Klima epelean kokatuta basoa izan da gizakiak gehien aldatu duen bioma. Gizakia klima tropikalean eta sabanan sortu bazen ere, oso laster hasi zen bioma hori eraldatzen, nekazaritza zabalduz joan zen heinean bereziki. Horregatik,, bioma gisa ia desagertua dagoela esan dezakegu.
Europako mendebaldea eta erdialdea, k.a.5000 urtean baso erraldoia zen. Baina nekazaritza eta abeltzaintzaren sarrerarekin basoari kendu zioten lurra. Erdi Aroan, basoa hainbat eta hainbat gauzatarako erabili zenean: etxeak, altzariak eta lan-tresnak egiteko, egur-ikatza egiteko… (Euskal Herriaren historian hor ditugu, adibide gisa, ikazkinak eta olagizonak). Horrez gain, basotik lortzen ziren gizakien elikagaiak ere.
Basoen ustiapen sakon horrek, basoaren beraren ia desagertzea ekarri du. Haien tokian, lursailak, animalientzako belardiak, edota helburu ekonomikoz egindako zuhaitz-landaketak ikus ditzakegu. Horren adibide nabarmena Euskal Herriko pinudiak dira.
Gizakiaren ikuspegitik, baso horien desagertzeak mesede ekonomikoak ekarri dizkie munduko estatu garatu eta aberatsenei, baso horien lekuetan baitaude kokatuta. Baina etorkizunean ez dakigu zer ondorio ekologiko ekar dezakeen horrek guztiak.