Hiri egitura berriak

Gaur egun, hiriko biztanleak izugarri ugaritu dira. Horrenbestez, hiri egitura berriak ari dira sortzen eta horiek guztiak hiriaren paisaia fisikoan eta inguruan eraldaketa handiak sortu dituzte.

Hasiera batean, egitura horiek herrialde garatuetako hirietakoak soilik izaten ziren, baina gaur egun, fenomeno hori orokortu egin da, eta garapen bidean dauden herrialdeetako hirietan ere egon badaude.

Honako hauek dira hiri egitura berri horiek:

  • Metropoli-eremua
  • Konurbazioa
  • Megalopolisa

METROPOLI-EREMUA

Hiri handi baten inguruan dagoen hiri-eremu zabala da, administratiboki zenbait udalerri biltzen dituen hiri-azalera, hirien arteko lotura ekonomiko eta sozial garrantzitsuak dituena. Hiri-eskualde horiek, gehienetan, funtzionamendu zentralizatua dute.

Hiri handietan hedatze-prozesua ari da gertatzen eta hiri txikiagoak xurgatu egiten dituzte, inguruko hiri eta herri txikiak, alegia. Herri txiki horiek administrazio-autonomia eta autonomia judiziala galdu eta hiri nagusiko barruti bilakatzen dira, hiri nagusiaren lotarako gune, industriagune… Inguruko herrietako biztanleak, askotan, hiriko lanpostuen eta zerbitzuen mende daude; adibidez, Bilbon, Madrilen edo Bartzelonan.

Iruñeak eta Gasteizek ere sortu dute metropoligunea azken hamarkadatan.

KONURBAZIOA

Bi hirik edo gehiagok bat egiten dutenean sortzen da. Ikuspegi fisikotik hiriak bat eginda badaude ere, bakoitzak bere administrazio-erregimenari eta erregimen juridiko independenteari eusten dio.

Pareko tamainatako hirien artean gertatzen da fenomeno hori. Hirietako bat bestea baino handiago bada, ordea, hiri handiarekiko mendekotasun irizpidea finkatu ohi da.

Metropoligunean ez bezala konurbazioa zentrorik gabeko eremua da. Lehen banaturik zeuden hirien baturak sorturiko hiri-eremu handi bakoitzak bere independentzia mantentzen du.

Baiona-Donostia Euskal Eurohiria edo, besterik gabe, Euskal Eurohiria, Baiona eta Donostia arteko konurbazioari esaten zaio. Bidasoa ibaia azken mendeotan izan den muga politiko eta administratiboaren bi aldeetan hedatzen den hiri-espazioa da. Gaur egun, 600.000 biztanle inguru eta 42 udalerri ditu. Europan konurbazio argi bat Rotterdam-Amsterdam artean sorturikoa da.

MEGALOPOLISA

Zenbait hiri handi eta haren mendeko auzoak biltzen dituen hiri-eremua da. Hiriek nolabaiteko independentzia badute ere, mendekotasun nabarmena dute. Askotan, hiri handiek sortutako konurbazioak edo metropoligune erraldoiak elkartuta sortzen dira megalopolisak. Sortzen den eremua, beste hiri bat izan ohi da, bestelako arazoak eta konponbideak dituena.

Munduko megalopolisik handienak Boston-Washington eta Tokio-Fukuoka dira: 50 milioi biztanle inguru dituzte. Kuantitatiboki hiriguneak 10 milioi baino biztanle gehiago biltzen dituenean, esaten dugu hori megalopolisa dela.

Utzi erantzuna