Kareharria nagusi den zonaldeetan sortzen den paisaia da. Kareharria, nagusiki, kaltzio karbonatoz (CaCO3) osatutako harria da eta, ur azidoarekin kontaktuan jartzean, urak disolbatu egiten du kaltzio karbonatoa. Prozesu horrek urte asko behar baditu ere, ikuspegi geologikotik begiratuta, aski azkarra da.
Kareharriz osatutako mendiak zuloz beteta daude kanpoaldetik eta barrualdetik. Urak bere ubidea bertikalean higatzen duenean kareharrian, pareta bertikaleko arroilak sortzen ditu: Arbaiun eta Irunberrikoa, esaterako, Nafarroan; edota Kakueta eta Holtzartekoak, Zuberoan.
Ura iragaziz doan zonetan, berriz, urak harria disolbatzen du eta leizeak sortzen dira. Denbora igarotzeaz bat, leize batzuen sabaia erori egiten da eta dolinak sortzen. Dolinak forma zirkularreko zuloak izaten dira. Horietako batzuk elkartzean, ubalak sortzen dira. Sortu den zuloaren tamainak bailara oso bat hartzen duenean, polje izena ematen zaio.
Kareharria nagusi den inguruetako lur azpian leize ugari izaten dira; bertan, sedimentazio-prozesu ikusgarri baten ondorioz, estalaktitak eta estalagmitak sortzen dira. Gertakaria are ikusgarriagoa egiten da biak elkartu eta zutabe bat eratzen dutenean.