Klima txinatarra 20° eta 35°ko latitudea duten lur-eremu epeletan dago, eta kontinenteetako hego-ekialdeko aldeetan aurki dezakegu. Nagusiki, Txinako hegoaldean, Taiwanen, Japonian, Ameriketako Estatu Batuetako hego-ekialdean eta Uruguai-Brasil-Argentina bilgunean.
Klima horretan neguan tenperatura epelak (10 °C-tik gorakoak) dira eta uda partean beroaldiak (20-25 °C-tik gorakoak) daude. Batez-beste, klima txinatarrak 15-20 °C-ko tenperatura izaten du urtean. Hori bai, egunean zehar tenperatura-bitarte handia izaten dute, 14-15 °C artekoa, hain zuzen ere.
Oro har, klima txinatarra nahiko hezea dela esan daiteke. Izan ere, haizeteek itsasaldetik jotzen dute eta oso hezeak iristen dira lehorrera, prezipitazioak areagotuz. Horregatik, klima txinatarra, zenbaitentzat, klima tropikal montzoikoaren luzapena besterik ez da. Prezipitazio horiek irregularrak eta kopuru handikoak dira: 1.000 mm/urteko inguru. Eurite horiek urte guztian zehar banatzen badira ere, udan izan ohi dira handienak. Klima txinatarrak ez du urtaro lehorrik izaten.
Lurraldeetako landaredia tropikoetako eta alde epeletako landare hosto erorkorren nahasketa dela esan daiteke. Horrela, banbuak bezalaxe, haritzak ere aurki ditzakegu, esate baterako. Azpimarratu behar da ginseng moduko sendabelarrek duten garrantzia. Landare apaingarriak ere oso zabalduta daude: adibidez, oinlodia txinatarren lore nazionala da.Klima txinatarrak animalien aberastasun handia erakusten du eta horietako batzuk klima txinatarreko eremuan bakarrik aurki daitezke: panda hartza, tigre txinatarra, faisai marroia, ibis gorria… Panda ugaztun zuri-beltza da. Banbu-kimuz elikatzen da eta 135 kg-ko pisua har dezake. Gaur egun, 1.500 inguru besterik ez dira geratzen, eta munduan galtzeko zorian dauden animalien ikur bilakatu da.