Merkataritza-jarduera garrantzitsuenak itsasoz bestaldearekin egiten ziren. Asiatik portugaldarrek espeziak, zeta, zur bitxiak, tea eta portzelanak ekartzen zituzten, besteak beste. Lisboaz gain, banaketa-zentro nagusiak Venezia eta, batez ere, Anberes ziren; Brujas ere gune garrantzitsua zen, baina Anberesek hartu zuen haren lekua. Anberesen portugaldarrek eramandako espeziez gain, Poloniako garia, Alemaniako metala, Italiako ehunak eta metalak eta Gaztelako artilea salerosten ziren.
Amerikarekin Sevillaren bidez egiten zen merkataritza gehiena. Metal bitxiak eta beste produktu batzuk inportatzen ziren; esate baterako azukrea. Sevillatik, honako hauek esportatzen ziren, batik bat: Gaztelako garia, Andaluziako ardoa eta olioa, Segoviako ehunak, euskal lurraldeetako burdina eta Toledoko armak.
Amerikako urrea oso garrantzitsua izan zen Espainiako ekonomian, baina baita mundu osokoan ere. Espainiako errege-erreginak itsasontzien zain egoten ziren, bankariekin zituzten zorrak kitatzeko. Bankariek, berriz, zorrak kobratu behar zituzten, kredituak ematen jarraitzeko. Sevillan zeuden merkatariek ere hilabeteak itxaron behar izan zituzten salerosketak gauzatzeko. Asiako merkatariak ere urrea iritsi zain egoten ziren; izan ere, haien bezeroek, merkatari portugaldarrek, horixe erabiltzen zuten trukerako txanpontzat.
XVII. mendeko krisiak gehien eragin zituzten lurraldeak Espainia eta harekin harreman estuak izan zituzten lurraldeak izan ziren. Testuinguru horretan, merkataritza eta industriak kalte handiak izan zituzten eta gainbehera hori baliatuz, Herbehereak bihurtu ziren merkataritza-gune nagusi. Herbeherearrek zuten itsasoaren kontrola XVII. mendearen lehen erdian; bigarren erdialdean, ordea, beste potentzia bat agertu zen Ingalaterra. Herbehereek eta Ingalaterrak izan zuten goraldi ekonomikoan garrantzia handia izan zuten Asiako kolonietako produktuen inportazioek, baina baita industrietako produktuak kolonietako merkatuetara egindako esportazioek ere.
XVIII. mendean merkataritzaren buru Ingalaterra zen. Merkataritza-harremanak koloniekin egiten zituen, baina merkataritza nagusia esklaboena zen. Afrikako mendebaldeko kostaldean erositako prezioa baino bost aldiz garestiago saltzen zituzten esklaboak Amerikan. Hala, hiru zutabeko merkataritza-sarea osatu zuten: Ingalaterran finantzatutako itsasontziak Afrikako kostaldera abiatzen ziren esklaboak erostera, eta handik Amerikara eramaten zituzten. Haiek ateratako produktuak Ingalaterrara eramaten ziren eta Europan saltzen zituzten; eta jasotzen zituzten etekin ekonomikoekin Afrikara beste itsasontzi batzuk bidaltzea lortzen zuten