Gimnospermoak: hazi biluziko landareak

gimnospermoak2-aurrebista.jpg

Orain baino lehen ikusi duzun bezala, landare loredunen artean sailkatu ditugu landare gimnospermoak edo hazi biluziak dituztenak. Zer dute, bada, berezia landare horiek? Gainerako landare loredunek baino egitura sinpleagoko loreak dituzte gimnospermoek, obuluak agerian dituztela, biluziak, eta hori dela eta, haziak ere biluziak izaten dira. Hau da, lore emeetako haziak ez daude obulutegiaren barruan, ezkaten gainean biluzik kokatuta baizik. Loreak sexu bakarrekoak izan ohi dira askotan gimnospermoetan, eta hala arrak nola emeak pinaburu antza hartzen dute.

Loreak ezkata handiagoz edo txikiagoz inguratuta egon ohi dira, polen-zakuak babesteko lore arretan eta obuluak babesteko emeetan. Gaur egun angiospermak baino urriagoak izan arren, iraganean garapen handia izan zuten. Horietatik, hor beheko argazkietan jarri dizkizugun espezieak erraz topa ditzakezu Euskal Herrian, batzuk bertakoak baitira: hagina, izei zuria, mendi-pinua, ipar-ipurua… eta beste batzuk sarritan landatzen dira parke eta mendi bazterretan: intsinis pinua, zedroa, izei gorria, altzifrea…

Landare horietako askok egurra oso erretxinatsua izaten dute, eta espezie batzuk paper-pasta egiteko, eraikuntzan eta altzarigintzan erabiltzen dira.

Kasu berezi bat aipatzeko, ginkgoarena aipatuko dugu. Landare horrek abaniko antzeko hostoak ditu, eta gaur egun era horretako zuhaitz bakarra bada ere, antzina gure planetan oso zabaldua zegoen gimnospermo klase baten kidea da.

Jatorriz txinatarra da, baina parke eta lorategietan maiz landatzen da, eta, esan bezala, hostoak berezi-bereziak ditu, beste edozein landareenekin nahastezinak.

Utzi erantzuna