Klima siberiarra

klima-siberiarra-aurrebista.jpg

Klima siberiarra zirkulu polarren inguruetako eta Asia eta Ipar Amerikako kontinenteen iparraldeko klima da; Siberia eta Kanadako iparraldekoa, baita Groenlandiako itsasertzekoa ere.

Klima siberiarra

Klima siberiarra oso gogorra da bizidunentzat (gizakia barne), batez-beste 2 °C-tik beherako tenperaturak izaten dira. Neguak oso luzeak eta oso hotzak izaten dira eta, hainbatetan, –50 °C-ra irits daiteke tenperatura. Udak nahiko epelak izan ohi dira, 15 °C ingurukoak, eta hezeak; ondorioz, tenperatura-bitartea 35-50 °C artekoa izan daiteke.  Siberiako Oymyakon herrian neurtu da herri batean inoiz jaso den tenperaturarik hotzena: –71,2 °C.

Udan izaten dira euriak, ekaitz eran, askotan. Baina prezipitazio kantitatea nahiko txikia izaten da, 450 mm/urteko ingurukoa.

Klima siberiarra duten lurraldeetako landaredia taiga basoa da. Zuhaitz koniferoz (izeiak, alertzeak…) osatua dago, gehienetan, hosto-zabal zenbaitekin nahasian (zumarrak…).

Gizakiaren eraginez, esan beharra dago, oso deforestazio-prozesu indartsuan murgilduta dagoela ingurunea. Gainera, meatzaritzak sekulako garrantzia hartu du lurralde siberiarretan, eta horrek asko indartu du deforestazio-prozesua.

Taigako animalia batzuek, hartzak kasu, negu partean hibernatu egiten dute. Beste askok, hegaztiek bereziki, hegoaldera emigratzen dute, ingurune epelagoen bila. Ingurune horietan, otsoak, azeriak, lepahoriak, bisoiak, erbinudeak, oreinak eta elur-oreinak, altzeak… aurki daitezke.

Klima siberiarrean bizi den ia biztanleria osoa hegoaldean kokatuta dago, Transiberiar trenbide famatuaren bidetik gertu.

Utzi erantzuna