Emari handiko ibaiak itsasoratzean, triangelu itxura osatuz, sortzen diren lurraldeak dira.
Delta bat sortzeko, hainbat baldintza bete behar dira:
- Ibaiak sedimentu ugari itsasoratu behar ditu.
- Itsas hondoak malda txikia izan behar du, jalkinak metatuz joan daitezen.
- Ibaia itsasoratzen den inguruan, itsasoak indar gutxikoa izan behar du, batetik, eta itsaslasterrik gabea, bestetik, ur-korronteek higakinak eraman ez ditzaten.
Delta sortzen den inguruan, kontinentea, ibaiak dakartzan sedimentuei esker, lekua irabaziz joaten da itsasoari; ibaia bera ere, deltan zehar, hainbat kanaletan banatzen da. Deltak oso lurralde egokiak dira nekazaritzako, ibaiak etengabe ongarritzen baitu lurra.