Kreazionismoa eta fixismoa

kreazionismoaFixismoa01aurr.jpg

XIX. mendearen hasierara arte, teoria fixistak eta kreazionistak egon ziren indarrean. Teoria horien arabera, izaki bizidunak aldaezinak dira eta ezagutzen ez dugun Jainko batek banaka-banaka sortu zituen.

K.a. IV. Mendean, Aristoteles filosofo eta jakintsuak (K.a. 384-322), hierarkia zehatz baten arabera antolatu zituen organismoak: bakunenak beheko mailetan zeuden, eta besteak, gero eta gorago, konplexutasun-mailaren arabera. Mailarik altuenean gizakia kokatu zuen.

Linneo (Carl von Linne, 1707-1778) naturalista eta jakintsua fixismo eta kreazionismoaren aldekoa zen. Bere garaian ezagutzen ziren landare-espezie guztiak deskribatu eta espezie horiek sailkatzeko sistema bat asmatu zuen. Berak sortu zuen gaur egun erabiltzen den bizidunen latinezko izendegia. Bizidun bakoitza izendatzeko latinezko bi hitz erabiltzen dira: generoarena eta espeziarena (adibidez Homo sapiens).

 

Georges Cuvier (1769-1832) frantses irakasle eta zientzialaria izan zen. Bera izan zen fosilak aztertzen dituen zientziaren sortzaileetakoa eta paleontologiaren aita esaten diote, baina gogor egin zuen teoria eboluzionisten aurka. Espezie desagertuen fosilak nola sortu ziren esplikatzeko, katastrofismoaren alde egin zuen. Teoria horren arabera, Jainkoak behin baino gehiagotan sortu behar izan zituen animalia-espezieak. Zenbait katastrofe edo kataklismo jarraituren teoria da: katastrofe edo hondamen bakoitzaren ondoren (adibidez Uholde Nagusiaren edo Unibertsalaren ondoren), Jainkoak espezie berriak sortzen zituen. Lehengo izakien arrastoak (hondamen bakoitzaren ondoren sortuak ez, aurretik zeudenen hondakinak baizik) ziren fosilak. Hala ere, bizi izandako izaki guztien arrastorik ez dago; batzuk desagertu egin ziren, eta ez dago horien fosilik. Cuvierren ustez, 27 sorkuntza edo kreazio izan ziren.

Anatomia konparatua ere Cuvierrek asmatua da. Bi bizidunen eraketaren berdintasunak eta berezitasunak aztertzen ditu anatomia konparatuak, bizidun horiei arretaz behatuz eta bien arteko balizko ahaidetasuna agerian jarriz.

Utzi erantzuna