Antzinaroa iberiar penintsulako iparraldean

Gure inguruko lurralde hauei buruz dagoen lehen erreferentzia historikoa K.a. 195. urtekoa da, Katonena.

Penintsulako iparraldean, Pirinioetatik Ozeano Atlantikora, hainbat herri zeuden: baskoiak, kantabriarrak, asturiarrak eta galaikoak. Jatorri indoeuroparra zutela dirudi. Hizkuntza bat baino gehiago hitz egiten omen zituzten, baina euskararen kasua izan ezik, ez da ia hizkuntza horien aztarnarik gelditzen.

Ingurune honek, hainbat herrialderen ibilera jaso zuen, zelta herriena bereziki, eta horien eraginez metalaren erabileran trebatu ziren K.a. 1000. urtetik aurrera.

Elkarren arteko inbasioak eta borrokak ugariak ziren, eta harresiz inguratutako herrietan bizi ziren gehienetan. Hiri gutxi osatu zituzten eta txikiak ziren, gainera. Batzuetan errege edo agintariren bat izan ohi zutela dirudi.

Leinu edo klanetan antolaturik zeuden, baina borroka-garaietan tribuak elkartu egiten ziren, armada handiagoak osatzeko.

Tribu erako antolaketa zuten, hirigintza oso urria, lurralde eta jabetza komunala zen nagusi, eta leinuetako buruzagien batzorde batek osatu ohi zuen agintaritza. Ekonomia abeltzaintzan oinarritzen zen bereziki, eta lusitaniarrak adibidez, oso pobreak zirenez, inguruko herrien lurrak eta abereak lapurtzen zituzten sarritan.

Europako iparraldetik etorritako herrien eraginez, soldadu onena leinuen buru ezartzeko ohitura ere hartu zuten. Buruzagiek funtzio erlijiosoak izan zitzaketen. Aginte-sistema bat ere ezarri zuten: Zaharren kontseiluak osaturiko gobernua.

K.a. 19. urtean Oktavio Augusto, Erromako enperadoreak penintsulako kantabriar lurraldeak konkistatu zituen eta ordutik aurrera Erromako Inperioaren zati izan ziren inperioa erori zen arte.

Erromanizazioa euskal lurraldeetan

Erromanizazioa Erromak beste lurralde bat bereganatzeko prozesuari deitzen zaio. Erromarena  ez zen izan konkista militarra bakarrik, bere kultura, hizkuntza eta ezaugarri orokorrak ere ezartzen baitzituen inperio osoko egoera bateratuz.

Erromanizazioa k.a. II. Mendetik k.o. V. mendera arte eman zen gure lurraldeetan eta ondorioz Antzinaroa erromanizazio garaiarekin hasi zela esan dezakegu, ordukoak baitira gure lurraldeko tribuei buruzko lehen idatziak.

Erromanizazioa euskal lurraldeetan

Erromanizazioa ez zen modu berean egin leku guztietan. Iparraldean adibidez, nahiko ahula izan zen, hegoaldean berriz sakona eta eraginkorra izan zen.

Erromatarrek  lurraldea bi multzo nagusitan antolatu  zuten: ager vasconum eta saltus vasconum.

Ager delakoa, gutxi gorabehera, isurialde mediterraneoak hartzen duen lurraldea izango litzateke. Lur horiek egokiak ziren, erromatarrek lantzen zuten nekazaritzarako, ardoa, garia eta olioa lantzeko, alegia.

Saltus delakoa, isurialde atlantikoa alegia, menditsuagoa zen eta basoz betea zegoen. Uste zenaren aurka, azken urteotako indusketa arkeologikoetan laboreak, garia, garagarra, oloa, eta abar aurkitu dituzte; beraz maila apalean bada ere, nekazaritza mota hori ere ezagutzen zuten. Itsaso aldeko eremu geografiko horretan garrantzi handiagoa izan zuten abeltzaintzak, meatzaritzak eta baita esklaboak eta mertzenarioak lortzeko ahaleginek ere.

Antzinako Txina: kultura eta artea

Erlijioa

Erlijio nagusiak konfuzionismoa eta budismoa ziren, sineskera tradizionalekin nahasten ziren: eguzkia, ilargia, zerua… Mitologia atalean ere hainbat jainko azaltzen ziren, Nüwa eta Fuxi, adibidez. Horrez gain, badira beste hainbat animalia mitologiko, tradizio txinatarrean sarritan agertzen den herensugea, kasu.

Zientzia eta idazkera

Txina munduko herrialde garatuenetakoa izan zen zientzian eta teknikan Erdi Aroa arte. Horrela, Han dinastian asmatutakoak dira, inprenta, konpasa eta papera. Papera izan da, seguru asko, txinatarren asmakizunik garrantzitsuenetakoa, eta horri gehitu behar zaio garai hartan lortu zen idazkeraren batasuna.

Artea

Txinatarrentzat kaligrafia garrantzitsua zen, eta idazketa piktografikoa erabiltzen zuten . Bestalde, zein materialetan idazten den garrantzi handikoa da. Horregatik, brontzea, jadea, zeramika eta terrakota erabiltzen zituzten artelanak egiteko.

Arkitektura aldetik, artelan ezagunena Qin dinastiaren garaian eraiki zen, sei mila kilometro luzeko Txinako Harresi Handia da, Txina arerioetatik babesteko eraikia.

Eskulturan, garai horretakoak dira terrakotazko soldaduen eta zaldien irudiak, 1974an aurkituak; tamaina errealeko 7.000 zaldi eta gerlariren irudiak Qin enperadorearekin berarekin lurperatu zituzten.

Hezkuntza mailan, eskola zazpi urterekin hasten zen eta bitartean haurrek etxeko heziketa jasotzen zuten. Gero hamalau urte bitarte, haurrek idazten eta irakurtzen ikasten zuten. Gutxi batzuek, hamazortzi urte arte ikasten jarraitzeko aukera izaten zuten, poesia, filosofia eta historia, bereziki. Azterketa gainditu eta gero, estatuaren funtzionario bihurtzen ziren.

Antzinako Txina: ekonomia-jarduerak

Ibaien inguruko nekazaritza garrantzitsua zen, bereziki arroza, garia, garagarra, azukre kanabera eta tea lantzen zituzten. Zetazko harrarentzat masustondoak ere landatzen zituzten. Abeltzaintzan behiak, txerriak, ardiak, eta oiloak zituzten. Zaldi ugari zituzten gauzak eta pertsonak garraiatzeko eta gurdiak tiratzeko.

Metalgintzaren artisautza ongi ezagutzen zuten, bereziki brontzea, burdina, beruna, kobrea eta urrearen lanketa.

Merkataritza suspertzeko, inperioaren bazter guztietara hedatzen zen komunikazio-sarea antolatu zen. Unitate guztiak, pisua eta txanpona gehien bat, estandarizatu ziren. Txina osoan legeria bera izatera iritsi ziren.

Garai hartan sortu zen Zetaren bidea. Gainera, Txinak zetaren monopolioa zuen eta hari buruzko argibideak inperiotik kanpora zabaltzeak heriotza-zigorra zekarren. Hasiera batean, zetaren erabilera enperadorearen pribilegioa zen. Gero, gizartearen goi-mailakoen artean ere hedatzen joan zen. Zetaren bidearen bidez merkataritza Persiaraino eta Erromaraino iritsi zen.

Antzinako Txina

Txinatarren lehenengo aztarnak K.a. 10000 urteko ingurukoak badira ere, lehenengo herriak Ibai Horiaren ertzean kokatu ziren K.a. 2000 urte inguruan. Badirudi lurraldea hainbat herriz osatutako sare bat zela. Lurralde haietan zenbait errege zeuden, batzuek besteak baino indartsuagoak. Bi milurtekotan dinastia indartsuak agindu zuten, K.o. 220n Hang dinastiako azken enperadore Cao Cao, boteretik bota zuten arte, Txina hirutan zatitan banatuz.

Antzinako Txina: bilakaera historikoa

Lehen bi milurtekoetan Xia eta Shang dinastia indartsuak izan ziren agintean.

K.a. 1100-220 urteen artean, Zhou dinastiari esker, hiriak ugaritzen hasi ziren eta merkataritza ere indartu zen. Tarte horretan Txina estatu handien elkarte bat zen, eta lurraldeetako agintariek erregeari leialtasuna zioten. Gizartea klasetan banatzen hasi zen.

Qin dinastia izan zen Txina osoaren batasuna lortu zuen lehena, K.a. 221ean. Beren burua enperadoretzat hartuta, lurralde zentralizatua eta indartsua lortu zuten. Shi Huangdik (lehen enperadorea) lehen dinastia inperiala sortu zuen. Neurriak eta pisuak batu ziren eta idazkera ere batu zituen. Legeak eta erakundeak sortu zituen eta txanpon bakarra ezarri. Aristokrazia feudalaren boterea murriztu zuen, bideak eta ubideak eraiki eta nekazaritza hobetu ureztatze- eta drainatze-sistemak ezarriz. Txina babesteko Harresi Handia eraikitzen hasi zen.

Ondoren, K.a. 206an Han dinastia iritsi zen agintera. Dinastia hark laurehun urte luzetan agindu zuen K.o. 220 arte. Konfuzionismoan oinarritutako estatu bat sortzen saiatu ziren baina ez zuen lortu. Munduko inperiorik boteretsuena bihurtu zen Txina, Erromatar Inperioa bezain handia. Onura ekonomiko eta kultural handiko epea izan zen hura, eskolak, ubideak eta hiri ugari sortu ziren eta merkataritza eta kanpo-harremanak suspertu ziren.

Dinastia amaieran militarrekin izandako liskarrek Han dinastiako enperadorea boteretik bota zuten K.o. 220an eta Txina zatitzera eraman zuten. Ezegonkortasuna K.o. 304tik aurrera areagotu egin zen eta Txinako batasuna berriro hautsi zen. Jin dinastiako enperadoreek Txina osoa bildu zuten berriro, eta 420. urtea arte agindu zuten. Gerrateak eta gatazkak, ordea, amaigabeak izaten jarraitu zuten eta, azkenik, Sui dinastiak beste etsai guztiak garaitu eta laurehun urteko ezegonkortasunari amaiera eman zion. Horrela amaitu zen Txinako inperio zaharra, 589an.

Antzinako Mesopotamia: artea

Mesopotamiako artearen garapena eta ugaritasuna oso handia izan zen.

Arkitektura.

Eraikuntzan erabilitako material nagusia adreilua izan zen; buztina eta lastoa nahastu eta gero egosi egiten zuten. Adreilu horiek esmaltezko lauzez apaintzen ziren.

Eraikuntza arloan eginiko ekarpenik handienak eraikinak estaltzeko arkua eta ganga izan ziren.

Bi dira eraikin nagusiak: tenpluak eta haiei atxikita zeuden zigurat dorre antzeko eraikinak, eta jauregiak. Azken horiek oso eraikin konplexuak ziren, terraza, patio, lorategi eta gela askorekin. Ezin dugu ahaztu, horrez gain, hirigintzak lortu zuen garapena: Babilonia edo Ninive (asiriarren hiriburua) oso hiri jendetsuak izan ziren eta antolamendu berezia behar izan zuten.

Eskultura

Ezagutzen ditugun lehenengo irudi sumertarrak, jainkoen eta erregeen irudiak dira. Ikusgarriak dira asiriarren jauregietan agertzen diren erliebeak; ehiza, gerrak eta eguneroko bizimodua azaltzen dituzte. Esfingeak ere aipagarriak dira: erdi gizaki erdi animalien irudiak.

Beste arteak

Beste arteen artean jauregietako eta tenpluetako hormak estaltzen zituzten esmalteak aipatu behar dira.

Antzinako India: kultura eta artea

Antzinako Indian bi erlijio nagusi izan ziren:

  • Brahmanismoa, lehen hinduen erlijioa. Brahma, mundua eta gizakiak sortu zituena zuten jainkotzat. Arima hilezkorra zela uste zuten eta behin eta berriro haragiztatzen zela: gizakiren batean hildakoak bizitza zintzoa eraman bazuen, animalia batean bekatuan bizi izan bazen.
  • Budismoa, Budak sortu zuena. Gizakiaren kasten zatiketari aurre egin zion eta karitatea, ona, egia eta amodioa aldarrikatu zituen. Gaur egun, 500 milioi lagunek jarraitzen diote budismoari.

Literatura mailan, hinduek idazlan handiak utzi dizkigute, Mahabarata, Ramayana eta Veda bereziki. Mitologia eta erlijioa uztartzen dituzten epopeiak dira.

Ehungintza eta artea lotu zituzten: tapizak…

Arte aldetik, pinturan eta eskulturan eragin handia izan zuen erlijioak eta artelanen iturri nagusi bihurtu zen.

Arkitektura alorrean ere sekulako maisu-lanak utzi dizkigute, tenpluetan bereziki.

Antzinako India: ekonomia-jarduerak

Lanbide nagusiak nekazaritza eta abeltzaintzari lotuak zeuden.

Nekazaritzan garia, garagarra sesamoa eta kotoia lantzen zituzten, eta arioen etorrerarekin, baita arroza ere. Bufaloak, gameluak eta ahuntzak hazten zituzten.

Artisauek, brontze, kobre, berun eta eztainuzko lan bikainak sortzen zituzten, lur azpiko ubide eta ura lortzeko putzu ugari eraiki zuten. Indiako industria oihalgintzarekin lotuta egon zen beti. Horrez gain, zeramika eta bolia lantzen iaioak izan ziren.

Merkataritzak indar handia hartu zuen Ashokaren garaian Egipto, Pertsia eta Greziarekin gehienbat. Garraiorako elefante-karabana luzeak erabiltzen omen ziren.

Antzinako India: gizarte-antolaketa

Erregea, jaungoikoaren semea, monarkia despota eta absolutista baten buru zen.

Gainerako gizartea lau mailatan banatzen zen:

  1. Brahmanak: apaiz gorenak. Goi-mailako biztanleek osatzen zuten. Botere handia zuten eta jakintzaren zaintzaileak ziren. Haien lana ikasketak eta meditazioa ziren. Mundua sortu zuen Brahma jainkoaren ahotik sortuak ziren.
  2. Ksatriyak (Txatriak) goi-mailako gerlariak, Brahmaren besoetatik sortuak.
  3. Vaisiak edo nekazariak eta merkatariak, Brahmaren izterretatik sortutakoak.
  4. Sudrak (zerbitzariak), Brahmaren behatz-tartetik sortuak. Haien egiteko nagusia beste kastak zerbitzatzea zen.
  5. Pariak edo kasta-gabekoak (ukiezinak izena ere ematen zitzaien)

Kasta sistema zeharo itxia zen, jaiotzez ziren kasta batekoak edo bestekoak eta ez zegoen kastaz aldatzeko modurik. Ezkontza guztiak kasta berekoen artekoak izan behar zuten.

Antzinako India

India Asiaren hegoaldean kokatzen den penintsula handia da, triangelu itxurakoa. Iparraldean Himalaiako menditzarrekin muga egiten du eta hegoaldean Indiako Ozeanoarekin.

India izena, Indo (edo Indus) ibaiaren izenetik dator.

Antzinako India deritzoguna, Indo haraneko zibilizazioa, K.a. 3300 urtean hasi zen, gaur egungo Pakistan eta mendebaldeko Indian. Zibilizazio hark, gorabehera handiekin, K.a. 180 arte iraun zuen.

Antzinako India: bilakaera politikoa

Indiako antzinako historiak hainbat garai bizi izan zituen.

K.a. 3000-2000 artean Indo ibaiaren zibilizazioa deitzen zaio. Garaiko biztanleek zibilizazio handia garatu zuten, Egipto edo Mesopotamiakoarekin alderatu daitekeena. Hiriak sortu zituzten (badirudi munduko hiri nagusiak izan zirela, 40.000 biztanletik gorakoak) eta nekazaritza eta merkataritza indartsua zuten. Indiako artisauak zeramikan trebeak ziren.

K.a. 2000 urte inguruan Irandik zetozen arioak Indo ibaiaren bailaran ezartzen joan ziren. Arioen zibilizazioa esaten zaio. Politikoki zatiketa eta batasun ugari izan ziren, eta hainbat erresuma sortu ziren, beti brahaman apaizen laguntzaz. Dena den hizkuntza bakarra (sanskritoa) eta erlijio bakarra, hinduismoa, ezarri zituzten. Kasten gizarte-antolaketa sortu zuten eta burdinaren eta brontzearen lanketa bultzatu zuten.

K.a. IV. mendean Chandragupta Maurya jeneralak ordura arteko buruzagia bota eta errege izendatu zuen bere burua. Indiako historiako enperadore handienetakoa, ia India osoaren jabe egin zen eta Maurya Inperioari hasiera eman zion. Azken urteetan tronua utzi eta aszeta bihurtu zen. Haren biloba Ashoka Indiaren fundatzailea kontsideratzen da, lur guztien lehenengo batasuna egin baitzuen. Indiako enperadore handiena bihurtuko zen. Enperadore krudela, fidelak ez zitzaizkion 500 ministro eta 99 anaiorde hil omen zituen. Azkenean, krudelkeriak eta isuritako odolak Ashoka bera ere izutu zuen eta Budaren ikaskuntzei jarraitu eta budismoa onartzera eraman zuten. K.a. 260 urtean budismoa Indiako erlijio ofizial bihurtu zuen. Bera hil ondoren Maurya Inperioak urte gutxi iraun zuen, K.a. 180. urtea arte. Ondoren, Indiak era guztietako inbasioak jasan zituen: persiarrak, greziarrak, arabiarrak, portugaldarrak…