Nafarroa Behereko eta Zuberoako ekonomian dute eragin handiena nekazaritzak eta abeltzaintzak. Isurialde kantauriar eta mediterraneoan aritzeko moduak desberdinak dira.
Isurialde kantauriarrean (Araba iparraldea, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa iparraldea, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa), abeltzaintza garrantzitsuagoa da nekazaritza baino. Baserriak hegoaldean, hau da, isurialde mediterraneoan, baino txikiagoak izaten dira, eta batez ere behiak eta ardiak hazten dituzte, esnea eta okela ekoizteko. Larrez inguratuta daude, eta, tarteka, ganaduarentzako bazka produzitzeko soroak ere gertu izaten dituzte. Orografiaren ondorioz, hegoaldea baino gutxiago mekanizatutako eremua da isurialde kantauriarra.
Isurialde mediterraneoan, hau da, Arabako eta Nafarroako erdialdean eta hegoaldean, nekazaritzak garrantzi handiagoa du abeltzaintzak baino. Batez ere zerealak, mahastiak eta baratzeak lantzen dituzte. Ganaduari dagokionez, Araban hegazti-hazkuntza da nagusi; Nafarroan, berriz, zerri-hazkuntza.