Klima honen ezaugarri nagusia izaera aldakorra da, bai tenperaturari dagokionez, baita prezipitazioei dagokienez ere. Klima kontinentala, ozeanoen eraginik ez duten latitude ertainetan dauden eskualdeetan ematen da; bereziki, ipar hemisferioko kontinente barruko, 45-65° koordenatuen artean. Itsas bazterretik urrun egoteak edo haizeak eta prezipitazioak kontinentearen barnealdetik jasotzeak eragiten du eskualde horietako klima hori.
Klima honen ezaugarri nagusia izaera aldakorra da, bai tenperaturari dagokionez, baita prezipitazioei dagokienez ere. Klima kontinentala, ozeanoen eraginik ez duten latitude ertainetan dauden eskualdeetan ematen da; bereziki, ipar hemisferioko kontinente barruko, 45-65° koordenatuen artean. Itsas bazterretik urrun egoteak edo haizeak eta prezipitazioak kontinentearen barnealdetik jasotzeak eragiten du eskualde horietako klima hori.
Ipar hemisferioko kontinente nagusien barrualdean agertzen da gehienbat: Siberia aldean, Ameriketako Estatu Batuetan, Kanadako eta Europako barnealdeetan, Asiako erdialdean, Txinan…
Klima kontinentala gogorra izan arren, haren eraginpean kokatzen dira munduko hiriburu eta hiri nagusietako asko: Mosku (Errusia), Astana (Kazakhstan), Ulan Bator (Mongolia), Chicago, Montreal, Pekin, Viena, Milan, Praga, Kiev…
Lurralde horiek asko berotzen dira udan (30 °C baino gehiago) eta, aldiz, hoztu neguan (0 °C azpitik, izozte handiak). Alde handia dago egunaren eta gauaren artean: egunean zehar tenperatura-bitartea oso handia izaten da, 20 °C artekoa. Lurraldearen eta kokapenaren arabera urteko batez besteko tenperatura asko aldatzen da; 10-15 °C-koa izan ohi da,.
Gehienetan, lurralde horietan euri gutxi egiten du, prezipitazioak nahiko urriak dira, kontinenteen barnealdean kokatzen direnez, ozeanoen eta itsasoen hezetasunetik urrun geratzen baitira. Batez beste, 700 mm euri egiten du urteko. Prezipitazioen banaketa nahiko irregularra da, eta, batez ere, udan egiten du, ekaitzen ondorioz.
Prezipitazioak, urriak izan arren, ibaiak emari handikoak izan ohi dira, oso eremu zabaleko ura jasotzen baitute. Horrela, hedadura handiko arroak sortzen dira: Rhin, Danubio…
Klima horretako landaredia oso aldakorra da. Leku hezeenetan, belardia da nagusi, baina haritz-basoak ere topa genitzake; lehorrenetan, berriz, estepa deitzen diren belar-eremu zabalak daude. Estepa horiek oso aproposak dira abelazkuntzarako eta, bereziki, zereal-laboreetarako: lur aberatsak izateaz gain, oso lauak izan ohi dira, makinaria erabiltzeko aukera ematen dutenak. Horregatik, lehen belardi ziren eremu asko eta asko gaur egun nekazaritzarako moldatu dira. Horrek, jakina, animalia askoren desagertzea eragin du, bisontea kasu.
Klima kontinentaleko lurraldeen iparraldean taiga basoak aurkitzen dira. Taigako zuhaitzak gehienbat papergintzan erabiltzen dira gaur egun.Klimaren gogortasuna dela eta, hor dauden animalia askok emigratu egiten dute. Neguan gelditzen direnak aldiz, hibernatu egiten dute. Jatorrizko animalia asko galdu den arren, klima kontinentalean berezko fauna zabala aurki dezakegu oraindik: arranoak, saiak, koartzak eta mota askotako hegaztiak, oreinak, altzeak, kastoreak, lepahoriak, katagorriak, erbiak…