Erdi Aroaren bilakaeran garrantzi handikoa izan zen XI. mendea, egoera aldaketa nabarmena gertatu zelako mende horretan. Feudalismoa nagusitu zen, eta hiriak eta haiei loturiko jarduera ekonomikoak berriz agertu ziren. Hala ere, gizartearen oinarria nekazaritza izan zen aurrerantzean ere, eta, horrexegatik, arte erromanikoaren arrasto gehienak landa inguruetako eraikinak dira.
Kultur arloan, XI. mendean, aldaketa garrantzitsua gertatu zen elizan: Citeaux-en sortutako monasterioen erreforma Europa osora zabaldu zen. Monasterio horien eredu artistikoa erromanikoa zen. Horrez gainera, Nafarroako Antso III.ak Donejakue Bide klasikoa (“Frantsesen bidea” deiturikoa) zehaztu zuen, eta bide horretan eraikin erromanikoak eraiki zituzten. Europa osoko jendea zebilen bide horretan eta, erromesek, etxeratzean, bidean ikusi eta ikasitakoa gauzatzen zuten.
Arte erromanikoak XI. mendetik XIII. mendera bitarteko tartea hartzen du. Europako mendebaldeko lehen arte estilo bateratua, hots, lurralde askotan batera garatua, izan zen. Frantzian sortu eta mendebaldeko erresuma kristau guztietara zabaldu zen. Arte estilo horretan bat egin zuten erromatar artearen azken aztarnek (hortik datorkio izena erromatar > erromaniko) eta bisigodoen eta karolingioen arte-estiloek.
Arkitektura erromanikoa
Arkitektura da erromanikoaren arte-arlo nagusia, eta eskulturak nahiz pinturak osatzen dute eraikin erromanikoaren esanahia. Eraikin nagusiak erlijiosoak dira: elizak, monasterioak, etab. Arkitektura zibilean, gazteluak dira aipatzekoak. Nolanahi ere, elizak dira arte-estilo horren erakusgarri nagusiak, eta honako ezaugarri hauek dituzte:
- Oin erabiliena latindar gurutzea da.
- Gehienetan, habearte (nabe) nagusi bat dute (gurutzearen besorik luzeenean), alboetako habearteak baino zabalagoa eta garaiagoa.
- Habearteek absidea izaten dute.
- Habearte nagusiaren absidearen azpian santu baten hondakinak lurperatu ohi zituzten. Absidearen eta aldarearen atzeko aldean girola izeneko atala ager daiteke.
- Gurutzean beso luzeak eta laburrak bat egiten duten lekuari gurutzadura deitzen zaio.
- Besoen muturretan alboetako fatxadak daude, eta beso luzearen oinean, fatxada nagusia.
- Fatxadetan ateak egoten dira, eta ateetan arkiboltak eta janbak. Atearen gainean tinpanoa dago. Hiru elementu horietan eskultura ugari agertzen dira.
- Habearte guztiak kanoi-gangak estalita daude.
- Batzuetan, habearte nagusiaren garaiera handiagoa dela baliatuz, alboetako habearteetan beste solairu bat egoten da, habearte nagusira begira dauden leiho batzuk dituena. Elementu horri triforioa deitzen zaio.
- Harrizko horma sendoak dituzte, kanpoko aldetik kontrahormek eutsiak. Horma horiez gain, pilareak daude. Zutabe horiek goiko aldean kapitelak dituzte, eskulturaz apainduak batzuetan.
- Habearteen artean, pilareen gainetik, erdi-puntuko arkuak daude.
- Fatxada nagusietan kanpandorreak daude.
- Leiho gutxi dituzte, txikiak, eta ondorioz, elizak nahiko ilun geratzen dira.
- Elizek esanahi sinboliko handia dute.
Latindar gurutzearen oinak Jesusen heriotza-lekua gogoratzen du. Elizaren bide itxurak, Jerusalem zerutarrera (absideak irudikatua) daraman bidea gogoratzen du.