Litosfera-plakak bata bestearekiko mugitu egiten dira, eta mugimendu horien noranzkoaren arabera hainbat muga mota sortzen dira plaka horien artean (eta ondorioz, hainbat fenomeno mota):
– Plaken arteko muga dibergenteak edo muga eraikitzaileak (plakak elkarrekiko urruntzen dira).
– Plaken arteko muga konbergenteak edo muga suntsikorrak (plakak elkarrekiko hurbiltzen direnean).
– Muga kontserbakorrak edo faila transformatzaileak (plakak albozka mugitzen direnean).
Muga dibergenteak
Plakak urruntzen ari direnean, muga dibergenteak sortzen dira. Muga dibergenteetan egitura mota ezberdinak sor daitezke: urruntzen diren plakak kontinente-plakak direnean, rift kontinentalak eratzen dira eta ozeano-plakak direnean ozeano-gandorrak.
Ozeano-gandorrak itsas azpiko mendikateak luzeak dira. Erdigunean sakonune bat izan ohi dute, sumendi-kate bat osatzen duena, eta bertatik astenosferako galdatutako materiala (magma) kanporatzen da. Horrela ozeano-litosfera berria sortzen da.
Sortutako arrokak erdigunetik urruntzen doaz eta, beraz, arrokarik zaharrenak kontinentetik hurbilen daudenak izango dira eta gazteenak ozeano-gandorrekoak. Modu berean, ozeano-gandorretik urruntzean litosferaren dentsitatea handituz doa, hotzagoa eta zaharragoa baita, eta gainean dituen sedimentuen geruza ere lodiagoa izango da.
Muga dibergenteak litosfera ozeanikoaren eta erliebearen sortzaileak dira; izan ere, muga horietan sortzen da itsas hondoko litosfera berria, ozeano hondoak zabaldu egiten dira eta horrek itsas azpiko ozeano-gandorrak eratzea dakar. Muga dibergenteak dauden lekuetan azaleko lurrikarak (urpean sortzen direnez, itsasikarak) gertatzen dira.
Muga konbergenteak: subdukzio-eremuak
Plakak elkarrengana hurbiltzean muga konbergenteak sortzen dira. Muga hauek hiru motatakoak izan daitezke: ozeano-plaka baten eta kontinente-plaka baten artekoa, bi ozeano-plakaren artekoa eta bi kontinente-plakaren artekoa.
1. Ozeano-plaka eta kontinente-plaka artekoa
Ozeano-plaka bat (astunagoa, dentsitate handiagokoa) hondoratzen ari da kontinente-plaka baten azpian (arinagoa, dentsitate txikiagokoa), eta hondoratze horretan ozeano-fosa ez oso sakona osatzen da (sakonune estu eta luzea) bien arteko mugan. Ozeano-plaka kontinente-plakaren azpira sartzeari subdukzioa deritzo.
Subdukzitutako ozeano-plakak fluidoak askatzean gaineko kontinente-plakako materialak galdarazten ditu eta jarduera bolkaniko handiaren ondorioz arku kontinentalak sortzen dira (kontinente-ertzarekiko paraleloak diren sumendiz osatutako mendikatea).
2. Bi ozeano-plakaren artekoa
Bi plaken ertzak ozeanoren erdian badaude, ozeano-plaka bat beste baten azpian hondoratzen da (subdukzioa). Plaka hondoratzen den lekuan sakonune edo ozeano-fosa oso sakona sortzen da (Lurreko gunerik sakonenak). Gaineko plakako materialak, aurreko kasuan gertatzen zen arrazoi beragatik galdatzen hasten dira eta jarduera bolkaniko handiaren ondorioz uharte-arku bat sortzen da, plaken arteko mugarekiko lerrokatutako sumendiez osatutakoa.
3. Bi kontinente-plakaren artekoa
Bi kontinente-plakaren arteko muga konbergenteetan, litosfera bien lodieraren eta dentsitatearen ondorioz, plakek ezin dute hondoratu eta elkarren aurka talka egiten dute kontinente barneko mendikateak sortuz. Halakoetan, gerta daiteke izaera ozeanikoa zuen litosfera zati bat izaera kontinentaleko lurrazalaren gainean kokatzea, Himalaian gertatzen den bezala. Fenomeno horri obdukzioa deitzen zaio eta sortzen den egiturari ofiolita.
Muga konbergenteak elkartzen diren lurrazaleko eremuek erliebea sortzen dute, (eremu horietan sortzen dira tolestutako mendikateak), baina baita litosfera suntsitu ere, bertan litosfera ozeanikoa suntsitzen baita. Muga konbergenteetan ugariak dira lurrikarak. Lurrikara horiek sakonera txikikoak, ertainekoak eta handikoak izan daitezke, eta oso indartsuak. Ozeano-plaka batek subdukzitzen duen kasuetan lurrikarak Benioff planoa deritzonean gertatzen dira, subdukzitzen duen plakarekiko paraleloki.
Muga kontserbakorrak edo faila transformatzaileak
Muga kontserbakorretan bi plaka bata bestearekiko albozka mugitzen dira faila transformatzaileen bidez. Muga kontserbakorrak esaten zaie litosfera ez baita ez sortzen ez eta desegiten: bi plakak, batak bestea marruskatuz, elkarren aurka labaintzen dira.
Esan dugunez, plakak ez dira elkarrengana hurbiltzen, ez elkarrengandik urruntzen; bata bestearen alboan labaintzen dira; baina ez pentsa horregatik mugimendu horrek fenomeno geologikorik eragiten ez duenik. Plaken arteko marruskadura handia denez, bi plaken artean energia pilatzen joaten da eta halako batean, energia guztia bat-batean aska daiteke, lurrikarak sortuz, azalekoak izan ohi direnak. Ez da bolkanismorik izaten faila hauen inguruan.
Horrelako failarik gehienak ozeano-plaketan daude eta ozeano-gandorren hedatze-abiadura edo subdukzio-abiadura ezberdinak orekatzen dituzte. Kaliforniako San Andres faila ospetsua, aldiz, kontinente-plaken artekoa da eta lurrikara larriak eragin izan ditu historian zehar.