Janzkera eta apaindura
Jantzien lehengaiak denborarekin usteldu egiten direnez, apenas geratu den Paleolitoko jantzien aztarnarik, baina zentzuzkoa da pentsatzea garai hartako klima hotzagatik, negu partean behintzat gizakiek larrua erabiliko zutela gorputza estaltzeko eta oinetakoak egiteko.
Ehizatutako animalien larruarekin arropak egiteko, lehenbizi, ile guztia kendu behar izaten zioten, horretarako larrua tenkatu eta ile guztia karrakagailu batez kentzen zioten; ondoren, landu eta arropak egin zitezkeen harekin.
Larruaren aztarnarik geratu ez bada ere, hura ebakitzeko eta josteko aurkitu diren tresnek (karrakagailuak, zulagailuak, hezurrezko jostorratzakā¦) adierazten dute jantziak egiten zituztela. Josteko animalien zainak, zurdak, tendoiak, etab. erabiltzen zituzten.
Apaingarriei dagokienez, ugariak dira Euskal Herriko aztarnategietan, bereziki itsas bazterretik hurbil daudenetan, molusku maskorrez egindako zintzilikarioak. Maskorrez gain, orein, zaldi, bisonte edota basahuntzen hortzak ere zulatzen zituzten apaingarriak egiteko. Errekarri beltzez eginikoak ere topatu dira Praileaitzen. Askotan, arroketako kristala eta kolorea zuten materialak ere erabiltzen zituzten.
Hezurrez edo adarrez egindako aginte makilak ere aipa daitezke; agian, taldeko pertsona ahaltsuenenak izango ziren.
Artea
Ezagunak dira Paleolito garaiko haitzuloetako hormetan agertu diren marrazkiak eta grabatuak: bisonteak, zaldiak, mamutak, oreinak, basahuntzak, etab. Halako irudiei labarretako artea deitzen zaio. Horrez gain, arte higigarria ere aurkitu da, hau da, hezurrezko edo harrizko euskarrietan lantutako irudiak.
Berez haitzuloetako pinturak ez ziren egin artea sortzeko; izan ere, irudi gehienak argirik sekula iristen ez zen galeria sakonetan eta zokondo ezkutuetan egin baitzituzten. Ez dakigu zein zen irudi horiek egiteko helburu zehatza, baina argi dago ez zirela egin jendearen bistan egoteko; gaur egun, oraindik ere, misterio bat izaten jarraitzen du. Halere, hipotesia ugari daude horren inguruan: ehizan laguntzeko marrazten zituztela, totem edo babesle moduanā¦ Hori guztia ez dago ziurtzat jotzerik, baina, nahiko argi ikusten da labarretako arteak esanahi magiko-erlijiosoa zuela.
Baliteke azti edo sorgin antzeko adituren batek egitea irudi horiek. Pinturetan kolore bat edo bi erabiltzen ziren, batez ere beltza, gorria edota okrea. Grabatuak egiteko silex harrizko puntak erabiltzen zituzten.
Hileta-errituak
Euskal Herriko aztarnategietan ez dute Paleolitoko ehorzketarik aurkitu, baina Europako beste toki batzuetan azaldu dira. Hildakoa buruz gora etzanda edo albora begira jartzen zuten ehorzteko, eta maiz inguruan apaingarriren bat jartzen zioten.