Erdi Aroko artelan gehiena erlijiosoa zen, bai arte islamiarrari eta baita kristauari dagokionean ere. Erdi Aroko arte kristauan arte erromanikoa (XI-XIII. mendeetan) eta arte gotikoa (XII-XVI. mendeetan) nabarmendu ziren.
Etiketa: artea
Erdi Aroko artea: gotikoa
Arte gotikoa, XII. mendeko bigarren erdialdetik aurrera gertatu ziren aldaketekin erlazionatuta dago. Izan ere, arte gotikoa Europan nagusitu zen egoera berri baten ondorioz sortu zen, ideia berriak sortu, garatu eta zabaldu zirelako.
- Elizak nagusitasun erlijiosoa ez ezik, protagonismo politiko, ekonomiko eta soziala ere aldarrikatu nahi zuen, horretarako, ez zuen inolako arazorik izan jaun feudalen eta erregeen aurka beren egoera adierazteko. Eliza garailearen garaia zen.
- Hiriak nagusitu egin ziren. Gero eta aberatsagoak ziren, eta hiriekin batera, hiritarrak, gotzainak eta burgesak. Hiriak eta hiriko eraikinak, erlijiosoak (katedralak, bereziki) zein zibilak (jauregiak, unibertsitateak, udaletxeak, azokak), egoera berri horren isla ziren.
- Erlijioa bizitzeko modu berriak sortu ziren. Jainkoarengana hel zitekeen, fedearen bidez ez ezik, arrazoiketa erabiliz ere bai. Hori da unibertsitateetan irakasten zutena. Katedralak zeruraino heltzen zirela ematen zuen, Jainkoarenganaino heltzeko moduko garaiera zutela irudikatu nahi zuten.
Ezaugarri horiez guztiez hornitutako estilo berri bat sortu zen, erromanikoa baztertu zuena: gotikoa, alegia. Arte horrek XVI. mendera arte iraun zuen Europako leku askotan, Euskal Herrian, adibidez.
Arkitektura gotikoa
Arte gotikoa mundu berri baten emaitza dela esan dugu. Mundu berri hori azaltzeko baliabide nagusia arkitektura izan zen, eta eraikinen artean katedrala da bereziki aipatzekoa. Katedralaren eginkizun nagusia erlijio kristauaren mezua irakastea da, eta sarreratik bertatik hasi eta barruko beirateraino, eginkizun hori betetzeko moduan baliatzen zituzten elementu guztiak.
Sinestedunek katedralean Jainkoaren hitzarekin bat egiten zuten. Erdi Aroko idazleek ere behin eta berriz adierazten zuten katedralek Jainkoaren hiria, zeruetako Jerusalem hiria, irudikatzen dutela. Katedrala zerurantz doa, eta horregatik dute halako garaiera, 30-40 metro ingurukoa. Katedraletan bi ezaugarri dira aipatzekoak:
-Argiaren erabilera. XII. eta XIII. mendeetan argia zen edertasun guztiaren jatorria. Argia zuen edo islatzen zuen guztia (izarrak, eguzkia, ilargia, urrea) ederra zen. Itun Berrian ere Jesu Kristo bera argia zela agertzen da. Eraikin gotikoetan argiari ematen zaion garrantziaren erakusgarria beirateak dira. Beirateek eliza barrena koloretako argiz betetzen dute, eta giro berezia sortzen dute.
–Eraikinaren esangura estetikoa. Erromanikoan ez bezala, estilo gotikoan, eraikinaren egiturak berak balio estetikoa du. Eliza erromanikoetan eraikinaren egitura, askotan, freskoek ezkutatuta bezala dago. Eliza gotikoetan, aldiz, dena ageri-agerian dago, askotan inolako funtziorik ez duten eraikuntza-elementuak ere ageri dira, geometrian oinarritutako balio estetikoari erantzuten dioten osagaiak. Katedraletako gangetan ikus daiteke hori bereziki.
Erdi Aroko artea: erromanikoa
Erdi Aroaren bilakaeran garrantzi handikoa izan zen XI. mendea, egoera aldaketa nabarmena gertatu zelako mende horretan. Feudalismoa nagusitu zen, eta hiriak eta haiei loturiko jarduera ekonomikoak berriz agertu ziren. Hala ere, gizartearen oinarria nekazaritza izan zen aurrerantzean ere, eta, horrexegatik, arte erromanikoaren arrasto gehienak landa inguruetako eraikinak dira.
Kultur arloan, XI. mendean, aldaketa garrantzitsua gertatu zen elizan: Citeaux-en sortutako monasterioen erreforma Europa osora zabaldu zen. Monasterio horien eredu artistikoa erromanikoa zen. Horrez gainera, Nafarroako Antso III.ak Donejakue Bide klasikoa (“Frantsesen bidea” deiturikoa) zehaztu zuen, eta bide horretan eraikin erromanikoak eraiki zituzten. Europa osoko jendea zebilen bide horretan eta, erromesek, etxeratzean, bidean ikusi eta ikasitakoa gauzatzen zuten.
Arte erromanikoak XI. mendetik XIII. mendera bitarteko tartea hartzen du. Europako mendebaldeko lehen arte estilo bateratua, hots, lurralde askotan batera garatua, izan zen. Frantzian sortu eta mendebaldeko erresuma kristau guztietara zabaldu zen. Arte estilo horretan bat egin zuten erromatar artearen azken aztarnek (hortik datorkio izena erromatar > erromaniko) eta bisigodoen eta karolingioen arte-estiloek.
Arkitektura erromanikoa
Arkitektura da erromanikoaren arte-arlo nagusia, eta eskulturak nahiz pinturak osatzen dute eraikin erromanikoaren esanahia. Eraikin nagusiak erlijiosoak dira: elizak, monasterioak, etab. Arkitektura zibilean, gazteluak dira aipatzekoak. Nolanahi ere, elizak dira arte-estilo horren erakusgarri nagusiak, eta honako ezaugarri hauek dituzte:
- Oin erabiliena latindar gurutzea da.
- Gehienetan, habearte (nabe) nagusi bat dute (gurutzearen besorik luzeenean), alboetako habearteak baino zabalagoa eta garaiagoa.
- Habearteek absidea izaten dute.
- Habearte nagusiaren absidearen azpian santu baten hondakinak lurperatu ohi zituzten. Absidearen eta aldarearen atzeko aldean girola izeneko atala ager daiteke.
- Gurutzean beso luzeak eta laburrak bat egiten duten lekuari gurutzadura deitzen zaio.
- Besoen muturretan alboetako fatxadak daude, eta beso luzearen oinean, fatxada nagusia.
- Fatxadetan ateak egoten dira, eta ateetan arkiboltak eta janbak. Atearen gainean tinpanoa dago. Hiru elementu horietan eskultura ugari agertzen dira.
- Habearte guztiak kanoi-gangak estalita daude.
- Batzuetan, habearte nagusiaren garaiera handiagoa dela baliatuz, alboetako habearteetan beste solairu bat egoten da, habearte nagusira begira dauden leiho batzuk dituena. Elementu horri triforioa deitzen zaio.
- Harrizko horma sendoak dituzte, kanpoko aldetik kontrahormek eutsiak. Horma horiez gain, pilareak daude. Zutabe horiek goiko aldean kapitelak dituzte, eskulturaz apainduak batzuetan.
- Habearteen artean, pilareen gainetik, erdi-puntuko arkuak daude.
- Fatxada nagusietan kanpandorreak daude.
- Leiho gutxi dituzte, txikiak, eta ondorioz, elizak nahiko ilun geratzen dira.
- Elizek esanahi sinboliko handia dute.
Latindar gurutzearen oinak Jesusen heriotza-lekua gogoratzen du. Elizaren bide itxurak, Jerusalem zerutarrera (absideak irudikatua) daraman bidea gogoratzen du.
Erdi Aroko artea: arte islamiarra
Erlijio islamiarra oso azkar hedatu zen Asian, Afrikan eta Europan. Horrekin batera arte islamiarra ere zabaldu zen. Arrazoi erlijiosoak direla medio, arte islamiarrak oso gutxi garatu du irudigintza, eskulturan nahiz pinturan. Arte horren gailurra arkitektura eta eraikinen apainketa dira, apainduraren arloak garapen bereziki aipagarria izan zuen. Arkitekturari dagokionez, eraikin garrantzitsuenak otoitz egitekoak dira: meskitak, alegia. Eraikin zibilak ere aipagarriak dira, Al Andaluseko Granadako Alhambra jauregia eta Kordobako Medina Azahara hiri-jauregia dira horren adibide. Arkitektura islamiarraren ezaugarri nagusiak hauek dira:
• Gehien erabiltzen duten materiala adreilua da.
• Zutikako elementuen artean, zutabeak eta pilareak dira aipagarri.
• Arkuak bi motatakoak dira: ogiba-arkua edo zorrotza, eta bisigodoengandik ikasitako ferra-arkua. Aurrerago gingil-arkua agertu zen.
• Sabaia eta ganga erabiliena gurutze-ganga da.
• Apaindura oso aberatsak dituzte. Hormetan, igeltsuz egindako landare itxurako irudiak, Koranetik hartutako pasarteak, etab.
Antzinako Txina: kultura eta artea
Erlijioa
Erlijio nagusiak konfuzionismoa eta budismoa ziren, sineskera tradizionalekin nahasten ziren: eguzkia, ilargia, zerua… Mitologia atalean ere hainbat jainko azaltzen ziren, Nüwa eta Fuxi, adibidez. Horrez gain, badira beste hainbat animalia mitologiko, tradizio txinatarrean sarritan agertzen den herensugea, kasu.
Zientzia eta idazkera
Txina munduko herrialde garatuenetakoa izan zen zientzian eta teknikan Erdi Aroa arte. Horrela, Han dinastian asmatutakoak dira, inprenta, konpasa eta papera. Papera izan da, seguru asko, txinatarren asmakizunik garrantzitsuenetakoa, eta horri gehitu behar zaio garai hartan lortu zen idazkeraren batasuna.
Artea
Txinatarrentzat kaligrafia garrantzitsua zen, eta idazketa piktografikoa erabiltzen zuten . Bestalde, zein materialetan idazten den garrantzi handikoa da. Horregatik, brontzea, jadea, zeramika eta terrakota erabiltzen zituzten artelanak egiteko.
Arkitektura aldetik, artelan ezagunena Qin dinastiaren garaian eraiki zen, sei mila kilometro luzeko Txinako Harresi Handia da, Txina arerioetatik babesteko eraikia.
Eskulturan, garai horretakoak dira terrakotazko soldaduen eta zaldien irudiak, 1974an aurkituak; tamaina errealeko 7.000 zaldi eta gerlariren irudiak Qin enperadorearekin berarekin lurperatu zituzten.
Hezkuntza mailan, eskola zazpi urterekin hasten zen eta bitartean haurrek etxeko heziketa jasotzen zuten. Gero hamalau urte bitarte, haurrek idazten eta irakurtzen ikasten zuten. Gutxi batzuek, hamazortzi urte arte ikasten jarraitzeko aukera izaten zuten, poesia, filosofia eta historia, bereziki. Azterketa gainditu eta gero, estatuaren funtzionario bihurtzen ziren.
Paleolitoa euskal lurraldeetan: kultura eta artea
Janzkera eta apaindura
Jantzien lehengaiak denborarekin usteldu egiten direnez, apenas geratu den Paleolitoko jantzien aztarnarik, baina zentzuzkoa da pentsatzea garai hartako klima hotzagatik, negu partean behintzat gizakiek larrua erabiliko zutela gorputza estaltzeko eta oinetakoak egiteko.
Ehizatutako animalien larruarekin arropak egiteko, lehenbizi, ile guztia kendu behar izaten zioten, horretarako larrua tenkatu eta ile guztia karrakagailu batez kentzen zioten; ondoren, landu eta arropak egin zitezkeen harekin.
Larruaren aztarnarik geratu ez bada ere, hura ebakitzeko eta josteko aurkitu diren tresnek (karrakagailuak, zulagailuak, hezurrezko jostorratzak…) adierazten dute jantziak egiten zituztela. Josteko animalien zainak, zurdak, tendoiak, etab. erabiltzen zituzten.
Apaingarriei dagokienez, ugariak dira Euskal Herriko aztarnategietan, bereziki itsas bazterretik hurbil daudenetan, molusku maskorrez egindako zintzilikarioak. Maskorrez gain, orein, zaldi, bisonte edota basahuntzen hortzak ere zulatzen zituzten apaingarriak egiteko. Errekarri beltzez eginikoak ere topatu dira Praileaitzen. Askotan, arroketako kristala eta kolorea zuten materialak ere erabiltzen zituzten.
Hezurrez edo adarrez egindako aginte makilak ere aipa daitezke; agian, taldeko pertsona ahaltsuenenak izango ziren.
Artea
Ezagunak dira Paleolito garaiko haitzuloetako hormetan agertu diren marrazkiak eta grabatuak: bisonteak, zaldiak, mamutak, oreinak, basahuntzak, etab. Halako irudiei labarretako artea deitzen zaio. Horrez gain, arte higigarria ere aurkitu da, hau da, hezurrezko edo harrizko euskarrietan lantutako irudiak.
Berez haitzuloetako pinturak ez ziren egin artea sortzeko; izan ere, irudi gehienak argirik sekula iristen ez zen galeria sakonetan eta zokondo ezkutuetan egin baitzituzten. Ez dakigu zein zen irudi horiek egiteko helburu zehatza, baina argi dago ez zirela egin jendearen bistan egoteko; gaur egun, oraindik ere, misterio bat izaten jarraitzen du. Halere, hipotesia ugari daude horren inguruan: ehizan laguntzeko marrazten zituztela, totem edo babesle moduan… Hori guztia ez dago ziurtzat jotzerik, baina, nahiko argi ikusten da labarretako arteak esanahi magiko-erlijiosoa zuela.
Baliteke azti edo sorgin antzeko adituren batek egitea irudi horiek. Pinturetan kolore bat edo bi erabiltzen ziren, batez ere beltza, gorria edota okrea. Grabatuak egiteko silex harrizko puntak erabiltzen zituzten.
Hileta-errituak
Euskal Herriko aztarnategietan ez dute Paleolitoko ehorzketarik aurkitu, baina Europako beste toki batzuetan azaldu dira. Hildakoa buruz gora etzanda edo albora begira jartzen zuten ehorzteko, eta maiz inguruan apaingarriren bat jartzen zioten.
Metal Aroa euskal lurraldeetan: kultura eta artea
Janzkera eta apaindura
Metal Aroan larrua eskuragai zegoen jantziak egiteko, etxekotutako animalien larrua, hain zuzen: ardiena, behiena eta ahuntzena, batez ere. Ziurren ehizatutako animalia zenbaiten larrua ere (hartza, otsoa, etab) erabil zezaketen okasio berezietan.
Baina klima aski epela zenez, larruzko jantziak ez ezik oihalezko arropa arinagoak ere janzten zituzten. Arropak egiteko animalien ilea, bereziki artilea, erabiltzen zuten, baita landare-zuntzak ere, bereziki lihoa. Gasteiz inguruan aurkitutako harilkatzeko eta ehuntzeko (haria eta oihala egiteko) tresna batzuek azken hori egiaztatzen dute.
Apaingarri moduan Metal Aroan, Neolitoan erabiltzen ziren zintzilikarioez gain, urrezko, kobrezko zein brontzezko eraztunak, eskumuturrekoak, botoiak eta kriseiluak ere hasi ziren erabiltzen. Forma eta tamaina askotako zintzilikarioak topa daitezke: biribilak, laukizuzenak edo trapezio-formakoak, antropomorfoak (gizaki itxura dutenak) eta zoomorfoak (animalia itxura dutenak)…
Erabilera praktikoa zuten apaingarrien artean ohikoak ziren hainbat formatako fibulak (paparreko orratzak). Fibulak arropa biltzeko erabiltzen ziren eta forma anitzezko dekorazioa izaten zuten.
Garai hartakoak dira beira-orez egindako lepoko eta eskumuturrekoen aletxo urdinak ere. Eskumuturrekoen artean badira suge-forma dutenak. Sugea emakumearen emankortasunarekin lotu ohi da.
Gerlariak ere erabiltzen zituzten metalezko armek eta ezkutuek ere apaingarri ugari izaten zituzten.
Sineskerak eta artea
Metal Aroan artelan txikiak ugaritu egin ziren; ordura arteko harria, hezurra eta buztinez gain, metala ere erabiltzen hasi ziren.
Dekoratutako objektuak geroz eta garrantzi handiagoa hartzen joan ziren: metalez eginiko fibulak (arropa lotzeko orratzak), gerriko-krisketak; buztinezko figurak eta dekoratutako ezkila-itxurako ontziak. Giza edo animalia formako metalezko irudi eskematikoak ere egiten zituzten.
Sineskerei dagokienez, ezinezkoa da garai haiei buruzko euskal lurraldeekiko datu zehatzak ematea. Nolanahi ere, nekazari eta abeltzainak lurrari, hark ematen zien uzta eta etxeko abereei lotuta bizi ziren, eta eguraldiak horrekin guztiekin berebiziko lotura zuen; beraz, eguraldi-zikloek garrantzia handia izaten zuten bai nekazarientzat baita abeltzainentzat ere; eta ezinbestekoa zitzaien oso zehatz ezagutzea eta segimendua egitea. Lurrarekin lotutako elementuak sinesmen eta gurtza-gai bilakatu eta jainkotu ohi zituzten.
Hileta-errituak
Burdinaren metalurgiarekin batera hileta-erritu berri bat zabaldu zen: errausketa. Metal Aroan hasi ziren gorpuak errausten eta errautsak ontzietan sarturik lurperatzen.
Gorpuak trikuharrietan ehorzteari utzi zioten, baina trikuharriak zeuden lekuetatik gertu beste monumentu batzuk eraiki zituzten, harrespilak (cromlech edo mairu-baratzeak), tumulu-harrespilak eta tumulu soilak.
Indusketa arkeologikoek iradokitzen duten arabera, honela egingo ziren hileta-errituak: egurra erregaitzat erabilita, hildakoaren gorpua errausten zuten, gero errautsak bildu eta paraje berezietara eramaten zituzten lurperatzeko.
Antzinako Mesopotamia: artea
Mesopotamiako artearen garapena eta ugaritasuna oso handia izan zen.
Arkitektura.
Eraikuntzan erabilitako material nagusia adreilua izan zen; buztina eta lastoa nahastu eta gero egosi egiten zuten. Adreilu horiek esmaltezko lauzez apaintzen ziren.
Eraikuntza arloan eginiko ekarpenik handienak eraikinak estaltzeko arkua eta ganga izan ziren.
Bi dira eraikin nagusiak: tenpluak eta haiei atxikita zeuden zigurat dorre antzeko eraikinak, eta jauregiak. Azken horiek oso eraikin konplexuak ziren, terraza, patio, lorategi eta gela askorekin. Ezin dugu ahaztu, horrez gain, hirigintzak lortu zuen garapena: Babilonia edo Ninive (asiriarren hiriburua) oso hiri jendetsuak izan ziren eta antolamendu berezia behar izan zuten.
Eskultura
Ezagutzen ditugun lehenengo irudi sumertarrak, jainkoen eta erregeen irudiak dira. Ikusgarriak dira asiriarren jauregietan agertzen diren erliebeak; ehiza, gerrak eta eguneroko bizimodua azaltzen dituzte. Esfingeak ere aipagarriak dira: erdi gizaki erdi animalien irudiak.
Beste arteak
Beste arteen artean jauregietako eta tenpluetako hormak estaltzen zituzten esmalteak aipatu behar dira.
Antzinako India: kultura eta artea
Antzinako Indian bi erlijio nagusi izan ziren:
- Brahmanismoa, lehen hinduen erlijioa. Brahma, mundua eta gizakiak sortu zituena zuten jainkotzat. Arima hilezkorra zela uste zuten eta behin eta berriro haragiztatzen zela: gizakiren batean hildakoak bizitza zintzoa eraman bazuen, animalia batean bekatuan bizi izan bazen.
- Budismoa, Budak sortu zuena. Gizakiaren kasten zatiketari aurre egin zion eta karitatea, ona, egia eta amodioa aldarrikatu zituen. Gaur egun, 500 milioi lagunek jarraitzen diote budismoari.
Literatura mailan, hinduek idazlan handiak utzi dizkigute, Mahabarata, Ramayana eta Veda bereziki. Mitologia eta erlijioa uztartzen dituzten epopeiak dira.
Ehungintza eta artea lotu zituzten: tapizak…
Arte aldetik, pinturan eta eskulturan eragin handia izan zuen erlijioak eta artelanen iturri nagusi bihurtu zen.
Arkitektura alorrean ere sekulako maisu-lanak utzi dizkigute, tenpluetan bereziki.
Antzinako Erroma: artea
Arteak, greziar eragina izan zuen eta propaganda egitea zuen helburu.
Eskultura
Eskulturan proportzio klasikoak erabili zituzten eta gizaki eta jainko irudi biluziak egiten zituzten hainbat lekutan, apaingarri izan zitezen: hirian zehar, etxe partikularretan, anfiteatroetan, zirkuetan…
Eskulturaz apainduak zeuden garaipen-arkuak eta zutabeak eraikiak zituzten enperadoreek, gerraren bateko garaipenaren oroigarri, gerra istorioak deskribatzeko.
Greziarren antzekoa zen, gizakien irudietan eta mitologian oinarritua. Eguneroko ekintzak eta mitologia-istorioak agertzen ziren, bai hormetan eta baita zoruan ere. Jauregietan eta patrizioen etxeetan erretratuak ere aurkitu izan dira.
Bestelako arteak.
Aipagarriena mosaikoa da. Mosaikoak maila gorena lortu zuen: Erroman asko erabili zuten hormak eta zoruak apaintzeko. Batik bat, eguneroko bizitza, eszena mitologikoak eta zirkuko eszenak irudikatu zituzten.
Arkitektura
Artearen barruan arlorik nagusiena izan zen. Bi atal nagusitan bana dezakegu:
a) Ingeniaritza mailako lan publikoak
Galtzadak edo errepideak. 90.000 km inguru zituen galtzada-sareak. Galtzaden sareak Inperio osoko gune nagusiak Erromarekin lotzen zituen, haren nagusitasuna bideratzeko (armadaren joan-etorriak erraztuz) eta merkataritza erosoago egiteko.
Zubiak eta akueduktuak galtzaden osagarriak ziren eta ugari eraiki ziren, hainbat galtzada eta hirietan. Akueduktuen bitartez hiriaren ur-beharrak asetzen ziren: edateko ura, bainuetxetarako ura, nahiz garbiketak egitekoa.
Akueduktuaren hasiera ura aurkitzen zen lekuan kokatzen da, iturbururen baten edo. Han ur-biltegi bat eraikitzen zen ura biltzeko, biltegitik ura akueduktuko ubidera isurtzen zen eta handik hirirainoko bidea egiten zuen urak. Akueduktua kontu handiz eraiki behar izaten zen, desnibel apur bat behar izaten zuen uraren mugimendua errazteko. Ubidearen euskarria porlanez, harriz edo adreiluz egindako arkuak osatzen zuten. Beharren arabera, arkuek altuera desberdina izaten zuten.
b) Eraikin handiak
Esanguratsuenak hiriko bizitza eta ikuskizunei loturiko eraikinak ziren.
Termak
Edozein hiri garrantzitsuk termak edo bainu publikoak zituen, esklaboek zainduak. Horietan, hiritarrek bainu beroak, saunak, masajeak, etab. hartzeko aukera zuten.
Hainbat espazioak izan ohi zituzten: gimnasia egiteko palestra deitzen zen patioa; caldarium-a, bainu beroa hartzeko igerilekua; frigidarium-a, bainu hotzak hartzeko kanpoko igerilekua; apodyterium-ak edo aldagelak, bankuren batekin eta arropa gordetzeko arasekin; eta laconicum-a edo lurrun-bainua hartzeko espazioa. Termen inguruan tabernae-ak zeuden, janaria eta edaria saltzen zituzten dendatxoak.
Termak eguerdian irekitzen ziren eta iluntzean ixten. Bainua hartzeko emakumeak eta gizonezkoak bereizi egiten ziren, bereizteko tokirik ez bazegoen txandakatu egiten ziren, ordu batzuk gizonezkoak eta beste batzuk emakumezkoak.
Termak harreman sozialak izateko leku aproposak ziren, maiz bilera informalak hantxe bertan egiten zituzten.
Teatroa
Teatroetan, batez ere, tragediak eta komediak antzezten zituzten, baina baita mimoa, pantomima eta antzerki laburrak ere.
Teatro erromatarrak zirkulu-erdi forma du eta honako zatiak bereiz daitezke: aurreko eszenatokia, scenae frons, normalean bi ilara zutabez osatua; haren aurrean proscaenium-a egoten zen, han egiten zen antzerkia; orchestra, zirkulu-erdia forma zuen espazioa eszenaren parean kokatzen zen, han agintariak esertzen ziren eta koroak abesten zuen; adituz, orchestra-ra iristeko pasabideak eta cavea ikusleen eserlekuak. Arkitekto batzuk lurraren aldapa baliatzen zuten cavea egiteko.
Teatro batzuek euria eta eguzkiarengandik ikusleak babesteko toldoak jartzen zituzten.
Teatrora hiritar guztiak joan zitezkeen: gizonak, emakumeak, umeak eta batzuetan baita esklaboak ere. Aktoreak aldiz gizonezkoak izan ohi ziren, eta maskarak eta ileordeak erabiltzen zituzten. Aktore lanbideak oso prestigio gutxi izaten zuen; horregatik, atzerritarrak eta esklaboak kontratatzen zituzten.
Anfiteatroa
Anfiteatroa bi teatro elkartuz egiten zen, gehienetan forma biribila edo obalatua zuen. Borrokak ikusteko aukera izaten zen, ezagunenak gladiadoreen borrokak ziren.
Anfiteatroak honako zatiak izaten zituen: arena, erdiko obaloa, han egiten ziren ikuskizunak, haren azpian sotoak zeuden, gladiadoreak arena-ra atera aurretik itxaroteko lekuak, baita animalien kaiolak eta dekoratuak mugitzen zituzten makinak ere; bestalde, ikusleentzako eserlekuak zeuden, cavea delakoak.
Anfiteatro batzuek euria eta eguzkiarengandik ikusleak babesteko toldoak jartzen zituzten.
Gladiadoreen arteko borrokaz gain, animalien artekoak (hipopotamoak, krokodiloak, elefanteak, tigreak eta hartzak), nahiz gladiadore eta piztien artekoak egiten ziren anfiteatroetan. Gladiadoreak gehienetan gerra presoak, heriotza-zigorra zutenak edota esklaboak izaten ziren. Borrokaldia desfile handi batekin hasten zen eta agintariaren aurrera iristen zirenean gladiadoreek Ave Caesar, morituri te salutant agurra egiten zuten; ondoren borrokan hasten ziren. Maiz borrokaldiak gladiadore galtzailearen heriotzarekin bukatzen ziren, galtzailea zaurituta geratzen bazen, ikusleek bizitza barkatzea eska zezaketen. Azken erabakia agintariaren esku zegoen
Erromako anfiteatroak, koliseoak (Coliseum), 50.000 ikuslerentzako tokia zuen.
Zirkua
Erromako ikuskizunik ospetsuenak eta gustukoenak zirkuan izaten ziren. Zirkuan, batez ere, zaldi-lasterketak eta gurdi-lasterketak egiten zituzten. Lasterketa horiek bi zaldikoak, hirukoak, laukoak (quadriga zen zabalduena) eta hamarrekoak ere izan zitezkeen. Lasterketak taldeka izan ohi ziren, eta taldeak arropen koloreen arabera bereizten zituzten. Kolore baten alde edo kontra apustu ugari izan ohi zen, eta talde batzuek jarraitzaile elkarteak ere sortu zituzten. Gurdien gidari irabazleak, diru-saria eta erramu-koroa jasotzen zuen.
Arrakasta horren adibidea Erromako Maximo zirkua da, 250.000 ikusle biltzera iritsi baitziren.