“Araba” hitza Gorbeiatik (jatorrizko gunetik) Arabako Lautadako lurraldeetara hedatu zen. 1025. urteko “Donemiliagako golde-nabarra” dokumentuan Arabako lurrek Donemiliaga Kukulako monasterioari eman behar zioten burdin zergaren berri jasotzen da (golde-nabarretan ordaintzen zen). Garrantzitsuak dira, halaber, Arriagako Kofradiako jaunen esku zeuden herrixkei buruzko datuak; izan ere, guztien artean gobernatzen zuten Arabako zatirik handiena, eta San Joan Arriagakoa ermitan (Gasteiz) biltzen ziren.
XIII. mendearen erdialdetik, jaunen eskumenetik errege-eskumenera igaro ziren zenbait herrixka. Errege-boterea 1332an finkatu zen erabat, Arriagako Kofradiaren esku zeuden lurraldeak erregeari “borondatez ematean”. Erdi Aroaren azken urteetan, jaunen gehiegikeriak geldiarazteko, herrixkak ermandadetan bildu ziren; hau da, Gaztelako erregeek babestutako elkarteetan. XV. mendearen amaiera aldera, Arabako ermandadeak gaur egungo lurralde historikoaren antzeko lur-eremuan banatutako lekuak hartzen zituen.