1000. urtean euskal lurraldeetan, hiri dei genitzakeen guneak hiru besterik ez ziren: Iruñea, Baiona eta Tutera. Gune horiek, gainera, hiri gisa aski txikiak ziren, 2.000 biztanle inguru zituzten.
Iruñea, jakina, erromatar garaiko Pompelo hiritik zetorren. Pompaelo apezpikuen egoitza bihurtu zen erromatarren garaiko azken partean, IV. mende amaieran edo V. mende hasieran, eta geroztik estatus hori mantendu zuen. Ezaugarri horrek, hau da, apezpikua gisako kargu garrantzitsu bat hirian kokatuta egoteak, posible egin zuen Iruñeak hiri mailari eustea Goiz Erdi Aro osoan.
Baionak ere erromatar hiri batean zuen jatorria, Lapurdum hirian. Gainbehera joan bide zen Goiz Erdi Aroan, eta ziurrenik Andelos, Veleia edo Oiasso bezala amaituko zuen, ez balitz izan IX. mendean apezpiku egoitza bertan ezarri zelako. Horrek suspertu eta indartu zuen Baiona, Iruñearen pareko bihurtuz 1000. urterako.
Tuteraren kasua aurrekoetatik bestelakoa zen. Erromatarren garaian ez dirudi han hiririk egon zenik, baina bai herrixka bat eta agian baita Ebro ibaia zeharkatzen zuen zubi estrategiko bat ere. Musulmanak iritsi zirenean, oinarri horien inguruan hiri bat sortu zuten eta eskualdeko hiriburu bihurtu. Funtzio politiko-administratibo horrek hiriaren hazkundea eragin zuen. Ez zen Al Andalusko beste hiri musulman batzuen mailara iritsi, baina bere inguruan garrantzia izan zuen.
Berant Erdi Aroan hiriek izan zuten goraldia zela eta 1400. urtean euskal hiriak ere handitu egin ziren. Handienak, Iruñeak, sei mila biztanle inguru izango zituen. Iruñearen atzetik Baiona eta Tutera zeuden, bost mila biztanlera gerturatzen zirenak. Donostia, Bilbo eta Gasteizen kasuan baliteke bakoitzak lau mila biztanle inguru izatea. Beste hirixka aipagarri batzuk Lizarra, Guardia, Durango, Zangoza eta Urduña ziren, bizpahiru mila biztanle ingurukoak. Euskal Herriko biztanleriaren % 88-95, herrietan bizi zen, betiere, gaur egungo hiri/herri bereizketa konbentzionala baliatzen badugu (bost mila biztanletik gora edo behera).