Energia-iturriak beharrezkoak dira makinak martxan jartzeko, eta, zenbat energia behar den kontuan hartuta, enpresa baten kokapena energia-iturrien gertutasunaren arabera alda daiteke. Izan ere, energia ikaragarri behar bada, aurreztu nahi izanez gero, enpresa energia-iturritik gertu kokatzea beharrezkoa izango da.
Gaur egun, energia-iturrien gertutasuna ez da faktore erabakigarria izaten. Hala ere, energia kontsumoa, gehienetan elektrizitatea, oso altua bada, enpresek hainbat herrialdetako elektrizitatearen prezioari erreparatzen diote non kokatu erabaki aurretik.
Bi energia-iturri mota daude:
a) ez-berriztagarriak: petrolioa, gasa, ikatza, uranioa… Lurrean energia hauetako kantitate jakin batzuk daude eta, kontsumitu ahala, gutxitzen doaz; noizbait agortzeko arriskua ere bada. Gainera, erregai horiek asko kontsumitzeak kutsadura handia sortzen du.
b) berriztagarriak edo alternatiboak; energia-iturri naturalak eta amaiezinak dira (energia hidroelektrikoa, eguzki-energia, marea- eta olatu-energia, eolikoa, biomasa…).
Gaur egun, gehien erabiltzen diren energia-iturriak hauek dira: ikatza, petrolioa, gasa, ura eta energia nuklearra.
Garai batean, ikatza zen gehien erabiltzen zen energia-iturria, baita egur-ikatza eta egurra ere. Gaur egun, berriz, askoz gutxiago erabiltzen da. Batez ere zentral termikoetan erabiltzen da elektrizitatea sortzeko. Industria kimikoan ere baditu beste erabilera batzuk, esaterako, plastiko edo desinfektatzaileak ekoizteko.
Herrialde ekoizle nagusiak: Txina, AEB eta India.
Petrolioa hainbat substantziaren nahasketa da eta, destilatuta, honako erregaiak sortzen dira: gasolina, kerosenoa, gasolioa eta parafina. Horietako batzuk ibilgailu motordunek erabiltzen dituzte. Petrolioak ikatzaren lekua hartu du esparru askotan, berokuntzan esaterako. Ikatzak bezala, petrolioak ere baditu beste erabilera batzuk industria kimikoan, adibidez, plastikoen fabrikazioan.
Herrialde ekoizle nagusiak: Saudi Arabia eta Errusia.
Gasa, energia-iturri moduan, gero eta gehiago erabiltzen da. Ikatzak edo petrolioak baino kutsadura gutxiago sortzen du.
Herrialde ekoizle nagusiak: Errusia, AEB eta Kanada.
Energia hidraulikoa batez ere elektrizitatea sortzeko erabiltzen da. Urtegietan edo anteparetan pilatutako ura askatzean, turbinak martxan jartzen dira eta elektrizitatea sortzen dute. Energia mota hau oso erabilgarria da inguru menditsuetan.
Herrialde ekoizle nagusiak: Kanada, Brasil, AEB, Txina eta Errusia.
Energia nuklearra atomoko nukleoa zatitzean sortzen da; prozesu horri fisio nuklearra esaten zaio. Nukleoaren fisioaren (zatitzearen) eraginez, beroa sortzen da eta bero horrek ura bihurtzen du ur-lurrun. Ur-lurrun horrek elektrizitatea sortzen duten turbinak martxan jartzen ditu. Arriskuak daude energia nuklearra sortzeko prozesuan, horietan guztietan nabarmenena ingurumena erradioaktibitatez kutsatzea da.
Herrialde ekoizle nagusiak: AEB, Frantzia eta Japonia.
Energia-iturri berriztagarriak
Gaur egun gehien erabiltzen diren energia-iturriek arazoak sortzen dituzte. Energia fosilak deritzatenak (ikatza, petrolioa eta gasa), gehiegi erabiltzen direnez, bukatzen ari dira, eta, gainera, kutsadura handia sortzen dute. Energia berriztagarri edo alternatiboak, berriz, ez dira behar beste erabiltzen, eta gehiago erabili behar ditugu, batetik, kutsadura murriztu behar delako eta, bestetik, fosilak agortzen ari direlako. Hemen dituzue energia alternatibo batzuk:
Eguzki-energia: eguzkiaren argia elektrizitate bihurtzen da, gehienbat zelula edo plaken bidez. Arazo nagusia da plakak garestiak direla. Zenbat eta gehiago erabili, orduan eta merkeago izan daitezke.
Herrialde ekoizle nagusiak: AEB, Alemania, Australia eta Kanada.
Marea- eta olatu-energia: zenbait lekutan, marea aldaketak energia sortzeko aprobetxatzen duten instalazioak eraiki dira. Olatuek ere energia handia sor dezakete, baina ez dira kontrolatzen errazak eta, gainera, elektrizitatea sortzeko ekipoak puska ditzakete.
Herrialde ekoizle nagusiak: Frantzia, Erresuma Batua eta Kanada.
Energia geotermikoa: planetaren lurrazalaren azpian dauden harriak bero egoten dira. Leku batzuetan, lurra zulatuta harri beroak aurki daitezke, eta bero hori ura berotzeko eta elektrizitatea sortzeko erabil daiteke.
Herrialde ekoizle nagusiak: AEB, Filipinak eta Mexiko.
Energia eolikoa: haize-turbina modernoek (haize-errotak) haizearen energia erabiltzen dute elektrizitatea sortzeko. Gaur egun, energia-iturri hori munduko hainbat lekutan erabiltzen da. Adibidez, Nafarroan oso ugariak dira haize-errotak.
Herrialde ekoizle nagusiak: Alemania, Espainia, AEB eta Danimarka.
Biomasa: energia hau iturri biologikoetatik sortzen da, adibidez, uztetako hondakinetatik, animalien simaurretik, landareak filtratzean sortutako hondakinetatik eta etxeko zaborren errefusatik (baldin eta zati organikoa aldez aurretik bereizi ez bada).
Horiek guztiek, hartzidura prozesuaren ondorioz, metano gasa isurtzen dute. Isurkin hori edukiontzietan gordetzen da, eta, beste hainbat gasen moduan, berokuntzarako edo elektrizitatea sortzeko erabil daiteke.
Herrialde ekoizle nagusiak: AEB, Frantzia eta Suedia.