Bere kasa eta inguruaren eraginez naturak baimendu eta babestu egiten ditu zenbait moldaera berri. Naturak egiten duen berezko hautaketa horri hautespen naturala deitzen zaio.
Jo dezagun, esate baterako, ingurune jakin batean aldaketa klimatikoak gertatzen direla. Bizidunek, oro har, ez dituzte batere ongi jasaten horrelako aldaketak, ez baitira ondo moldatzen horietara. Baina aldaketek luzaroan irauten badute, gutxien moldatuak daudenak desagertzen joango dira eta, aldiz, baldintza klimatiko berrietara hobekien moldatzen direnak gehiago ugalduko dira. Populazio bateko aldaera berezi bati bidea errazten dionean, natura hautespen naturala bultzatzen ari dela esaten dugu.
Inguruneak espezieari zenbat eta presio handiagoa egin, orduan eta bizkorrago nabaritzen da hautespen naturala. Bestalde, denbora luzean aldaketarik izan ez duen ingurune batean baldintzak aldatzen badira, hautespen naturalaren eragina askoz bizkorragoa izaten da, beste inon baino.
Hautespen artifiziala
Hautespen naturaletik at badira beste hautespen mota batzuk ere. Gizakiak, esaterako, espezie batzuen barruan era askotako aldaerak edo barietateak lortu ditu, hautespen artifiziala erabiliz.
Hautespen artifizialaren adibide adierazgarria da txakurrarena. Gizakiak bere ekintzetarako (ehiza, zaintza, laguntza, konpainia, garraioa…) egokia izan zitekeen txakur mota hautatzeko ahaleginak egin ditu milaka urtean zehar, eta horrela lortu ditu, hautespen artifizialez, hainbat txakur-arraza, bakoitza ekintza jakin batzuetarako bereziki egokitua edo moldatua.
Txakurrak (Canis familiaris) ahaide hurbilak ditu, bai otso europarra (Canis lupus), bai Indiako otsoa (Canis pollipes) edo Afrikako txakala (Canis aureus, Canis mesomelas…), eta baita Ameriketako koiotea ere (Canis latrans), eta nekez esan liteke horietako zeinen antz handiagoa duen. Kontuak kontu, txakurraren hainbat aldaeratatik abiatuta, eta espezie horretako banakoen moldaeraz, elkarren oso bestelakoak diren txakur-arraza asko sortu dira. Honako irudi honetan ikus ditzakezu arraza horietako batzuk eta elkarren artean dituzten ahaidetasunak.
Hautespen artifizialaren bidez, ekintza bakoitzerako txakur mota egokiena hautatuz joan izan da gizakia, urteetan zehar. Artzain-txakurrak, esaterako, lan horretarako baldintza edo gaitasun egokiak dituzten txakurren artean hautatu ditu gizakiak. Gainera, artzaintzan jardun izan duten zenbait lurraldetan hainbat motatako edo arrazatako artzain-txakurrak sortu dira: alsaziar artzain-txakurra, alemana, euskalduna…
Euskal artzain-txakurra ia galtzeko zorian egon bada ere, gaur egun arraza horretako bi aldaera berreskuratzeko bidean daude: Aizkorriko artzain-txakur iletsua, eta Gorbeiakoa.
Laguntzako txakur batzuen artean, eritasun genetikoak izan dira hautaketarako eta arraza berria sortzeko oinarria: Basset arrazako txakurrei, adibidez, hanketako hazkuntza-kartilagoa oso gazte direla desagertzen zaie, eta berezitasun genetiko horren ondorioz, hanka-motzak dira denak.
Baina gizakiaren hautespena ez da txakur-arrazak lortzeko soilik erabili. Gauza bera gertatu da gainerako etxeko abereekin edo laguntzako animaliekin: esne asko ematen duten behiak, arrautza ugari jartzen dituzten oiloak, artile sendo eta ugaria ematen duten ardiak, lagunarteko katu otzanak… Gizakiak sortu ditu arraza horiek guztiak, ehunka edo milaka urteren buruan, bete behar zituzten funtzioetara ahalik eta hobekien egokitzen ziren animaliak hautatuz eta jatorrizko arraza basatietatik bereiziz.
Animaliei buruz esandako gauza bera esan genezake hainbat landare-espezieri buruz ere. Gainera, landareen ezaugarriak hautatzea lan errazagoa izaten da animalienak hautatzea baino, berezitasun adierazgarriak hautatzeko garaian, sexurik gabeko ugalketa ere erabiltzea posible izaten baita landareetan.
Hautespen artifizial hori gogoan hartzeko kontua bada ere, ez dugu ahaztu behar gizakiak egiten duen hautaketa horrez gain, badagoela naturak berez egiten duen hautespen natural bat, hau da, ingurune jakin batean bizitzeko moldatzen diren aldaera jakin batzuk bultzatzen dituen berezko hautaketa.
Bi hautespenen arteko aldea nabarmena da: gizakiak hautespen artifiziala bultzatzen duenean, berariaz egiten du, nahita, eta nahi duen bidetik. Hautespen naturalak, aldiz, inguruneko baldintzen arabera dihardu.
Kontuak kontu, ez da ahaztu behar, azken urteetan, gizakiak gero eta eragin handiagoa izan duela ingurune naturaletan. Intsektiziden erabilera iraunkorrak, esate baterako, inguruneetako biozenosiaren (bizidunen artean) baldintzak goitik behera alda ditzake, intsektuentzat, adibidez. Hala, intsektu ugari hilko dira, eta ekosistemetan aldaketa gogorrak gertatuko dira; baina sarraskiaren ondoren bizirik irauten duten intsektuak intsektizida horri aurre egiteko moldatuagoak egongo dira, zailduagoak, eta hurrengo belaunaldiak hala jarraituko du, intsektizida gero eta errazago jasanez.
Gauza bera esan daiteke arratoiak akabatzeko erabiltzen diren pozoiez edo bakterioen aurka erabiltzen ditugun antibiotikoez: bizirik irauten duten arratoiak edo bakterioak gogorragoak izango dira eta gero eta botika gogorragoak erabili beharko ditugu horiek akabatzeko.