Espainiako egitura politikoa definitzean, demokrazia bat dela esan dezakegu, nahiz eta gaur egungo demokrazia gehienetan bezala, ez diren demokraziaren ezaugarri guztiak islatzen. Horrez gain, monarkia konstituzional erako agintea du, eta lurralde antolaketa estatu autonomikoan oinarritzen da.
Erregea da estatuburua eta estatuko ordezkari nagusia; berak du armadako kargu gorena; eta bere eginkizun gehienak, 1978ko Konstituzioan zehaztuak, sinbolikoak dira.
Botere legegilea
Gorteak bi ganbera ditu: kongresua edo hiritarren ordezkaritza, eta senatua edo probintzia eta lurraldeen ordezkaritza. Erakunde horretarako ordezkariak lau urterako hautatzen dira hauteskundeetan, eta beren eginkizun nagusiak legeak egitea eta gobernua kontrolatzea dira.
Botere betearazlea
Botere betearazlea gobernuari dagokio. Botere horretan gobernuburuak edo presidenteak, gobernuburuordeak eta ministroek parte hartzen dute. Funtzio nagusia estatuaren politika zuzentzea da, eta legeak betetzen direla bermatzea.
Botere judiziala
Botere judizialaren egitura piramidearen antzekoa da, eta hainbat maila bereizten dira, udal txikietako bake-epaitegietatik hasi eta azken helegiteak aurkezteko Epaitegi Gorenera iritsi arte.
Horrez gain, Entzutegi Nazionala dago, hainbat eratako delituak epaitzeko; eta Auzitegi Konstituzionala, legeak konstituzioaren arabera egiten direla ziurtatzeko.
Arartekoa (Defensor del Pueblo)
Arartekoa Suedian, XIX. mendearen hasieran (1809), sortutako erakunde politikoa da, Ombudsman, alegia. Handik Europa osora zabaldu zen XX. mendean zehar. Espainiako estatuan 1978ko Konstituzioaren ondoren sortu zuten. Arartekoa Parlamentuak aukeratzen du.
Erakunde horretako ardura duen kargudunaren helburua hiritarrak babestea da; administrazioak bidegabekeriarik eginez gero, administrazioaren au rrean babesa ematea hain zuzen ere. Hiritarren eskaerei jarraituz, haiek azaldutako kexen berri ematen dio administrazioari, eta administrazioak epe jakin batean erantzun behar du, eta bere jarrera zuzendu edo arrazoitu. Batzuetan, arartekoak berak salaketa jar dezake epaitegian, bai epaitegi arruntetan bai Epaitegi Konstituzionalean. Bere ardura da, orobat, administrazioari aholkuak eta iradokizunak helaraztea, txostenen bidez.