Erromanizazioa gure artean k.a. II. Mendetik k.o. V. mendera arte eman zen, eta garai horretan hainbat erromatar ohitura gure artean zabaldu ziren.
Hizkuntza
Latina batez ere erromatar Inperioak hedatu zuen. Latina hizkuntza ofizial bakarra zen eta administrazioarekin harremanetarako ezinbestekoa. I. mendetik aurrerako inskripzio guztiak latinez agertzen dira eta pixkanaka alfabeto latinoa lurralde guztian zehar zabaldu zen.
Euskara eta latina elkarrekin bizi izan ziren mende askotan, eta horrek ondorioak ekarri zituen. Batetik, latina goi mailakoen eta Elizaren hizkuntza bihurtu zen , boteretsuen ezaugarri bihurtu baitzen. Bereziki Ebro arroan jende askoren artean zabaldu zen Bestetik, herritarren artean euskara zen ia hizkuntza bakarra. Dena den ezin dugu ahaztu latinak euskaran oso eragin handia izan zuela, hiztegian batez ere.
Janzkera eta apaindura
Erromatarren jantziak (tunika, estalkiak, togak, sandaliak, legionarioen armadurakā¦) jende-talde jakin bati zegozkion: hirietan bizi zen biztanleriaren goi mailako jendeari.
Hiriez kanpo, nekazari-guneetan, gehienek bertako janzkera tradizionala mantendu zutela dirudi. Euskal biztanle gehienak, seguru asko, ortozik edo abarken tankerako oinetakoekin ibiliko ziren. Nolanahi ere, erromatar moldeko oinetakoak ere azaldu dira; adibidez Oiasso hirian oinetako baten zola azaldu da.
Garai hartako aztarnetatik ondoriozta daiteke, ehotzea eta jostea ohiko jarduerak zirela. Landare-zuntzetan lihoa, eta animalia-zuntzetan artilea ziren lehengai arruntenak garai hartan. Larruzko jantziak ere erabiltzen zituzten.
Gizonezkoak depilatuta joatea zen erromatarren moda. Arruntena gizon bakoitzak pintza batekin bere gorputza depilatzea zen.
Aztarnategietan brontzezko eta beirazko apaingarriak (eraztunak, eskumuturrekoak, lepokoak eta kateak) eta zeramikazko edo beira-orezko lepoko aleak topatu dira, baita urrez egindako bitxiak.
Sinismenak
Erromatar Inperioaren toki gehienetan politeismoa (jainko ugari gurtzea ) zen nagusi eta tokian tokiko jendearen sinesmenak, erromatarrentzat arriskutsuak ez ziren neurrian, errespetatu egiten zituzten. Datu horiekin pentsa liteke euskal biztanleriaren gehiengo zabala, bereziki nekazaria eta abeltzaina, betiko sinesmenen jarraitzailea zela, eta erromatar ereduko erlijioa batez ere hirietan, goi-mailakoen artean zabaldu zela.
Erromatarren ikuspegi tradizionalean jainko-jainkosek zeru-lurrak gobernatzen zituzten.
Artea: Arkitektura
Hiri nagusietan oso garrantzitsu bihurtu ziren eraikin publikoak: foroak, teatroak, zirkuak, termakā¦ Horrelako eraikinek probintzietako biztanleei Erromaren handitasuna eta edertasuna erakusten zizkieten. Horren adibide ditugu euskal lurraldeetan topatutako bai monumentu handiak (Lodosako akueduktua, Oiassoko termak, Andeloseko ur-biltegia) eta baita hainbat mosaiko, pintura, terma, etab. ere.
Hileta-errituak
Hileta erriturik ohikoena errausketa zen, bai bertako jendearen artean, baita erromatarren artean ere. Hildakoak erretzeko ohitura erromatarrak iritsi aurretik zegoen errotuta. Gorpua sutan kiskaltzen zen lehenik eta ondoren errautsak kontu handiz bildu eta zenbait objekturekin batera lurperatu egiten ziren toki berezi batean.
Bertakoen eta erromatarren errituen artean baziren desberdintasun batzuk. Euskaldunen ohitura errautsak harrespila (edo tumulu) batean ehorztea zen. Erromatarrek berriz nekropolietan (hilerrietan) biltzen zituzten. Hildakoaren errautsak buztinezko errauts-ontzi batean sartzen zituzten eta ontzi hori lurperatu egiten zuten.
Errauts-ontziaren aldamenean edo barruan zenbait objektu sartzen ziren: beirazko ukendu-ontzitxoak, txanponak, gezi-puntak, metalezko apaindurak, kolorezko beira-bolatxoak, etab. Aberatsek beren errauts-ontziaren aldamenean hilarri landu bat jar zezaketen.