Erdi Aroan hiri ugari sortu ziren eta merkataritzak ere nabarmen egin zuen aurrera. Merkataritzari dagokionez, hasieran eskualdeko nekazari eta artisauen arteko produktuen trukea egiten hasi ziren, baina pixkanaka komunikabideak hobetu ahala, eta bideetan bakea nagusitu ahala, merkataritza-sare zabalak antolatu zituzten. Garraioa bereziki itsasoz egiten zen. Lurreko garraiorako, erromatarren garaiko galtzada zaharrak eta zubiak konpontzeari ekin zioten, eta baita bide berriak sortzeari ere; hiri ingelesak, flandriarrak eta italiarrak lotu zituzten horrela.
Aurrerapen horiei esker, inguruko herrientzako azokaz gainera, eskualdeko eta Europa osoko feriak egiten hasi ziren. Garai hartako azokarik ezagunenak Frantziako Champagne eskualdekoak ziren. Genovatik eta Veneziatik eramandako produktuak, Flandria aldeko oihalak, etab. aurki zitezkeen han, lau gurpileko gurdi berrietan garraiatuak. Merkataritza errazteko hainbat sistema sortu edo zabaldu ziren: diruaren erabilera, mailegu-sistemak, bankuak (Genovan XII. mendean).
Euskal itsasertzetik Europako iparraldera zihoazen merkataritza-bideak igarotzen ziren. Gaztelako artilea, Bizkaiko burdina eta Nafarroako ardoa, olioa eta laboreak esportatzen ziren hortik, Flandriako oihalen, Errusiako larruaren eta Normandiako ehunen truke.