Erliebea: irudikapena

mendia-aurrebista.jpg

Lurrazalak dituen tontor, zulogune, zimur, hutsune eta gainerako elementuek osatzen dute erliebea, eta bi indar edo eragileren baitan osatzen da.

Alde batetik, lur barneko indarren eragina dago: orogeniaren mugimendua (mendiek eta mendikateek osatzen dituzten indarrak), lurrikarak eta sumendiak. Beste batetik, kanpoko indarrak ditugu: higadura sortzen dutenak eta lurrazalaren itxura aldatuz joaten direnak. Ura eta haizea dira kanpoko indar nagusiak, baina ezin da ahaztu gizakiaren eragina ere.

Lurra duela 4.000.000.000 urte sortu zela uste da. Ordutik lurrazala etengabe aldatuz joan da: kontinenteak elkartu eta bereizi egin dira, itsasoak zabaldu eta desagertu…
Alde batetik, Lurraren dinamikak eragin ditu aldaketa horiek, eta gaur egun ere suma ditzakegu Lurraren barneko indar horiek, sumendiak edo lurrikarak aztertzen baditugu.
Bestalde, kanpo-eragileek (urak, haizeak…) ere alda dezakete barne-eragileek sortutako erliebe hori. Erliebearen aldaketa hiru faseko prozesu bidez gauzatzen da: higadura, garraioa eta sedimentazioa. Higadura eragiten duten elementu nagusiak hauexek dira: itsasoa, ur askeak, lurpeko urak, glaziarrak, haizea, gizakiaren eragina…
Bi indar-multzo horien arteko elkarreraginak ematen dio lurrazaleko zati solidoari orain duen itxura; itxura horri deitzen zaio, hain zuzen, erliebe. Dena dela, erliebeak ez ditu forma berberak lurrazaleko alde lehorrean eta itsas azpian, eta forma eta aldaketa bereziak izaten ditu lehorra eta ozeanoa elkartzen diren lekuetan.

Kontinenteetako erliebearen formak. Hauek dira lurrazalaren lehorreko erliebean aurki genitzakeen hainbat elementu: mendia, sumendia, ordokia, harana, erreka, ibaia, aintzira, zingira, padura…

Itsas hondoko erliebearen formak. Itsas hondoko erliebeak hainbat forma ditu (garai batean uste baino askoz gehiago); bereziak dira lehorreko formen aldean eta zerikusi zuzena dute Lurraren dinamikarekin.

  • Kontinenteen jarraipen dira itsasoko uren azpian dauden kontinente-plataformak, hots, 200 m-ko sakonerainoko ordokiak.  Garrantzitsuak dira arrantzarako eta petrolioaren ustiaketarako.
  • Plataformatik behera, ezponda aldapatsua izan ohi da, sakonera handiko itsas hondoraino iristen dena (3.000-7.000 m).
  • Itsas hondoan ordoki zabalak aurki ditzakegu, baina ozeanoen erdian dortsal ozeanikoak egon ohi dira: mendikate luzeak osatzen dituzte, askotan urpeko sumendi eta guzti.
  • Sakonera handiko ozeano-fosa edo fosa tektonikoak ere izan ohi dira itsasoaren hondoan; sakonenak (Mariana uharteetakoak) 11.033 m-ko sakonera du.

Itsasertzeko erliebearen formak. Itsasoa eta lehorra elkartzen diren lekuetan erliebearen formak beste inon baino aberatsagoak dira, beharbada. Itsasertzean hondartzak eta labarrak bereizi ohi dira beren izaeratik; baina, horiez gain, erliebeko beste hainbat forma ere aipatu ohi dira: itsasadarra, penintsula, uhartea, badia, lurmuturra, arrezifea…

Mapak lurrazala, eta, bereziki, lurrazaleko atal bat irudikatzeko erabiltzen dira. Mapa horietako zenbaitetan lurrazaleko erliebea adierazten da. Hainbat era dago, horretarako: mendien kokapena adierazi, sestra-kurbak erabili…

Mapak lantzeko, marrazteko eta argitaratzeko erabiltzen diren azterketa eta eragiketa zientifiko, artistiko eta teknikoen multzoari kartografia deitzen zaio. Zenbaitetan, lurrazaleko hainbat inguru geografikoren mapa-bilduma eskaini ohi da mapa-liburu batean, gehienetan informazio osagarriz hornituta (historia, ekonomia, astronomia, etab.). Liburu horri atlas deitzen zaio.

Utzi erantzuna