Erdi Aroan erlijio-sinesmenak eta kulturak: islama

Sorrera

Erlijio musulmana Mahomak fundatu zuen VII. mendean. Bilakaera erlijioso luzea izan zuen. K.o. 610ean, tradizioaren arabera, Gabriel goiaingeruaren ikuskaria izan zuen, eta hark Jainko bakarraren (Ala, arabieraz) berri munduan zehar zabaltzeko agindu zion. Ordutik aurrera, Mahomak lan horri ekin zion, eta bere sinesmena liburu batean bildu zuen, Korana liburuan. Arazo handiak izan zituen Mekako agintariekin, eta 622an ihes egin behar izan zuen handik. Musulmanentzat ihes hura, hejira deitzen dutena, beren aroaren hasiera da eta, beraz, egutegi musulmanaren hasiera.

Sinesmenaren oinarriak

Erlijio monoteista da, hau da, jainko bakarraren izatea onartzen duen sinesmen erlijiosoa, eta bere jarraitzaileak musulmanak dira. Musulmanen liburu santua Korana da. Islamak ez du apaizgorik, mullah eta aiatola izenez ezagutzen ditugunak ez dira apaizak, agindu erlijiosoen interpretazioan adituak baizik. Erlijio-ospakizunak meskitetan egiten dituzte.
Musulman sinestedunek Jainkoari mendekotasun osoa zor diote eta bost betebehar dituzte:

  • Jainkoa bat bakarra (Ala) eta Mahoma haren profeta dela aitortzea,
  • Egunero bost aldiz otoitz egitea Mekara begira jarrita,
  • Limosna ematea,
  • Ramadan garaian baraualdia egitea eta bizitzan behin, Mekara erromes joatea.
  • Eguneroko bizitzako hainbat arlotan mugak dituzte: txerrikia jateko eta alkohola edateko debekua, emakumearen mendekotasuna…

Ospakizun nagusiak

  • Ohiturei eta bizimoduari dagokionean, ostirala dute asteko egun nagusia.
  • Bi une garrantzitsu dituzte, bat ramadana (ilargiaren araberako egutegiko bederatzigarren hilabetean Sawn deritzon baraua egiten dute) eta bestea sakrifizioen jaia. Sakrifizioen jaian, familia bakoitzak bildots bat hil eta jan behar du.
  • Islamaren sinboloa ilgora da.

Kulturan ekarpenak

Gaurko ikuspegitik aztertuta, Erdi Aroko zientzia musulmana Europan XVI. mendetik aurrera garatu zen zientziaren aitzindari izan zen. Izan ere, zientzialari musulmanek ia arlo guztietako oinarriak jarri zituzten. Medikuntza izan zen musulmanek landu zuten arlo zientifiko nagusia. Sendagile musulmanek gaixotasun asko deskribatzeaz gain kirurgia ere landu zuten eta haiek izan ziren anestesikoak erabiltzen lehenak.

Astronomiari dagokionez, eguzkiaren, ilargiaren, planeten eta izarren mugimenduak ezagutzeko aurrerapauso nabarmenak egin zituzten. Hori haientzat garrantzitsua zen, musulman guztiek jakin behar baitzuten noiz izango zen Ramadana, eta eguneko ordutegia ere ezagutu behar zuten, ordu jakinetan Mekara begira otoitz egiteko.

Matematika arloan, gure gaurko zenbakiak (1, 2, 3…) Indiatik hartu, moldatu eta mundu osora hedatu zituzten eta, bestetik, haiek asmatu zuten 0 zenbakia ere.

Era berean, fisikan, kimikan edo filosofian ekarpen garrantzitsuak egin zituzten. Herri musulmanek eguneroko bizitzan eragin handia zuten hainbat asmakuntza teknikoaren aitzindari izan ziren. Beren ekonomiaren oinarria nekazaritza zenez, eta haien lurraldeetan uraren hornidura arazo handiak zituztenez, ureztatze teknikak landu zituzten: ubideak, putzuetatik ura ateratzeko sistemak…

Erlijio-sinesmenak eta kulturak Erdi Aroan: kristautasuna

Sorrera

Kristautasuna I. mendean sortu zen. Hasieran, juduek osatutako taldea izan zen. Kristauen arabera, Jesus Nazaretekoa, arotz baten semea, profetek juduen herriari agindutako mesias edo salbatzailea zen. Jesu Kristo Jainkoaren semeak, Jainkoa hura bera ere, aro berri baten hasiera zekarren eta, judaismoak hori ukatzen zutenez, judu haiek judaismotik bereizi egin ziren. Jarraitzaile ugari bildu zituzten inguruko herrietan II. mendetik aurrera. Kristauen artean hainbat talde eratu ziren. IV. mendean Erromako enperadorea bera ere kristau bihurtu zen, eta kristautasunak aginte politikoarekin bat egin zuen.

Sinesmenaren oinarriak

Kristautasuna erlijio monoteista da, jainko bakarra onartzen duen sinesmen erlijiosoa. Erlijio horren jarraitzaileak kristauak dira. Kristauentzat jainkoa “Jaun goikoa” da, eta Jesu Kristo edo Jesus gizaki guztien salbamenerako jaio eta hil zela sinestea da kristautasunaren oinarria. Hura da juduen liburu santu edo Bibliako Itun Zaharrean, profetek iragarritako salbatzailea eta “mesias”. Hari jarraitzen diona eta bere bizitzan haren eredura hurbiltzen dena salbatu egingo da.

Ospakizun nagusiak

  • Kristauen bizitza erlijiosoa Jesusen bizitzaren inguruan antolatzen da. Bi une dira bereziki garrantzitsuak: Pazko aldia eta Eguberriak. Pazko aldiaren erdian Aste Santua dago. Aste Santuan Jesusen heriotza eta piztuera gogoratzen dira. Pazko igandea, hots, Jesusen Piztuera ospatzen den eguna da kristauen jai nagusia. Eguberrietan Jesusen jaiotza ospatzen da.
  • Horiez gainera, beste jai eta ospakizun asko daude, horien artean igandeko eginkizunak garrantzi berezia du. Igandea otoitz eguna da kristauentzat, eta eukaristia ospatzen dute: meza.
  • Kristautasunaren sinbolo nagusia gurutzea da, kristau komunitateek hainbat formatako gurutzeak dituzte, adibidez, kristau katolikoek gurutze latindarra erabiltzen dute. Jesu Kristo gurutziltzatuta hil zuten, horregatik, gurutzea da kristauen ikur adierazgarria.

Kulturaren ekarpenak

Kultura kristauak V. mendetik aurrera gainbehera etengabea izan zuen. Hala ere, X. mendearen amaieran monasterioetan lehenengo, eta XII. mendearen amaieratik aurrera hiribilduetako unibertsitateetan ondoren, bultzada handia jaso zuen.

  • Monasterioek monjeak edota mojak bizi diren eraikinak dira. Hiru arlotan antolatzen zuten erlijiosoek eguneroko bizitza: otoitza, lana eta atsedena. Erdi Aroko monasterioetan kulturari eta literaturari lotutako jarduera ugari egiten ziren. Liburutegietan liburuak idatzi eta kopiatu egiten zituzten.
  • XII. mendean, Europa osoan, hiribilduak birsortu ziren, jarduera ekonomiko berriak azaldu ziren, ondorioz, behar kultural berriak sortu ziren, eta horrek bultzatuta monasterioetatik kanpoko kultur erakundeak ere sortu ziren: unibertsitateak. Europako lehen unibertsitatea Boloniakoa izan zen, XI. mende amaieran sortua. Pariskoa XII. mendean sortu zuten eta Salamancakoa eta Coimbrakoa XIII. mendean. XIII. mendetik aurrera, kulturak erlijioarekin ordu arte izandako lotura zuzena desegin egin zen. Hiribilduetako katedralak eta unibertsitateetako irakasle-ikasleak bihurtu ziren liburuen bezero berriak. Irakurleen ezaugarriak aldatu egin ziren eta liburuen gaiak ere bai. Erlijio-liburuek nagusi izaten jarraitzen zuten, baina bestelako gaiak ere lantzen hasi ziren.

Donejakue Bidea Erdi Aroan sortutako erromes-bide bat da. Kondairak dioenez, Santiago apostoluaren gorpuzkiak Santiagon hobiratu zituzten. Horrela, Erroma eta Jerusalemekin batera, erromesaldiak egiteko hirugarren gune izan da Europako kristauentzat. Apostolua musulmanen aurkako borrokaren ikur eta erromes bihurtu zen. XI. mendetik aurrera, bidaia seguru egiteko aukera izan zenetik, milaka eta milaka erromes igarotzen dira urtean zehar bide horretatik. Berez bide erlijiosoa zena bide komertzial eta kultural bihurtu da.

Erlijio-sinesmenak eta kulturak Erdi Aroan

Erlijioa Erdi Aroan sinesmena baino gehiago zen, taldeari nortasuna ematen zion faktorea zen. Kontuan izan behar da erlijioa ez zela norberak aukeratutako sinesmenen kontu bat: guraso kristauen semea kristaua izango zen, emazte kristauarekin ezkonduko zen, eta bere harreman sozial gehien-gehienak kristau artean izango zituen. Eta gauza bera juduen edo musulmanen kasuan. Gainera, talde erlijioso bakoitzak, sinesmenei lotuta, arau propio, ohitura, janzkera, janari, bizileku eta bestelako ezaugarri kulturalak izaten zituen.

Erlijio banaketari buruzko datu zehatzenak Nafarroa Garaikoak dira. Bertan, 1366. urtean egindako errolda fiskal baten arabera, familien % 94,4 kristaua zen, % 3,8 judua eta % 1,8 musulmana.

Euskararen bilakaera Erdi Aroan

1000. urte aldera euskara gaur egun baino eremu zabalagoan mintzatzen zen. Euskaraz egiten zen Araba ia osoan, Bizkaia guztian Karrantza aldean izan ezik, Gipuzkoa osoan, Nafarroa osoan Erribera aldean izan ezik, Ipar Euskal Herri osoan, baita Errioxaren parte batean ere. 924. urteko arabiar kronika batek dioenez, Iruñea aldean gehienek euskaraz hitz egiten zuten (al-baskiya) eta horrek ulertezin bihurtzen omen zituen.

Berant Erdi Aroan ere euskara zen Euskal Herriko biztanle gehien-gehienen eguneroko hizkuntza. Erdi Aroa igarota, 1587. urteko iturrien arabera Nafarroa Garaian, biztanleriaren % 65 zen euskalduna, eta 1400. urtean proportzioa antzekoa edo agian handiagoa izango zen. Funtsean, euskaraz egiten zen Lizarra eta Erriberritik iparraldera zegoen Nafarroa zatian, bi hiri horiek barne, edo bestela esanda, erresumako lurraldearen bi heren baino gehiagoan. Gainerako euskal lurraldeetan euskaldunen proportzioa Nafarroa Garaikoa baino altuagoa izango zen, % 80 eta % 100 artekoa, seguru asko.

Euskararen lurraldean hizkuntza hura erabiltzen zuten ahoz herritar gehienek, ez soilik nekazariek edo bestelako herri xeheek, baita nobleek, merkatariek eta gorteko langileek ere. Bando gerretatik gorde diren kantu asko, nobleen giroan sortuak izan arren, euskaraz daude eginak eta horrek argi erakusten du noble horiek euskaraz egiten zutela beren artean. Funtsean, talde pribilegiatuetako kideak idazten jakinez gero, erromantzea erabiliko zuen normalean, eta aldiz euskaraz hitz egingo zuen eguneroko bizitza gehien-gehienean. Oroitu gainera, elitea beti zela talde txiki bat. Biztanleriaren gehiengo zabala euskaldun elebakarra izango zen garai hartan.

Garai hartan ez zegoen euskara batu eta bakar bat, baizik tokian tokikoa. Gaur egun bizkaiera, gipuzkera, nafarrera edo zuberera deitzen ditugun euskalkiak, adibidez, garai hartan jada baziren, baina beren arteko diferentzia gaur egungo euskalkiek dutena baino leunagoak zen. Horregatik, eskualde batean sortzen zen kantua beste lurralde batera hedatzen zen maiz.

Erdi Aroan euskara latinetik eratorritako hainbat hizkuntzaz inguratuta zegoen: gaskoia, okzitaniera, aragoiera, gaztelania, nafar erromantzea, etab. Donejakue Bideak erraztu egin zuen Euskal Herrian beste hizkuntzak sartzea: gure hirietan kokatu ziren frankoek okzitanieraren hainbat dialekto erabiltzen zituzten: juduen auzoetan hebreera zen nagusi… Bestalde, islamari berriki errekonkistatutako lurraldeetan arabieraz mintzatzen jarraitzen zuten…

Antso VI.a Jakitunak 1167an Aralarko Done Mikel monasteriora bidali zuen idatzi batean euskarari Lingua Navarrorun deitu zion. Erregeen eta nobleen familiek euskara nafarren hizkuntza zela aitortzen bazuten ere, idatzietan beste hizkuntza batzuk erabiltzen zituzten. Euskara administraziotik kanpo gelditzeak izugarrizko eragina izan zuen euskararen atzerakadan.

Erdi Aroko artea: gotikoa

Arte gotikoa, XII. mendeko bigarren erdialdetik aurrera gertatu ziren aldaketekin erlazionatuta dago. Izan ere, arte gotikoa Europan nagusitu zen egoera berri baten ondorioz sortu zen, ideia berriak sortu, garatu eta zabaldu zirelako.

  • Elizak nagusitasun erlijiosoa ez ezik, protagonismo politiko, ekonomiko eta soziala ere aldarrikatu nahi zuen, horretarako, ez zuen inolako arazorik izan jaun feudalen eta erregeen aurka beren egoera adierazteko. Eliza garailearen garaia zen.
  • Hiriak nagusitu egin ziren. Gero eta aberatsagoak ziren, eta hiriekin batera, hiritarrak, gotzainak eta burgesak. Hiriak eta hiriko eraikinak, erlijiosoak (katedralak, bereziki) zein zibilak (jauregiak, unibertsitateak, udaletxeak, azokak), egoera berri horren isla ziren.
  • Erlijioa bizitzeko modu berriak sortu ziren. Jainkoarengana hel zitekeen, fedearen bidez ez ezik, arrazoiketa erabiliz ere bai. Hori da unibertsitateetan irakasten zutena. Katedralak zeruraino heltzen zirela ematen zuen, Jainkoarenganaino heltzeko moduko garaiera zutela irudikatu nahi zuten.

Ezaugarri horiez guztiez hornitutako estilo berri bat sortu zen, erromanikoa baztertu zuena: gotikoa, alegia. Arte horrek XVI. mendera arte iraun zuen Europako leku askotan, Euskal Herrian, adibidez.

Arkitektura gotikoa

Arte gotikoa mundu berri baten emaitza dela esan dugu. Mundu berri hori azaltzeko baliabide nagusia arkitektura izan zen, eta eraikinen artean katedrala da bereziki aipatzekoa. Katedralaren eginkizun nagusia erlijio kristauaren mezua irakastea da, eta sarreratik bertatik hasi eta barruko beirateraino, eginkizun hori betetzeko moduan baliatzen zituzten elementu guztiak.

Sinestedunek katedralean Jainkoaren hitzarekin bat egiten zuten. Erdi Aroko idazleek ere behin eta berriz adierazten zuten katedralek Jainkoaren hiria, zeruetako Jerusalem hiria, irudikatzen dutela. Katedrala zerurantz doa, eta horregatik dute halako garaiera, 30-40 metro ingurukoa. Katedraletan bi ezaugarri dira aipatzekoak:

-Argiaren erabilera. XII. eta XIII. mendeetan argia zen edertasun guztiaren jatorria. Argia zuen edo islatzen zuen guztia (izarrak, eguzkia, ilargia, urrea) ederra zen. Itun Berrian ere Jesu Kristo bera argia zela agertzen da. Eraikin gotikoetan argiari ematen zaion garrantziaren erakusgarria beirateak dira. Beirateek eliza barrena koloretako argiz betetzen dute, eta giro berezia sortzen dute.

Eraikinaren esangura estetikoa. Erromanikoan ez bezala, estilo gotikoan, eraikinaren egiturak berak balio estetikoa du. Eliza erromanikoetan eraikinaren egitura, askotan, freskoek ezkutatuta bezala dago. Eliza gotikoetan, aldiz, dena ageri-agerian dago, askotan inolako funtziorik ez duten eraikuntza-elementuak ere ageri dira, geometrian oinarritutako balio estetikoari erantzuten dioten osagaiak. Katedraletako gangetan ikus daiteke hori bereziki.

Erdi Aroko artea: erromanikoa

Erdi Aroaren bilakaeran garrantzi handikoa izan zen XI. mendea, egoera aldaketa nabarmena gertatu zelako mende horretan. Feudalismoa nagusitu zen, eta hiriak eta haiei loturiko jarduera ekonomikoak berriz agertu ziren. Hala ere, gizartearen oinarria nekazaritza izan zen aurrerantzean ere, eta, horrexegatik, arte erromanikoaren arrasto gehienak landa inguruetako eraikinak dira.

Kultur arloan, XI. mendean, aldaketa garrantzitsua gertatu zen elizan: Citeaux-en sortutako monasterioen erreforma Europa osora zabaldu zen. Monasterio horien eredu artistikoa erromanikoa zen. Horrez gainera, Nafarroako Antso III.ak Donejakue Bide klasikoa (“Frantsesen bidea” deiturikoa) zehaztu zuen, eta bide horretan eraikin erromanikoak eraiki zituzten. Europa osoko jendea zebilen bide horretan eta, erromesek, etxeratzean, bidean ikusi eta ikasitakoa gauzatzen zuten.

Arte erromanikoak XI. mendetik XIII. mendera bitarteko tartea hartzen du. Europako mendebaldeko lehen arte estilo bateratua, hots, lurralde askotan batera garatua, izan zen. Frantzian sortu eta mendebaldeko erresuma kristau guztietara zabaldu zen. Arte estilo horretan bat egin zuten erromatar artearen azken aztarnek (hortik datorkio izena erromatar > erromaniko) eta bisigodoen eta karolingioen arte-estiloek.

Arkitektura erromanikoa

Arkitektura da erromanikoaren arte-arlo nagusia, eta eskulturak nahiz pinturak osatzen dute eraikin erromanikoaren esanahia. Eraikin nagusiak erlijiosoak dira: elizak, monasterioak, etab. Arkitektura zibilean, gazteluak dira aipatzekoak. Nolanahi ere, elizak dira arte-estilo horren erakusgarri nagusiak, eta honako ezaugarri hauek dituzte:

  • Oin erabiliena latindar gurutzea da.
  • Gehienetan, habearte (nabe) nagusi bat dute (gurutzearen besorik luzeenean), alboetako habearteak baino zabalagoa eta garaiagoa.
  • Habearteek absidea izaten dute.
  • Habearte nagusiaren absidearen azpian santu baten hondakinak lurperatu ohi zituzten. Absidearen eta aldarearen atzeko aldean girola izeneko atala ager daiteke.
  • Gurutzean beso luzeak eta laburrak bat egiten duten lekuari gurutzadura deitzen zaio.
  • Besoen muturretan alboetako fatxadak daude, eta beso luzearen oinean, fatxada nagusia.
  • Fatxadetan ateak egoten dira, eta ateetan arkiboltak eta janbak. Atearen gainean tinpanoa dago. Hiru elementu horietan eskultura ugari agertzen dira.
  • Habearte guztiak kanoi-gangak estalita daude.
  • Batzuetan, habearte nagusiaren garaiera handiagoa dela baliatuz, alboetako habearteetan beste solairu bat egoten da, habearte nagusira begira dauden leiho batzuk dituena. Elementu horri triforioa deitzen zaio.
  • Harrizko horma sendoak dituzte, kanpoko aldetik kontrahormek eutsiak. Horma horiez gain, pilareak daude. Zutabe horiek goiko aldean kapitelak dituzte, eskulturaz apainduak batzuetan.
  • Habearteen artean, pilareen gainetik, erdi-puntuko arkuak daude.
  • Fatxada nagusietan kanpandorreak daude.
  • Leiho gutxi dituzte, txikiak, eta ondorioz, elizak nahiko ilun geratzen dira.
  • Elizek esanahi sinboliko handia dute.

Latindar gurutzearen oinak Jesusen heriotza-lekua gogoratzen du. Elizaren bide itxurak, Jerusalem zerutarrera (absideak irudikatua) daraman bidea gogoratzen du.

Erdi Aroko artea: arte islamiarra

Erlijio islamiarra oso azkar hedatu zen Asian, Afrikan eta Europan. Horrekin batera arte islamiarra ere zabaldu zen. Arrazoi erlijiosoak direla medio, arte islamiarrak oso gutxi garatu du irudigintza, eskulturan nahiz pinturan. Arte horren gailurra arkitektura eta eraikinen apainketa dira, apainduraren arloak garapen bereziki aipagarria izan zuen. Arkitekturari dagokionez, eraikin garrantzitsuenak otoitz egitekoak dira: meskitak, alegia. Eraikin zibilak ere aipagarriak dira, Al Andaluseko Granadako Alhambra jauregia eta Kordobako Medina Azahara hiri-jauregia dira horren adibide. Arkitektura islamiarraren ezaugarri nagusiak hauek dira:

• Gehien erabiltzen duten materiala adreilua da.

• Zutikako elementuen artean, zutabeak eta pilareak dira aipagarri.

• Arkuak bi motatakoak dira: ogiba-arkua edo zorrotza, eta bisigodoengandik ikasitako ferra-arkua. Aurrerago gingil-arkua agertu zen.

• Sabaia eta ganga erabiliena gurutze-ganga da.

• Apaindura oso aberatsak dituzte. Hormetan, igeltsuz egindako landare itxurako irudiak, Koranetik hartutako pasarteak, etab.

Erdi Aroko erakundeak euskal lurraldeetan: hiriak

1000. urtean euskal lurraldeetan, hiri dei genitzakeen guneak hiru besterik ez ziren: Iruñea, Baiona eta Tutera. Gune horiek, gainera, hiri gisa aski txikiak ziren, 2.000 biztanle inguru zituzten.

Iruñea, jakina, erromatar garaiko Pompelo hiritik zetorren. Pompaelo apezpikuen egoitza bihurtu zen erromatarren garaiko azken partean, IV. mende amaieran edo V. mende hasieran, eta geroztik estatus hori mantendu zuen. Ezaugarri horrek, hau da, apezpikua gisako kargu garrantzitsu bat hirian kokatuta egoteak, posible egin zuen Iruñeak hiri mailari eustea Goiz Erdi Aro osoan.

Baionak ere erromatar hiri batean zuen jatorria, Lapurdum hirian. Gainbehera joan bide zen Goiz Erdi Aroan, eta ziurrenik Andelos, Veleia edo Oiasso bezala amaituko zuen, ez balitz izan IX. mendean apezpiku egoitza bertan ezarri zelako. Horrek suspertu eta indartu zuen Baiona, Iruñearen pareko bihurtuz 1000. urterako.

Tuteraren kasua aurrekoetatik bestelakoa zen. Erromatarren garaian ez dirudi han hiririk egon zenik, baina bai herrixka bat eta agian baita Ebro ibaia zeharkatzen zuen zubi estrategiko bat ere. Musulmanak iritsi zirenean, oinarri horien inguruan hiri bat sortu zuten eta eskualdeko hiriburu bihurtu. Funtzio politiko-administratibo horrek hiriaren hazkundea eragin zuen. Ez zen Al Andalusko beste hiri musulman batzuen mailara iritsi, baina bere inguruan garrantzia izan zuen.

Berant Erdi Aroan hiriek izan zuten goraldia zela eta 1400. urtean euskal hiriak ere handitu egin ziren. Handienak, Iruñeak, sei mila biztanle inguru izango zituen. Iruñearen atzetik Baiona eta Tutera zeuden, bost mila biztanlera gerturatzen zirenak. Donostia, Bilbo eta Gasteizen kasuan baliteke bakoitzak lau mila biztanle inguru izatea. Beste hirixka aipagarri batzuk Lizarra, Guardia, Durango, Zangoza eta Urduña ziren, bizpahiru mila biztanle ingurukoak. Euskal Herriko biztanleriaren % 88-95, herrietan bizi zen, betiere, gaur egungo hiri/herri bereizketa konbentzionala baliatzen badugu (bost mila biztanletik gora edo behera).

Erdi Aroko munduko hiriak

Berant Erdi Aroan munduko hiririk handienak ekialdean zeuden. Txinako Nanjing hiria, Ming dinastiako erresumaren hiriburua, guztietan populatuena zen, milioi erdi inguru biztanlerekin. Gertu zituen Indiako Vijayanagara hiria eta Egiptoko Kairo; azken hori Erdi Aro osoan eta geroago ere, musulman hiri nagusietakoa. Europa mendebaldeko hiriak ondoren zetozen, Paris denen buru, baina Brugge ez zen askoz atzerago geratzen, eta Italiako hiriak, bereziki Genova ere handia zen. Ezin utzi aipatu gabe Granada, Iberiar penintsulan geratzen zen azken erresuma musulmaneko hiriburu distiratsua.

Munduko hiru hiri populatuenak eta beste batzuk 1400 urte aldera (biztanleria)

 

Nanjing (Txina)                           487.000

Vijayanagara (India)                    400.000

Kairo (Egipto)                              360.000

Paris (Frantzia)                            275.000

Brugge (Flandria)                        125.000

Genoa (Italia)                              100.000

Granada (Al Andalus)                   100.000

Iruñea (Euskal Herria)                 6.000

 

Erdi Aroko ekonomia-jarduerak: azokak

Gazteluaren harresietatik kanpora, jaunak emandako lurrak lantzen jarraitzen zuten nekazariek. Nekazariek soberakinak lortzen zituzten, nekazaritzaren garapenaren eraginez. Gazteluko eta inguruko herrietako bizilagunen beharrei erantzuteko, merkatuak sortuz joan ziren; merkatuetara nekazariak, artisauak eta kinkilariak agertzen ziren, eta hori baliatuz, nekazariek beharrezko zenbait produktu lortzen edo trukatzen zituzten: nekazaritza-tresnak, ehunak, zeramikak…

Hasieran, artisauak eta kinkilariak aldizka joaten ziren merkatura, baina, geroago, harresien ondoan betiko jartzea erabaki zuten batzuek. Lantegi txikietan, gazteluko eta herriko bizilagunei saltzeko produktuak egiten zituzten. Denboraren poderioz, ugaritu egin ziren artisauen eta merkatarien etxe iraunkorrak.

Zenbait nekazari ganadua, nekazaritza-produktuak eta egindako produktuak (ogia, esaterako) saltzera edo trukatzera joaten ziren azokara. Haien bezero ohikoenak han bertan bildutako artisauak eta kinkilariak izaten ziren.

Azokara joaten zirenen beharrak asetzeko, ostatuak, tabernak… jarri zituzten. Burgua edo herria etengabe ari zen hazten, eta, bizilagunak babesteko, beste harresi bat eraiki behar izan zuten. Hasieran, herri gehienak feudoaren zati ziren, eta jaun edo gotzain baten agintepean zeuden. Denborarekin, jaunek askatasun eta eskubide batzuk onartzea lortu zuten burguetako bizilagunek, hiri-foruaren bitartez.