Mesozoikoaren azken periodoa da: narrasti erraldoiak eta dinosauro ezagunenak bizi ziren garaia. Landareei dagokienez, lehen landare angiospermoak (benetako loredunak) agertu ziren; hau da, lorearen baitan babesturik dagoen obuluaren bidez ugaltzen diren landareak.
Hala ere, Kretazeoko gertaera nagusia ez da bizi-forma berrien sorrera, hainbat espezieren desagerpen masiboa baino; izan ere, beste bizidun askoren artean, periodo honetan dinosauroak desagertu ziren.
Hainbat teoria dago desagerpen horren arrazoiei buruz. Onartuenetako bat dio asteroide batek Lurraren kontra (dirudienez Yucatángo penintsulan) egindako talkak eragin zuela. Talkaren ondorioz gertatu zen klima-aldaketak eragin zuela uste da aipatu desagerpen masibo hori. Talkaren ondorio ugarien artean, atmosferan barreiatutako iridioa da aipagarriena; hau da, une jakin batean atmosferako iridio-kontzentrazioa handitu egin zen eta kretazeoaren amaierako geruzetan ingurukoetan baino iridio gehiago dago; sedimentario hori Zumaiako flysch-ean ikus daiteke.