Erdi Aroko artelan gehiena erlijiosoa zen, bai arte islamiarrari eta baita kristauari dagokionean ere. Erdi Aroko arte kristauan arte erromanikoa (XI-XIII. mendeetan) eta arte gotikoa (XII-XVI. mendeetan) nabarmendu ziren.
Etiketa: arkitektura
Erdi Aroko artea: gotikoa
Arte gotikoa, XII. mendeko bigarren erdialdetik aurrera gertatu ziren aldaketekin erlazionatuta dago. Izan ere, arte gotikoa Europan nagusitu zen egoera berri baten ondorioz sortu zen, ideia berriak sortu, garatu eta zabaldu zirelako.
- Elizak nagusitasun erlijiosoa ez ezik, protagonismo politiko, ekonomiko eta soziala ere aldarrikatu nahi zuen, horretarako, ez zuen inolako arazorik izan jaun feudalen eta erregeen aurka beren egoera adierazteko. Eliza garailearen garaia zen.
- Hiriak nagusitu egin ziren. Gero eta aberatsagoak ziren, eta hiriekin batera, hiritarrak, gotzainak eta burgesak. Hiriak eta hiriko eraikinak, erlijiosoak (katedralak, bereziki) zein zibilak (jauregiak, unibertsitateak, udaletxeak, azokak), egoera berri horren isla ziren.
- Erlijioa bizitzeko modu berriak sortu ziren. Jainkoarengana hel zitekeen, fedearen bidez ez ezik, arrazoiketa erabiliz ere bai. Hori da unibertsitateetan irakasten zutena. Katedralak zeruraino heltzen zirela ematen zuen, Jainkoarenganaino heltzeko moduko garaiera zutela irudikatu nahi zuten.
Ezaugarri horiez guztiez hornitutako estilo berri bat sortu zen, erromanikoa baztertu zuena: gotikoa, alegia. Arte horrek XVI. mendera arte iraun zuen Europako leku askotan, Euskal Herrian, adibidez.
Arkitektura gotikoa
Arte gotikoa mundu berri baten emaitza dela esan dugu. Mundu berri hori azaltzeko baliabide nagusia arkitektura izan zen, eta eraikinen artean katedrala da bereziki aipatzekoa. Katedralaren eginkizun nagusia erlijio kristauaren mezua irakastea da, eta sarreratik bertatik hasi eta barruko beirateraino, eginkizun hori betetzeko moduan baliatzen zituzten elementu guztiak.
Sinestedunek katedralean Jainkoaren hitzarekin bat egiten zuten. Erdi Aroko idazleek ere behin eta berriz adierazten zuten katedralek Jainkoaren hiria, zeruetako Jerusalem hiria, irudikatzen dutela. Katedrala zerurantz doa, eta horregatik dute halako garaiera, 30-40 metro ingurukoa. Katedraletan bi ezaugarri dira aipatzekoak:
-Argiaren erabilera. XII. eta XIII. mendeetan argia zen edertasun guztiaren jatorria. Argia zuen edo islatzen zuen guztia (izarrak, eguzkia, ilargia, urrea) ederra zen. Itun Berrian ere Jesu Kristo bera argia zela agertzen da. Eraikin gotikoetan argiari ematen zaion garrantziaren erakusgarria beirateak dira. Beirateek eliza barrena koloretako argiz betetzen dute, eta giro berezia sortzen dute.
–Eraikinaren esangura estetikoa. Erromanikoan ez bezala, estilo gotikoan, eraikinaren egiturak berak balio estetikoa du. Eliza erromanikoetan eraikinaren egitura, askotan, freskoek ezkutatuta bezala dago. Eliza gotikoetan, aldiz, dena ageri-agerian dago, askotan inolako funtziorik ez duten eraikuntza-elementuak ere ageri dira, geometrian oinarritutako balio estetikoari erantzuten dioten osagaiak. Katedraletako gangetan ikus daiteke hori bereziki.
Erdi Aroko artea: erromanikoa
Erdi Aroaren bilakaeran garrantzi handikoa izan zen XI. mendea, egoera aldaketa nabarmena gertatu zelako mende horretan. Feudalismoa nagusitu zen, eta hiriak eta haiei loturiko jarduera ekonomikoak berriz agertu ziren. Hala ere, gizartearen oinarria nekazaritza izan zen aurrerantzean ere, eta, horrexegatik, arte erromanikoaren arrasto gehienak landa inguruetako eraikinak dira.
Kultur arloan, XI. mendean, aldaketa garrantzitsua gertatu zen elizan: Citeaux-en sortutako monasterioen erreforma Europa osora zabaldu zen. Monasterio horien eredu artistikoa erromanikoa zen. Horrez gainera, Nafarroako Antso III.ak Donejakue Bide klasikoa (“Frantsesen bidea” deiturikoa) zehaztu zuen, eta bide horretan eraikin erromanikoak eraiki zituzten. Europa osoko jendea zebilen bide horretan eta, erromesek, etxeratzean, bidean ikusi eta ikasitakoa gauzatzen zuten.
Arte erromanikoak XI. mendetik XIII. mendera bitarteko tartea hartzen du. Europako mendebaldeko lehen arte estilo bateratua, hots, lurralde askotan batera garatua, izan zen. Frantzian sortu eta mendebaldeko erresuma kristau guztietara zabaldu zen. Arte estilo horretan bat egin zuten erromatar artearen azken aztarnek (hortik datorkio izena erromatar > erromaniko) eta bisigodoen eta karolingioen arte-estiloek.
Arkitektura erromanikoa
Arkitektura da erromanikoaren arte-arlo nagusia, eta eskulturak nahiz pinturak osatzen dute eraikin erromanikoaren esanahia. Eraikin nagusiak erlijiosoak dira: elizak, monasterioak, etab. Arkitektura zibilean, gazteluak dira aipatzekoak. Nolanahi ere, elizak dira arte-estilo horren erakusgarri nagusiak, eta honako ezaugarri hauek dituzte:
- Oin erabiliena latindar gurutzea da.
- Gehienetan, habearte (nabe) nagusi bat dute (gurutzearen besorik luzeenean), alboetako habearteak baino zabalagoa eta garaiagoa.
- Habearteek absidea izaten dute.
- Habearte nagusiaren absidearen azpian santu baten hondakinak lurperatu ohi zituzten. Absidearen eta aldarearen atzeko aldean girola izeneko atala ager daiteke.
- Gurutzean beso luzeak eta laburrak bat egiten duten lekuari gurutzadura deitzen zaio.
- Besoen muturretan alboetako fatxadak daude, eta beso luzearen oinean, fatxada nagusia.
- Fatxadetan ateak egoten dira, eta ateetan arkiboltak eta janbak. Atearen gainean tinpanoa dago. Hiru elementu horietan eskultura ugari agertzen dira.
- Habearte guztiak kanoi-gangak estalita daude.
- Batzuetan, habearte nagusiaren garaiera handiagoa dela baliatuz, alboetako habearteetan beste solairu bat egoten da, habearte nagusira begira dauden leiho batzuk dituena. Elementu horri triforioa deitzen zaio.
- Harrizko horma sendoak dituzte, kanpoko aldetik kontrahormek eutsiak. Horma horiez gain, pilareak daude. Zutabe horiek goiko aldean kapitelak dituzte, eskulturaz apainduak batzuetan.
- Habearteen artean, pilareen gainetik, erdi-puntuko arkuak daude.
- Fatxada nagusietan kanpandorreak daude.
- Leiho gutxi dituzte, txikiak, eta ondorioz, elizak nahiko ilun geratzen dira.
- Elizek esanahi sinboliko handia dute.
Latindar gurutzearen oinak Jesusen heriotza-lekua gogoratzen du. Elizaren bide itxurak, Jerusalem zerutarrera (absideak irudikatua) daraman bidea gogoratzen du.
Erdi Aroko artea: arte islamiarra
Erlijio islamiarra oso azkar hedatu zen Asian, Afrikan eta Europan. Horrekin batera arte islamiarra ere zabaldu zen. Arrazoi erlijiosoak direla medio, arte islamiarrak oso gutxi garatu du irudigintza, eskulturan nahiz pinturan. Arte horren gailurra arkitektura eta eraikinen apainketa dira, apainduraren arloak garapen bereziki aipagarria izan zuen. Arkitekturari dagokionez, eraikin garrantzitsuenak otoitz egitekoak dira: meskitak, alegia. Eraikin zibilak ere aipagarriak dira, Al Andaluseko Granadako Alhambra jauregia eta Kordobako Medina Azahara hiri-jauregia dira horren adibide. Arkitektura islamiarraren ezaugarri nagusiak hauek dira:
• Gehien erabiltzen duten materiala adreilua da.
• Zutikako elementuen artean, zutabeak eta pilareak dira aipagarri.
• Arkuak bi motatakoak dira: ogiba-arkua edo zorrotza, eta bisigodoengandik ikasitako ferra-arkua. Aurrerago gingil-arkua agertu zen.
• Sabaia eta ganga erabiliena gurutze-ganga da.
• Apaindura oso aberatsak dituzte. Hormetan, igeltsuz egindako landare itxurako irudiak, Koranetik hartutako pasarteak, etab.
Antzinako Erroma: artea
Arteak, greziar eragina izan zuen eta propaganda egitea zuen helburu.
Eskultura
Eskulturan proportzio klasikoak erabili zituzten eta gizaki eta jainko irudi biluziak egiten zituzten hainbat lekutan, apaingarri izan zitezen: hirian zehar, etxe partikularretan, anfiteatroetan, zirkuetan…
Eskulturaz apainduak zeuden garaipen-arkuak eta zutabeak eraikiak zituzten enperadoreek, gerraren bateko garaipenaren oroigarri, gerra istorioak deskribatzeko.
Greziarren antzekoa zen, gizakien irudietan eta mitologian oinarritua. Eguneroko ekintzak eta mitologia-istorioak agertzen ziren, bai hormetan eta baita zoruan ere. Jauregietan eta patrizioen etxeetan erretratuak ere aurkitu izan dira.
Bestelako arteak.
Aipagarriena mosaikoa da. Mosaikoak maila gorena lortu zuen: Erroman asko erabili zuten hormak eta zoruak apaintzeko. Batik bat, eguneroko bizitza, eszena mitologikoak eta zirkuko eszenak irudikatu zituzten.
Arkitektura
Artearen barruan arlorik nagusiena izan zen. Bi atal nagusitan bana dezakegu:
a) Ingeniaritza mailako lan publikoak
Galtzadak edo errepideak. 90.000 km inguru zituen galtzada-sareak. Galtzaden sareak Inperio osoko gune nagusiak Erromarekin lotzen zituen, haren nagusitasuna bideratzeko (armadaren joan-etorriak erraztuz) eta merkataritza erosoago egiteko.
Zubiak eta akueduktuak galtzaden osagarriak ziren eta ugari eraiki ziren, hainbat galtzada eta hirietan. Akueduktuen bitartez hiriaren ur-beharrak asetzen ziren: edateko ura, bainuetxetarako ura, nahiz garbiketak egitekoa.
Akueduktuaren hasiera ura aurkitzen zen lekuan kokatzen da, iturbururen baten edo. Han ur-biltegi bat eraikitzen zen ura biltzeko, biltegitik ura akueduktuko ubidera isurtzen zen eta handik hirirainoko bidea egiten zuen urak. Akueduktua kontu handiz eraiki behar izaten zen, desnibel apur bat behar izaten zuen uraren mugimendua errazteko. Ubidearen euskarria porlanez, harriz edo adreiluz egindako arkuak osatzen zuten. Beharren arabera, arkuek altuera desberdina izaten zuten.
b) Eraikin handiak
Esanguratsuenak hiriko bizitza eta ikuskizunei loturiko eraikinak ziren.
Termak
Edozein hiri garrantzitsuk termak edo bainu publikoak zituen, esklaboek zainduak. Horietan, hiritarrek bainu beroak, saunak, masajeak, etab. hartzeko aukera zuten.
Hainbat espazioak izan ohi zituzten: gimnasia egiteko palestra deitzen zen patioa; caldarium-a, bainu beroa hartzeko igerilekua; frigidarium-a, bainu hotzak hartzeko kanpoko igerilekua; apodyterium-ak edo aldagelak, bankuren batekin eta arropa gordetzeko arasekin; eta laconicum-a edo lurrun-bainua hartzeko espazioa. Termen inguruan tabernae-ak zeuden, janaria eta edaria saltzen zituzten dendatxoak.
Termak eguerdian irekitzen ziren eta iluntzean ixten. Bainua hartzeko emakumeak eta gizonezkoak bereizi egiten ziren, bereizteko tokirik ez bazegoen txandakatu egiten ziren, ordu batzuk gizonezkoak eta beste batzuk emakumezkoak.
Termak harreman sozialak izateko leku aproposak ziren, maiz bilera informalak hantxe bertan egiten zituzten.
Teatroa
Teatroetan, batez ere, tragediak eta komediak antzezten zituzten, baina baita mimoa, pantomima eta antzerki laburrak ere.
Teatro erromatarrak zirkulu-erdi forma du eta honako zatiak bereiz daitezke: aurreko eszenatokia, scenae frons, normalean bi ilara zutabez osatua; haren aurrean proscaenium-a egoten zen, han egiten zen antzerkia; orchestra, zirkulu-erdia forma zuen espazioa eszenaren parean kokatzen zen, han agintariak esertzen ziren eta koroak abesten zuen; adituz, orchestra-ra iristeko pasabideak eta cavea ikusleen eserlekuak. Arkitekto batzuk lurraren aldapa baliatzen zuten cavea egiteko.
Teatro batzuek euria eta eguzkiarengandik ikusleak babesteko toldoak jartzen zituzten.
Teatrora hiritar guztiak joan zitezkeen: gizonak, emakumeak, umeak eta batzuetan baita esklaboak ere. Aktoreak aldiz gizonezkoak izan ohi ziren, eta maskarak eta ileordeak erabiltzen zituzten. Aktore lanbideak oso prestigio gutxi izaten zuen; horregatik, atzerritarrak eta esklaboak kontratatzen zituzten.
Anfiteatroa
Anfiteatroa bi teatro elkartuz egiten zen, gehienetan forma biribila edo obalatua zuen. Borrokak ikusteko aukera izaten zen, ezagunenak gladiadoreen borrokak ziren.
Anfiteatroak honako zatiak izaten zituen: arena, erdiko obaloa, han egiten ziren ikuskizunak, haren azpian sotoak zeuden, gladiadoreak arena-ra atera aurretik itxaroteko lekuak, baita animalien kaiolak eta dekoratuak mugitzen zituzten makinak ere; bestalde, ikusleentzako eserlekuak zeuden, cavea delakoak.
Anfiteatro batzuek euria eta eguzkiarengandik ikusleak babesteko toldoak jartzen zituzten.
Gladiadoreen arteko borrokaz gain, animalien artekoak (hipopotamoak, krokodiloak, elefanteak, tigreak eta hartzak), nahiz gladiadore eta piztien artekoak egiten ziren anfiteatroetan. Gladiadoreak gehienetan gerra presoak, heriotza-zigorra zutenak edota esklaboak izaten ziren. Borrokaldia desfile handi batekin hasten zen eta agintariaren aurrera iristen zirenean gladiadoreek Ave Caesar, morituri te salutant agurra egiten zuten; ondoren borrokan hasten ziren. Maiz borrokaldiak gladiadore galtzailearen heriotzarekin bukatzen ziren, galtzailea zaurituta geratzen bazen, ikusleek bizitza barkatzea eska zezaketen. Azken erabakia agintariaren esku zegoen
Erromako anfiteatroak, koliseoak (Coliseum), 50.000 ikuslerentzako tokia zuen.
Zirkua
Erromako ikuskizunik ospetsuenak eta gustukoenak zirkuan izaten ziren. Zirkuan, batez ere, zaldi-lasterketak eta gurdi-lasterketak egiten zituzten. Lasterketa horiek bi zaldikoak, hirukoak, laukoak (quadriga zen zabalduena) eta hamarrekoak ere izan zitezkeen. Lasterketak taldeka izan ohi ziren, eta taldeak arropen koloreen arabera bereizten zituzten. Kolore baten alde edo kontra apustu ugari izan ohi zen, eta talde batzuek jarraitzaile elkarteak ere sortu zituzten. Gurdien gidari irabazleak, diru-saria eta erramu-koroa jasotzen zuen.
Arrakasta horren adibidea Erromako Maximo zirkua da, 250.000 ikusle biltzera iritsi baitziren.
Antzinako Grezia: artea
Greziako artea izan da, erromatarrengandik hasita gaur arte, mendebaldeko zibilizazioak edertasun eredu hartu duen erreferentzia nagusia. Greziarrek artea egiteko hartu zuten erreferentzia gizakia eta bere errealitatea izan ziren.
Arlo horretan bereziki tenpluak eraiki zituzten. Tenpluak maila batzuen gainean eraikitzen ziren. Ezaugarrien arabera, tenplu mota bakoitzak bere izena zuen: hipetroa, sabairik gabe; prostiloa, zutabedun sarrera edo portikoa zuena; peripteroa, zutabez inguraturik zegoena, etab.
Tenpluak eredu edo oinarri zehatz batzuen arabera eraikitzen ziren. Eredu horiek gaur arte iritsi diren ordena edo estilo arkitektonikoak dira. Bereziki eraikinetan erabiltzen diren zutabe eta kapitelen arabera sailkatzen dira hiru ordena horiek: doriarra, joniarra eta korintoarra.
Tenpluez gain beste eraikin batzuk ere aipa daitezke: antzokiak edota jauregiak, besteak beste.
Eskultura
Ezaugarririk garrantzitsuena giza gorputzaren irudikapena da. Irudikapen horretan badago edertasun eredu bat, kanon edo proportzio batean oinarritua; oro har, erreferentzia nagusia buruaren tamaina izaten zen.
Pintura
Heldu zaigun pintura zeramika-ontzietan margotu zutena da; gehienetan, irudi gorriak ontzi beltzaren gainean, nahiz irudi beltzak ontzi gorriaren gainean agertzen dira. Irudi horietan ere eskulturan agertzen diren edertasun ereduak mantentzen dira. Gaiak ere oso ugariak dira: eguneroko bizimodua, mitologia, kondairak etab.