitzen hasten da astiro-astiro; horrela, sortzen da izotz-mihia. Mugitzen ari den izotz horrek higatu egiten du glaziarraren azpialdeko materiala eta, denbora joan ahala, U itxurako bailara zabalak sortzen ditu.

Glaziarrak mihiaren aurrean eramaten du, arrastaka, higatutako materialen zati bat; horrek glaziarraren muturreko morrena sortzen du. Alboetan higatutako materialek, berriz, alboko morrenak sortzen dituzte.

Gaur egun, mendi garaien edo poloen inguruan soilik aurki daitezkeen arren, antzina Euskal Herrian ere aurki zitezkeen. Belaguako bailara, adibidez, glaziar batek sortutakoa da. Oro har, planetako glaziar gehienak txikiagotzen ari dira, hego-hemisferioko glaziar batzuk izan ezik.

Ur askeak eta higadura

Lurraren gainetik doan ur kopurua planetako ur guztiaren zati txiki bat besterik ez bada ere, berau da eragile nagusietako bat da erliebea sortzeko garaian, higatzeko eta garraiatzeko duen gaitasun handiagatik.

Landaretza urria den lekuetan edo landaretzarik gabekoetan, urak filtratzeko zailtasun handiagoak izaten ditu, materialaren berezitasunagatik. Halakoetan, uharrak sortzen dira. Uharretan urak abiadura handia hartzen du eta lurzorua (landareek eta haien sustraiek babestu gabea, solte eta estalkirik nahiz babesik gabea) oso erraz higatzen du. Bide horretatik, desertifikazio-prozesua eragiten dute ur askeek.

Horren adibide dira Bardeetako lurrak: hango magalak uharrek sortutako lubakiz edo karkabaz beteta daude. Higatutako material hori magalaren azpiko lautadetan pilatuz joaten da, eta lurzoru aberatsagoa sortzen da han.

Lurzoruaren osagaien artean harri bigunak nagusi diren lurretan, harri gogorren bat egonez gero tartean, higagaitzagoa denez, babestu egiten du azpiko lurra. Horregatik, tximinia-itxurako egitura bereziak sortzen dira, Bardeetako Castel de Tierraren modukoak.

Landaretza dagoen tokietan ura errazago iragazten da: sustraiek lurzoruko lurrari eusten diote eta ez da gertatzen hainbesteko higadurarik.

Kanpo-eragileak

Kanpo-eragileak lurrazalari kanpoaldetik forma ematen dioten elementuak dira; garrantzitsuenak ura eta haizea dira. Kanpo-eragileen ezaugarri nagusia mugimendua da. Urak eta haizeak ere gisa horretako prozesuak abiarazten dituzte lurrazalean aldaketak sorrarazten dituztenean: lehendabizi, higatu edo meteorizatu; ondoren, garraiatu; eta azkenik, sedimentatu.

Higadura eta meteorizazioa

Prozesu hau jatorrizko materiala apurtzean hasten da; apurketa hori bi modutara edo bi bidetatik gerta liteke: higadura edota meteorizazioa.

Higadura eragileren batek jatorrizko harria marruskadura bidez apurtzean gertatzen da. Urak eta haizeak, mugitzean, hainbat materialen kontra talka egin lezakete eta, horretan gertatzen den marruskaduraren ondorioz, apurtu egiten dute materiala.

Meteorizazioa gertatzen denean, aldiz, eragileak ez dira mugitzen, inguruko baldintzak aldatzen dituzte, baizik, eta horien ondorioz apurtzen da harria.

Meteorizazio-prozesu nagusiak tenperatura-aldaketa bortitzengatik eta uraren disolbagarritasunagatik gertatzen dira.

Tenperatura-aldaketa bortitzak gertatzen direnean, bi eratara gerta daiteke meteorizazioa:

·         Harriak jasaten dituen tenperatura-aldeek leherrarazi egiten dute harria (hori basamortuetan gertatzen da gehienbat).

·         Ura harri barruan izozten da, zulo eta arrakaletan, eta uraren bolumena, izoztean, handitu egiten denez, harria zarta dezake.

Uraren disolbagarritasun handiak ere eragiten du meteorizazioa: meteorizazio kimikoa, zehazki. Izan ere, urak material askotarikoak disolbatzen ditu; adibidez, kareharria.

Materialen garraioa eta sedimentazioa

Harria higatu edo meteorizatu ondoren, higakinak garraiatu egiten dira. Garraiatzaile aipagarrienak lehen aipatu ura eta haizea ditugu.

Garraio-materialak pausatzean gertatzen da sedimentazioa, garraiatzaileek (ura eta haizea) energia galdu ahala, materialak sedimentatu egiten baitira.

– Garraiatzailearen energia gero eta txikiagoa denez bidean, sedimentuak pisuaren arabera jalkitzen dira: higakin astunenak dira lehenengo sedimentatzen direnak, eta arinenak dira, berriz, garraiatze horretan urrutien iristen direnak.

Urak, egoera fisikoaren arabera, era bat baino gehiago ditu materialak higatzeko; higa dezake, esaterako, glaziar gisa agertzean, lurrazalean ur aske gisa egonik, ibaien edo itsasoen eraginez, edo lurpeko ur gisa: kasuan kasu, erliebe-mota bat edo beste sortuko du.

Uraz eta haizeaz gain, bizidunak ere kanpo-eragiletzat har daitezke, materialak higatzeko, garraiatzeko eta sedimentatzeko gaitasuna dutelako. Bizidun guztien artean, gizakia bihurtu da eragilerik garrantzitsuena, garatu duen teknologiari esker, erliebeak eta paisaiak aldatzea lortu baitu eraikuntza erraldoiak, komunikabide berriak, etab. eraikitzean.

Meategiak

Mineralak eskuratzeko, gizakiak meategiak eraiki izan ditu. Meategiaz hitz egitean lur-azpian eraikitako zulo edo galeriez oroitzen garen arren, badaude meategi irekiak ere, harrobi deituak.

Euskal Herriko historian garrantzi handia izan dute meategiek. Erromatarrek jada, zilarra ateratzeko, Arditurriko meategien ustiapena hasi zuten Aiako Harriaren inguruan; geroago, burdina, blenda eta fluorita atera izan dira, 1984an meategia itxi zen arte.

Hala ere, Bizkaiko ezkerraldeko Triano mendien inguruko meategiek (Gallartan, Trapagan, Galdamesen…) izan dute eragin handiena Euskal Herriko gizartean eta ingurunean. Meategi horietan burdina ustiatzen zen eta berori izan da Bizkaiko garapen industrialaren motorra. Gaur egun itxita daude meategi guztiak eta paisaian eragindako aldaketak bakarrik geratzen dira:, Zugaztietan (Trapaga), adibidez.

Nafarroan ere ustiatu dira meategi batzuk XX. mendean, potasioz eta magnesioz osatutako mineralak ateratzeko, gehienbat. Nafarroako meategien garrantzi ekonomikoa ez da inoiz garrantzitsua izan eta gaur egun gehienak itxita daude. Eugin dago jardunean ari den meategi bat.

Harrobiak, berriz, oso ohikoak dira Euskal Herriko mendietan; harrobi horietatik eraikuntza-lanetan erabiltzeko arroka ateratzen da, gehienbat. Gaur egun, oraindik, harrobi askotan jarraitzen da lanean  Añorgan, Ziordian, Markinan, Arrigorriagan edo Mañarian, beste askoren artean.

Geosfera

Geosfera Lur planetaren eremu solidoa da, arrokaz osatuta dago eta lurrazaletik planetaren erdiguneraino hedatzen da. Duen lodieragatik ―6.370 km gutxi gorabehera― zeharkako metodoak erabili behar izaten dira, barruko egitura aztertzeko. Metodo sismikoa da, zeharkako metodoen artean, erabiliena: lurrikaren uhinak interpretatuz, Lurraren barne-konposizioari buruzko ondorioen berri jakin daiteke.

Zientzialariak, geosferaren barnealdeko egitura aztertzerakoan, bi irizpidez baliatzen direnez, geosferaren barneko bi eredu daudela esan daiteke: eredu estatikoa eta eredu dinamikoa.

Geruzen azterketa kimikoa egin ondoren, geosferaren honako eredu hau, estatikoa, proposatu dute zientzialariek:

  • Lurrazala:     Lurraren kanpoko geruza solidoa da; ozeano-azpian 6-12 km-ko sakonera du eta kontinente-azpian, 25-70 km-koa.
  • Mantua:     Lurrazalaren azpian dago, eta 2.900 km-ko sakoneraraino hedatzen da; harri urtuak daude mantuan.
  • Nukleoa:    Planetaren erdian dagoen geruza da; 2.900. km-tik 6.378. km-ra hedatzen da; nikela eta burdina dira nukleoaren osagai nagusiak.

Geosferaren eredu dinamikoa, aldiz, materialen portaera mekanikoan oinarritzen da. Alderdi askotan bat dator eredu estatikoarekin; hala ere eredu dinamikoak ondorengo lau geruza hauek bereizten ditu:

  • Litosfera: Kanpoko geruza elastikoa da, eta 75-100 km-ko sakoneraraino iristen da.
  • Astenosfera: Geruza plastikoa da, eta 350 km-ko sakonerara iristen da.
  • Mesosfera: Astenosfera ez den mantuaren gainerako zatia hartzen du geruza honek; 2.900 km-raino iristen da.
  • Endosfera: Barneko geruza da eta eredu estatikoko nukleoa bera da.