Bizkaiko egitura politikoa prozesu luze baten bidez eratu zen. Bizkaiaren lehen aipamena Alfontso III.aren VIII. mendeko kronikan agertzen da. Testu horretan, bereizita agertzen dira, Bizkaia bera, Urduña, eta Sopuerta, Garape eta Karrantza. Testu horren arabera, Garape eta Karrantza, gaur egungo Enkarterri alegia, Asturiasko erregeen mende zeuden, eta aipamenean agertutako beste guztiak, tokiko biztanleen eskuetan, besterik gabe.
IX. mendeko Bizkaiari buruzko aipamenak iparraldetik itsasoak, mendebaldetik Nerbioi ibaiak eta ekialdetik Deba arroak mugatutako esparru geografikoaz ari direla esan daiteke. Bizkaia Asturiasko Erresumaren eta garai hartan sortzen ari zen Iruñeko Erresumen artean menderatu gabe zegoen lurralde gisa agertzen da.
Bizkaiko jaunaren lehen aipamena 924koa da, Antso Gartzez I.aren alaba Belaskita Momo bizkaitarren kondearekin ezkonduta zegoela aipatzen denean, Rodako eskuizkribu genealogikoetan. Hurrengo aipu garbia 1043koa da: Enneco Lupiz Vizcayensis comes deitua, Eneko edo Iñigo Lopez delakoarena. Haro familiak zuen lurralde gobernatzeko eskumena. Eskumen hori Eneko Lopezek lortu zuen, Gaztelako Alfontso VI.a erregeari eman zion babesari esker. Bizkaiko jaunek errekonkistan lagundu zuten. Horren ordainetan, Durangoko lurraldea eman zitzaien jaurerri moduan, Bizkaian sartuz, beren izaera galdu gabe. Geroago, Urduñak, Enkarterriko lurrek eta hainbat herrik zabaldu zuten Bizkaiko jaurerria.