Klima ekuatoriala

klima-ekuatoriala-aurrebist.jpg

Izenak adierazten digunez, klima mota hori ekuatore aldean izaten da, 0°-5° koordenatuen artean. Ingurune beroak dira eta, batez-beste, 25-27 °C egiten du oihan tropikaletan. Gainera, egunean zeharreko tenperatura-bitartea oso txikia izan ohi da: 1-3 °C artekoa.

klima ekuatoriala

Klima ekuatorialean, prezipitazioak ugari dira (1.000tik 4.000 mm/urteko), eta banaketa oso erregularra dute. Izan ere, leku askotan ia egunero egiten du euria, eta honako hauxe izango litzateke bioma honetako egun tipikoa: goizean, oskarbi; eguerdi aldera, zeru osoa estaltzen duten hodeiak; laurak aldera, ekaitz gogorra, hodei eta euri ugarirekin; baina, berehala, eguzkia jaun eta jabe berriz.

Eurite horiei esker, oihan tropikaleko lurraldeetan daude munduko ibai emaritsuenak: Amazonas eta Orinoko ibaiak, Hego Amerikan, eta Kongo ibaia, Afrikan.

Oihan tropikala deiturikoa da klima ekuatoriala duten lurraldeetako bioma. Bizidun ugari bizi da bioma horretan.

Klima ekuatorialeko eguraldi beroak eta hezeak landaredi oparoa sortzen du: oihan tropikalen berezitasuna da beti berde-berde egotea. Oihanak oso itxiak direnez, landareen artean lehia gogorra izaten da eguzkiaren argia lortzeko. Hala eta guztiz ere, oihaneko zorua pobrea da elikagaietan (berehala erabiltzen baitira, edo euri-jasen urak erraz eramaten baititu) eta oso landare gutxi dago lur-zoruan. 

Landaredi ekuatorialean aipatu behar dira kaobak, eukaliptoak, lianak, orkideak eta gutxi ezagutzen diren beste milaka landare.

Gizakiaren eragina handia da inguru honetan. Oihaneko zuhaitzak, besteak beste, zuretarako erabiltzeko asmotan, desagertzen ari dira eta ondorioz, oihaneko oinarria den zoruko lur gozoa ere higaduraz desagertzeko zorian dago eta betiko galtzeko arriskuan geratzen ari da.

Gainera, europarrek kakao, kotoi eta abarreko lursail handiak sortzeko, sekulako deforestazioak eragin ditu. Oihan tropikaleko fauna oso aberatsa da, baina desagertze-bidean daude horietako asko: tximinoak, suge handiak, krokodiloak, panterak, loroak eta guakamaioak, tukanak, intsektuak, armiarmak…

Utzi erantzuna