Fisiologiaren aldetik begiratuta, nerbio-sistema periferikoa bi zati nagusitan banatzen da: berez periferikoa deritzona (periferiko somatikoa) eta autonomoa.
Sistema periferiko somatikoak kanpoko informazioa (ingurunekoa) jasotzen du eta nerbio-sistema zentralera eramaten du, baita hark emandako aginduak (borondatezkoak, oro har) muskuluei igorri ere, muskuluek behar den erantzuna eman ahal izateko.
Sistema autonomoa (begetatiboa ere deitua) erraien funtzioa erregulatzen duen nerbio-multzoa da. Funtzio automatikoak betetzen dituen nerbio-sail bat da; hau da, ez-borondatezko ekintzak (guk nahi gabe ere egiten direnak) egiten dituen nerbio-saila.
Adibidez, nahita ere inola kontrola ezin genitzakeen bihotz-taupadak erregulatzen ditu, eta berdin egiten du beste organoen zenbait mugimenduarekin ere. Nerbio-sistema autonomoa bitan banatzen da: nerbio-sistema sinpatikoa eta parasinpatikoa.
Nerbio-sistema sinpatikoa. Nerbio-sistema honek erraietako eta odol-basoetako nerbioetan du eragina, eta esan genezake sistema parasinpatikoarekin batera nerbio-sistema bikotea osatzen duela: baten efektuak bestearen aurkakoak dira. Oro har, nerbio-sistema sinpatikoak digestioa moteldu, bihotzaren taupadak azkartu eta odol-basoak uzkurtzen ditu, eta gorputza estres-egoerari aurre egiteko prestatzen du horrela.
Gorputzean zehar dauden eta nerbio-multzoez osatutako gongoilen bidez lan egiten dute nerbio-sistema sinpatikoek. Gongoil horietatik errai guztietaraino ailegatzen diren zuntz batzuk ateratzen dira. Nerbio-sistema parasinpatikoko nerbioak ere iristen dira erraietara, bestalde. Hau da, erraietan, nerbio-sistema sinpatikoko eta parasinpatikoko nerbioak daude. Batzuek eta besteak elkarren kontrako efektuak eragiten dituztenez, sistema batek erraia estimulatzen badu, besteak lasaitu egiten du.
Nerbio-sistema parasinpatikoa. Sistema honen zentroak bi dira: bata entzefaloan dago, eta bestea, berriz, errainezurraren (sakroaren) inguruan.
Bihotz, bronkio, urdail, heste mehar, gibel, area, giltzurrun eta kolonaren lehen ataleraino ailegatzen dira zentro horietatik abiatzen diren nerbioak.
Sistema parasinpatikoaren zentro erregulatzailea entzefaloaren hipotalamoan dago. Sistema parasinpatikoak urdailaren azido-jarioa areagotzen du eta bihotzean, aldiz, taupadak mantsotzea dakar.