Dirudienez, Balkan inguruetan hasi ziren lehen aldiz metalak lantzen K.a. 4000 urte inguruan. Datu horiek, beste guztiak bezala, behin-behinekoak dira, agian zuk hau irakurtzen duzunerako, data eta gune berriak aurkituko baitira.
Metalurgiaren sorrera gizakia kobrea urtu eta xafla bihurtuz erabilgarria zela konturatu zen garaian kokatu beharko genuke; hainbat forma emanez, ontzi edo tresna iraunkorrak egin zitezkeela ohartu baitzen gizakia. Metalurgia jarduera horrek, besteak beste, labeen eta zenbait ezagutza teknikoren beharra ekarri zuen, nolabaiteko artisautza espezializatubat. Metala lortzeko ahaleginak, berriz, merkataritza sarea hedatu beharra ekarri zuen. Horrela, kobrearen bilaketa eta erabilera Anatolia ingurutik Mediterraneo osora zabaldu zen, eta gero, baita Asiako eta Europako zenbait herrialdetara ere.
Kobrea lortu behar horrek, guk ezagutzen dugun meatzaritza sortu zuen; mea lur gainetik ez ezik, lur azpitik ere atera behar zen, eta teknika berriak landu beharra zegoen.
Kobrearen aurkikuntzak eragin zuen hedapena kontuan izanda ere, bazituen akats batzuk: oso urri zegoen eta, gainera, bigunegia zen; horregatik, batez ere bitxietarako erabiltzen zen, eta aberatsen hilobietan aurkitu izan dira kobrezko tresnak.