Lurrazalaren gainean Ekialde-Mendebalde orientazioa duten irudimenezko lerroak dira, eta planeta osoa inguratzen duten alegiazko zirkuluak osatzen dituzte. Paralelorik ezagunena ekuatorea da. Nahiko ezagunak dira, halaber, Kantzer tropikoa, Kaprikornio tropikoa eta bi Zirkulu polarrak (artikoa eta antartikoa). Paraleloak 0º-tik 90º-ra bitarte graduatuta daude, ekuatoretik abiatuta, Ipar polorantz edo Hego polorantz. Beraz, toki bat Iparraldean (N) edo Hegoaldean (S) kokatzeko balio dute, toki horren latitudea zehaztuz. Koordenatu sistemetan, paraleloekin batera, meridiano izeneko lerro perpendikularrak ere baliatzen dira.