Lurraren kanpoaldea: erliebea

erliebea-aurrebista.jpg

Guk ikusten dugun Lurreko zati solidoa lurrazalekoa da. Lurrazala, hitzak dioen bezala, Lurraren kanpoko geruza solidoa da, eta harriz eta substantzia mineralez osatutako gure planetaren gainazal osoa estaltzen du. Lurrazalaren kanpoko itxurari erliebea deritzo, eta dituzten ezaugarrien arabera, hainbat erliebe mota bereiz daitezke. Honako testu laburretan ikusiko dituzu horietako hainbat, Euskal Herriko deigarrienetakoak. Testu horiek irakurriz, erliebe mota horiek elkarren artean dituzten desberdintasunak konpara ditzakezu, eta, gainera, horko argazkien bidez Euskal Herriko hainbat erliebe garrantzitsu identifikatzen ikasiko duzu.

Itsasadarrak

Ibaien bukaerak izaten dira, itsasoaren eta itsasgoren eragina izaten dutenak. Txingudi, Bidasoa ibaiaren bukaeran, eta Urdaibai, Gernika inguruan, dira Euskal Herriko itsasadar ezagunenetako bi. Urdaibai Biosfera Erreserba da, eta Txingudi, Parke ekologikoa.

Kareharrizko mendilerroak (karstikoak)

Kareharria disolbatu egiten da, neurri batean euriuraren eraginez, eta paisaia bereziak eratzen ditu. Horrez gain, haitzuloak edo leizeak sortzen dira harriaren barnean osatzen diren zuloetan.

Kareharrizko mendilerroetan osatzen diren erliebe mota garrantzitsu hauek 1.300 m-tik gorako gailurrak dituzte Euskal Herrian.

Basamortua

Euskal Herrian badugu basamortuaren itxurako erliebe mota: Bardeetakoa, Nafarroako eta Aragoiko mugan. Paisaia desertikoa da, eta klima, oso lehorra: euri gutxi egiteaz gain, bero handiek (udan) eta haizeak (ziertzoa) areagotu egiten dute uraren lurrunketa.

Lautada

Euskal Herria menditsua da, orokorrean hartuta, baina lautada bat baino gehiago ditu, eta guztien artean Arabako Lautada aipa genezake erliebe mota horren adierazgarri bezala. Probintzia horretako eskualderik zabalena eta populatuena da Arabako lautada, eta mendilerroz inguratuta dago. Klima ozeanikoaren eta mediterraneoaren artekoa du: neguan hotza, eta udan, egunez bero, eta gauez freskoa.

Arroila, zintzurra

Mendien artean urek (errekak, ibaiakā€¦) sortutako haran edo pasagune estuari deitzen zaio arroila. Era berean, mendien edo haitzen arteko iraganbide estuari zintzurra deritzo.

Zuberoan, Santa Grazin, Lakora eta Binbaleta mendien arteko arroila da Euskal Herrian erliebe mota honek duen adibide adierazgarriena. Lau kilometro eta erdiko luzera eta 60 m-tik 200 m bitarteko altuera du. Bertako haizpitartean haitzulo eta ur-jauzi ugari dago.

Kontuan izan aurreko horiek erliebe mota batzuk besterik ez direla, eta beste batzuk ere badaudela: hondartzak, golkoak, uharteak, haranakā€¦

Utzi erantzuna