Hainbat bizidunen anatomia eta morfologia aztertuz, eboluzioaren teoria baieztatzen duten gertakizunak ikus daitezke. Bizidunen organo analogoak, adibidez. Organo horiek funtzio bera eta jatorri desberdina dute. Hegoen funtzioa hegan egitea da, eta elkarren artean oso bestelakoak diren bizidun-taldeetan daude animalia hegodunak: intsektuak, hegaztiak, ugaztunak… Hautespen naturalak, jatorri desberdinetatik abiatuta, organo funtzional egokiak osatzeko bidean eboluzionatzen duela adierazten digu horrek.
Ondorio bertsuetara garamatza organo homologoen azterketak. Enbrioi-jatorri bereko organoak bereizi egiten dira eta ingurunearen araberako funtzioak betetzen dituzte (enbrioi-jatorri bera baina funtzio eta itxura desberdinak dituzten organoak dira organo homologoak, hain zuzen ere). Animalien gorputz-adarrak dira adibide bat, eta, dakigun bezala, askotariko funtzioak izan ditzakete: igeri egitea (izurdea), hegan egitea (saguzarra), ibiltzea (zaldia)… Organo homologoei dagokionez ere, hautespen naturalak ondoen egokitutako bizidunaren aldera bideratzen du eboluzioa.
Bi izaki bizidunek organo homologoak badituzte, arbaso bera dute. Aldiz, organo analogoak ezin dira erabili eboluzio-ahaidetasunak finkatzeko.
Zenbait organismotan aztarna-organoak (inolako funtziorik betetzen ez dutenak) badaude, organismo horien arbasoek organo horiek erabili zituztela baina, eboluzioaren prozesuan, garai bateko funtzio haiek desagertzen joan direla esan nahi du. Hori gertatu da, adibidez, gizakiaren belarriak mugiarazten zituen muskuluekin.