Urte asko eta askoan, zientzialariek ez zuten zalantzarik izan erlijioek gizakiaren sorrerari buruz ziotena onartzeko. Erlijio gehienen arabera Jainkoak sortu (kreatu) zuen gizakia, eta erlijio kristauaren arabera, sortu ez ezik, beste izakien guztien jabe izendatu zuen. Jainkoak sortutako (kreatutako) gizaki hori beti espezie berekoa izango zen, noski, historian zehar inongo aldaketarik gabe iraungo zuena (kreazionismoaren eta fixismoaren teoria).
Horixe uste izan zuten zientzialariek, XIX. mendearen amaiera arte, eta gauzak ez ziren berehala aldatu, Darwinek eta Wallacek eboluzioaren teoria argitaratu ondoren ere. Bi taldeen artean (eboluzioaren aldekoak, batetik, eta kreazionistak edo fixistak, bestetik) eztabaida eta gorabehera asko izan ziren, eta kreazionistek arbuiatu egin zuten gizakiaren eboluzioaren teoria.
Eman dezagun giro hori islatzen duen adibide bat: Frantzian, J.B. Crèvecoeur zientzialariak gizakiaren hezurrak eta tresnak aurkitu zituela esan zuenean, zientzialari askok ez zioten sinetsi. Hala ere, Londreseko Royal Society elkarteak eta Darwinek arrazoia eman zioten. Kreazionistak, bestalde, Darwin barregarri uzten saiatu ziren, eboluzionismoaren teoria argitaratu zuelarik. |
Aski ezagunak dira garai hartan Darwin tximino itxuraz erakusten zuten karikaturak (orri honetan ikus ditzakezu horietako batzuk).
Gizakiarenganaino iristen den eboluzio-bide bat dagoela, beraz, oso berandu onartu zuten zientzialarien artean ere, nahiz eta 1833. urtean Liejan eta 1856. urtean Alemaniako Neander bailaran gizakiaren fosilak aurkitu. Aurkikuntza horri dagokionez, esaterako, gizakiaren arbaso zahar bat zela ez onartzearren, eta aurkitutako izakiak gizakiarekiko zituen berezitasunak argitzeko, artrosia eta errakitismoa zituela esan zuten.
Gizakiak primateak gara, eta antzekotasun ugari ditugu tximinoekin, baina ez gara haien ondorengoak. Duela 18 milioi urte arbaso komun bat izan genuen, baina haren ondorengoak bi adarretan banatu ziren: batetik tximinoak sortu ziren, eta bestetik, gizakiak.
Beraz, lehengusuak garela esan daiteke, baina ez haiengandik gatozela: gizakia ez dator tximinoetatik.
Diagraman ikus dezakegu nolakoa den tximinoen eta gizakiaren arteko ahaidetasun-maila.