Neolitoa euskal lurraldeetan: ekonomia-jarduerak

Jarduerak

Gizakia abeltzaintzan eta nekazaritzan hasi zen, beraz, Neolitoan elikaduraren kontrola lortu zuen gizakiak; dagoeneko ez zuen jardun behar elikagaiak lortzeko ehizan eta fruituak biltzen, ehiztari eta biltzaile izatetik ekoizle izatera pasatu zen.

Naturari behatuz konturatu ziren landareen haziak lurrera erorita landare berriak sortzen zirela eta poliki-poliki landareak ereiten ikasi zuten: garia, garagarra… Labore horietatik irina lortzen zuten eta, urarekin nahastuz, talo antzekoak egiten ikasi zuten. Nekazaritzari esker eguneroko janaria ziurtatzea lortu zuten, leku batetik bestera bila ibili gabe.

Animalia batzuk etxekotzea ere lortu zuten: behiak, ardiak, ahuntzak, txerriak… Animalia taldeak zainduz gero, esnea, haragia eta larrua lortzeko aukera zutela konturatu ziren, horrela ez zeukatela ehizara joan beharrik. Txakurra ere etxekotu zuten eta etxe-abereen zaintzan txakurrak laguntza paregabea eskaintzen zien, batez ere, artzaintzan. Adituak ez datoz bat txakurra noiz etxekotu zen esatean, baina argi dago txakurra izan zela gizakiek etxekotu zuten lehen animalia, ehiza jardueretan laguntzeko.

Nekazaritza eta abelazkuntzaz gain, osagarri gisa, jarraitu zuten ehizan eta fruituak biltzen ere. Animaliak ehizatzeko batez ere arkuez eta geziez baliatzen ziren. Geziak harriz eginiko puntak egurrezko euskarri bati lotuta prestatzen zituzten.

Beste jarduera batzuk ere sortu ziren; hala nola, ehungintza eta ontzigintza.

Tresna berriak

Lurra lantzeko aitzurra asmatu zuten, garia eta garagarra ehotzeko eskuzko errotak; haziak gordetzeko zeramikazko ontziak eta uzta biltzeko zereala mozteko balio zuten igitaiak.

Paleolitoan erremintak harriari kolpeak emanez lortzen bazituzten, Neolitoan harria lantzeko modua aldatu egin zen, kolpatu ordez beste harri baten kontra leunduz eta zorroztuz lortzen zuten aizkorak egitea. Erreminta horiei zurezko heldulekuak jartzen zizkieten. Tresna horiek ez ziren silex edo suharriz egindakoak bezain zorrotzak, baina hobeto egokituta zeuden etengabeko kolpeak jasotzeko. Harri leunduzko aizkorak egurra ebakitzeko erabiltzen ziren. Egurra erregai moduan ez ezik eraikinak egiteko ere erabiltzen zen..

Zeramika izan zen Neolitoko artisau-produktu nagusietako bat. Buztinezko ontziak eskuz egiten ziren eta 600-1000 °C artean berotuz egosten zituzten. K.a. 3000. urteko ontziak ez ziren oso ikusgarriak, nahiz aldika apaindurak izan. Zeramikazko ontzi handiek, besteak beste, ekoizten zituzten gaien soberakinak (garia, garagarra…) gordetzea ahalbidetu zuten; horrela, ez zuten janari bila ibili beharrik. Zeramikazko ontzietan gordetzen zituzten gaiak karraskarietatik nahiz hezetasunetik babestuta zeuden.

Elikadura

Jende gehienaren elikadura etxean ekoitzitakoa zen; hau da, nekazariek edo abeltzainek ekoitzitakoa. Dietaren parterik handiena, landare jatorrikoa izango zen seguru asko, eta haragia eta arraina urri.

Aztarnategi ugaritan aurkitu dituzten erretako haziek frogatzen dute K. a. 3.000. urterako euskal lurraldeetan zerealak ereiten zituztela: ezkandia (gari mota bat), garagarra, gari arrunta eta artatxikia. Zereal horiekin irina egiteko, lehenbizi, eskuzko errota txikietan eho behar izaten zituzten aleak.

Basoetan bildutako fruituak eta landareak ere jaten zituzten, osagarri gisa: sagarrakhurrak, intxaurrak, masustak,  basaranak,  ezkurrakgaztainak, basaranak… Bestelako landare eta sustrai jangarriak ere bilduko zituzten seguru asko, orobat perretxikoak eta onddoak. Basoko erleek ekoitzitako eztia biltzen zutela ez da dudarik: Euskal Herri bertako aztarnategietan horren froga zuzenik aurkitu ez den arren, Europa osoan, eta handik kanpo (Egipton, Mesopotamian, Afrika iparraldean…) eztia biltzea lan arrunta zen.

Haragiari dagokionez etxekotutako behiakardiakahuntzak eta txerriak ziren okela-iturri nagusiak. Animaliek, haragiaz gain gantza ere ematen zuten, eta esnea ere bai. Bereziki, oreina ehizatzen zuten, baina aldika basurdeak, uroak, orkatzakuntxiak eta hegaztiak ere harrapatzen zituzten jateko.  Arrantza eta itsaski bilketa ere aipa daitezke (batez ere txirlakostrak eta lapak), nekazaritza- abelazkuntza-jardueren osagarri.

Jakiak prestatzea

Buztinezko lapikoetan janaria egosten zuten. Zerealez eginiko janari berriak azaldu ziren; hala nola, ogiaktaloak eta opilak. Zerealekin irina egiteko, lehenbizi, eskuzko errota txikietan ehotzen zuten alea. Irina urarekin nahastu, eta orea labean erretzen zuten.

Irinarekin, ogiaz gain, ahia edo orea ere egin zitezkeen; horretarako, urarekin nahastu eta buztinezko eltze batean egosten zuten.

Aztarna arkeologikoetan erretako hezurren arrastoak sarri aurkitu dira, baita erretako moluskuenak ere. Beraz, argi dago moluskuak zein haragia txingarretan erreta jaten zituztela noizean behin, seguru asko egun berezietan. Ahuntzen eta behien esnea freskoan edaten zuten, baina gazta egiteko ere erabiltzen zuten.

Sagarrak erretzeko ohitura ere dokumentatuta dago: sagarrak gordinik jan zitezkeen, baina baita labean erreta ere.

Edaritan, ura eta esnea edateaz gain, baliteke garagardoa ere ezaguna izatea garaian hartan.

Utzi erantzuna