Estatua lurralde autonomoetan banatua dute herrialde batzuek, Espainia adibidez. Ezaugarri historiko, kultural eta ekonomiko berdintsuak dituzten probintziek osatzen dute erkidego autonomikoa. Horietako batzuek (Euskal Autonomia Erkidegoa, Katalunia etab.) behiala ezaugarri politiko berezi-bereziak izan zituzten.
Lurralde autonomoe hauek, beren oinarrizko legea izan dezakete. Estatu espainolean lege honi Autonomi Estatutua deritza. Autonomia bakoitzeko arauak bertako estatutuan datoz, eta Autonomi Estatutu hori bera da herrialdea arautzen duen lege multzoaren bilduma edo legeria.
Administratiboki, Estatu espainola hamazazpi autonomi erkidegok eta estatutu berezia duten bi udalek (Ceuta eta Melilla) osatzen dute.
Autonomi erkidego guztiek dute autogobernatzeko eskubidea estatuak emandako konpetentzietan (hezkuntza, osasuna…). Konpetentzia hauek Konstituzioan seinalatuta daude eta erkidego bakoitzari bere ezaugarri politiko-historikoen araberakoak dagozkio.
Estatuak emandako konpetentzien ardura gobernu autonomikoari dagokio, eta horretarako diru sarrerak izaten ditu.
Autonomi erkidego bakoitzak bere erakundeak ditu:
- Botere legegilea:
Ganbera bakarrez osatua. konpetentzia duen gaietan lege berriak egiten ditu. Batzar hau autonomi erkidegoko hautesleek sufragio unibertsalez hautatzen dute lau urtez behin. Estatuko Senaturako senadore batzuek ere aukeratzen dituzte,
- Botere betearazlea:
Gobernu kontseilua da autonomi erkidegoko gobernua. Eusko Jaurlaritza, Euskal Autonomia Erkidegoan, eta Nafarroako Gobernua Nafarroako Foru Erkidegoan. Espainiako Estatuak emandako konpetentzietan bakarrik agintzen dute gobernu kontseiluek. Autonomi erkidegoko biltzar legegileak aukeratzen du bere kideen artean autonomiako lehendakaria izango dena. Honek, ondoren, gobernuko kontseilariak izendatzen ditu.
- Botere judiziala:
Erkidego bakoitzak du goi mailako auzitegia, hau da, Auzitegi Nagusia.