Nazioarteko Estazio Espaziala

Nazioarteko Estazio Espaziala (ISS) Lurretik 360 km-ra eraikitzen ari diren ikerkuntza-estazio bat da. Hainbat estaturen (Errusia, Amerikako Estatu Batuak, Europa, Kanada eta Japonia) arteko lankidetzan egiten ari da. Estazioaren lehen modulua 1998an jaurti zen Lurretik eta 2000ko azaroaren 2az gero, bi pertsona, behintzat, beti egon dira estazioan. Aurreikusita zegoen bezala, 2010ean amaitu zen estazioaren eraikuntza.

Satelite artifizialak

Gizakiak jaurti eta Lurraren inguruan jiraka dabiltzan objektuak dira.

Bi helburu nagusi dituzte:

  • Informazioa biltzea. Lurreko eta espazioko informazioa biltzen dute.

Hasiera batean, satelite gehienak helburu militarretarako erabiltzen ziren. Baina denborak aurrera egin ahala, beste esparru batzuetara zabalduz joan da haien erabilera. Satelite batzuk ospetsu izatera iritsi dira: Meteosat satelite meteorologikoa, adibidez, edota Hubble teleskopio-satelitea.

  • Lurreko komunikazioetan laguntzea: GPS, Internet edo telefono mugikorren erabilera ahalbidetzen dute satelite artifizialek.

Hubble teleskopioa

Lurretik 593 km-ra, atmosferaren kanpoko aldean kokatuta dagoen teleskopio bat da Hubble teleskopioa. Halako lekuan dagoela-eta, teleskopio horrek atmosferak sorrarazten dituen distortsioak saihesten ditu eta, ondorioz, gai da unibertsoaren irudi oso zehatzak lor lortzeko.

NASA eta ESA erakundeek gauzatu zuten Hubble teleskopioa abian jartzeko proiektua eta 1990ean lortu zuten orbitan jartzea. Teleskopio horretan konponketak egiteko, espazio-ontziak bidali behar izaten dira eta teleskopioaren plataformara akoplatu. 1990 eta 2009. urteen artean bost aldiz egin behar izan zaizkio mantenu- eta berritze-lanak.

Apolo programa

Estatu Batuek XX. mendeko 60ko hamarkadaren hasieran abiarazi zuten programa espaziala da Apolo programa; hamarkada hura amaitzerako, gizakia Ilargira eraman eta ekartzeko helburua zuen (1969). Apolo 11 espazio-ontziaren bidez lortu zuten: Neil Armstrong estatubatuarra izan zen Ilargia zapaldu zuen lehena astronauta. Programa horren baitan beste bost aldiz lortu zuten Ilargia zapaltzea; azkenekoa 1972an izan zen.

Astronautika

II. Mundu Gerra amaitu ondoren, lehia handia sortu zen Estatu Batuen eta Sobietar Batasunaren artean eta alde biak ibilaldi espazialez baliatu ziren, arlo militarrean zein teknologikoan egiten ari ziren aurrerapenak erakusteko.

1957an, Sobietar Batasuna izan zen aurrena satelite artifizial bat orbitan jartzen: Sputnik I.

1961ean, sobietarrak izan ziren, baita, gizakia espaziora bidali eta bizirik itzultzea lortu zuten lehenak ere; Yuri Gagarin izan zen astronauta.

Hurrengo helburu nagusia gizakia Ilargian jartzea izan zen. Estatu Batuek lortu zuten: Apolo programaren baitan, Neil Armstrong izan zen, 1969an, Ilargia zapaldu zuen lehen gizakia. 1972an eten bat egin zen Ilargiaren konkistan eta 2013 arte, behintzat, ez da gizakirik itzuli.

Ilargira iritsi ondoren, beste planeta batzuetara tripulaziorik gabeko ontziak helarazteko lehian aritu ziren. Horretarako, hainbat zunda bidali zituzten beste planeta batzuen ezaugarriak ikertzera, Marte eta Artizarra ikertzeko, batik bat.

1986an, Sobietar Batasunak MIR espazio-estazioa jarri zuen orbitan; horri esker, gizakiak denbora luzez bizitzeko aukera izan zuen bertan.

80. hamarkadatik aurrera, aipatu bi estatuen arteko harremanak hobetzen hasi ziren eta elkarlanari ekin zioten.Geroago elkarlan horretara gehitu ziren Kanada, Europar Batasuna eta Japonia ere. Elkarlaneko prozesu horren emaitza da Nazioarteko Egoitza Espaziala (ISS), 2000ko azaroaren 2tik etengabe tripulatuta dagoena.

XXI. mendeko lehen hamarkadan Txina eta India ere ibilbide eta lehia horretan sartu dira eta satelite artifizialak eraiki eta espaziora igorri dituzte.

Unibertsoa aztertzeko teknologia

XVII. mendera arte, zientzialariek ez zuten laguntza optikorik izan unibertsoa aztertzeko: bakoitzak bere begiz ikusten zuena aztertzen zuen. 1609an Galileok, hainbat lente erabiliz, errefrakzio-teleskopioa eraiki zuen: lorpena aurrerapauso handia izan zen zerua hobeto aztertzeko. Teleskopio hari esker, Galileok Jupiterren lau satelite ikusteaz gain, Eguzkiaren eta Ilargiaren gainazaletan zeuden zimurrak eta orbanak ere ikusi zituen. Horrek zalantzan jarri zuen zeruko gorputzak esfera perfektuak behar zutela zioen ideia.

Newtonek, lenteez gain ispiluak ere erabiliz, islapen-teleskopioa asmatu zuen eta, horri esker, zeruaren irudi argiagoa lortu zuen.

Gaur egun, unetik unera teleskopio hobeak eraikitzen dira, hainbat behatoki astronomikotan kokatzeko. Behatoki horiek giza bizilekuetatik ahalik eta urrutien eraikitzen dira, argiaren kutsadura eta atmosferaren gardentasun-eza saihesteko. Kanariar uharteetan behatoki ospetsuak jaso dira, hango sumendiek nahiko altuera handia dutelako eta argi-kutsadura txikia dagoelako.

Ahalik eta lekurik garbiena topatu nahian egin den aurrerapen handienetako bat teleskopioa Lurraren inguruan orbitan jartzea izan da. Horri esker, atmosferaren gardentasun-ezak dakarren eragozpena gainditu ahal izan da. Orbitan dagoen teleskopio ezagunena Hubble da, eta irudi ikusgarriak bidaltzen ditu.