Sedimentuak geruza horizontaletan pilatzen dira milioika urtetan zehar sedimentazio-guneetan,. Lur barneko indarrek geruza horien gain indar egitean, materialak altxatu egiten dira eta forma-aldaketak jasaten dituzte, harrien ezaugarrien arabera.
• Geruza harri elastikoz osatuta dagoenean, barne-indarren eraginpean, forma aldatu egiten zaio geruzari; baina indarra desagertzean, hasierako forma hartzen du berriro.
• Harriak plastikoak badira, geruza deformatu egiten da; eta, indarra desagertzean, forma aldatu horretan bertan jarraitzen du.
• Material zurrunez osatutako geruzetan indarra egitean, deformatu ordez, apurtu egiten da.
Errepide berri bat egitean, mendi-magaleko harri-geruzak ikusteko aukera izan dezakegu. Geruza horiek oso gutxitan egoten dira horizontalean: ia beti deformatuta agertzen dira. Deformazioa jarraitua denean, hau da, hausturarik gabea, toles bat dela esaten da; deformazioak hausturaren bat duenean, berriz, faila bat dela.