Orogenia mugimenduak

Mendian fosil-bila ibiliz gero, maiz gerta ohi da itsas animalienak aurkitzea; hala gertatzen da, adibidez, Urbasan eta Aralarren. Era berean, errepide batetik goazenean, sarri ikus ditzakegu alboetako paretetako harri-geruzak paperezkoak balira bezala tolestuak. Adibide bi horietatik ondoriozta daiteke gaur egun mendiak diren lurralde batzuk noizbait itsaspean egon zirela eta harri-geruzek indar handiak jasan dituztela, modu horretan tolestuta geratzeko.

Orogenia-mugimenduak argitzen ditu gertaera horiek. Bi plaka litosferikoren arteko talka gertatzen den lekuan oso indar handiak sortzen dira: plakaren ertzean barrena hedatzen dira eta milioika urtetan luzatzen dira. Horren ondorioz, harrien geruzak tolestu egiten dira eta, denboraren poderioz, altxatuz joaten dira. Batzuetan, hain da handia jasaten duten presioa, harrien geruzak, tolestu ordez, apurtu egiten baitira eta, failak sortzen.

Lurraren historian orogenia-mugimendu gehiago ere izan dira, baina orain eta hemen gure inguruko bi mugimenduren ondorioak ikustera mugatuko gara. Zaharrena orain dela 300 milioi urte hasi zen: hertziniar orogenia da; orduan sortu zen Iberiar penintsulako Erdialdeko Mendigunea.Orogenia berriena, berriz, orain 60 milioi urte hasi zen: alpetar orogenia, alegia; une hartan sortu ziren bai Pirinioak eta bai Euskal Herriko uren banalerro osoa ere.

Lurrikarak

Lurrikarak lurrazalaren bat-bateko mugimendu bortitzak dira. Kontinenteen jitoaren teoriak dioenez, plaka litosferikoak mugitzen ari dira etengabe, eta bi plakaren arteko elkarrekintza-zonetan sekulako tentsioak sorrarazten dituzte. Zenbaitetan, tentsio horiek plakak apurtzen dituzte eta askatzen den energia hori da lurrikara eragiten duena. Energia hori uhinen antzera hedatzen da, eta hiru motatako uhinak sortzen dira: P uhinak, L uhinak eta S uhinak.

Lurrikara handi bat gertatu ondoren, plakek berriz ere oreka-puntu batera iritsi behar izaten dute; ondorengo egunetan, horregatik, erreplika ugari gertatzen dira lurrikara gertatu den zonaldean.

Lurrikara hipozentroan sortzen da, hau da, lur barnean dagoen puntu batean. Lurrazalean hipozentrotik gertuen dagoen puntua, berriz, epizentroa da.

Epizentroa itsas azpian badago, tsunamia eratzeko arriskua egoten da, lurrikarek baino are kalte handiagoak sor ditzaketenak.

Lurrikara bakoitzean, energia-kopuru jakin bat askatzen da eta eragiten dituen kalteak ere ez dira beti berdinak izaten. Horregatik, lurrikara-eskala erabiliz, lurrikararen magnitudea kalkulatzen da.

Hipozentroaren sakonerak eragin zuzena du lurrikarak sortutako kaltean: zenbat eta txikiagoa den sakonera, orduan eta kaltegarriagoa izaten da lurrikara.

Plaken ertz konbergenteak eta pasiboak dira jarduera sismiko handiena duten zonak: Ozeano Pazifikoko kostalde guztia, adibidez. Han argi ikusten da lurrikarak sortutako kaltea, bere indarraren araberakoa ez ezik, lurraldearen egoera ekonomikoaren araberakoa izan ohi dela. Magnitude bereko lurrikarek, adibidez, oso bestelako kalteak sortzen dituzte Japonian edo Filipinetan.

Sumendien sorrera

Antzina uste zuten sumendiak jainkoen haserrealdien ondorioz sortzen zirela; XX. mendean, sumendien dinamika azaltzen duen hainbat teoria plazaratu zituen zientziak.

Gaur egun badakigu litosferaren azpian, hango tenperatura eta presio altuagatik, harri urtua dagoela: magma. Dentsitatea litosferarena baino txikiagoa duenez, magmak, bideren bat topatuz gero, goranzko bidea hartzen du eta, lurrazalera irtetean, sumendi bat sortzen du. Sumendiek hiru osagai nagusi dituzte: tximinia, hau da, barruko gasak nahiz laba kanporatzeko bidea; konoa, hau da, erupzioetan sumendiak botatako materialek tximiniaren inguruan eratzen duten kono-formako egitura; eta kraterra, hots, konoaren gainaldean dagoen irteera-zuloa edo sumendiaren ahoa.

Sumendi guztiek ez dute erupzio-mota bera izaten; batzuk besteak baino leherkorragoak dira: zenbat eta likidoagoa den laba, orduan eta errazago isurtzen da eta leherketa txikiagoak eragiten ditu.

Sumendiak planetako zonalde zehatz batzuetan kokatzen dira; leku horiek ertz konbergenteen, ertz dibergenteen eta puntu beroen ingurukoak dira. Euskal Herria inguru horietatik urrun dagoenez, ez dago sumendirik.

Aiako Harria da, Euskal Herrian, bulkanismoarekin zerikusia duen mendia; izan ere, nahiz eta sumendia ez izan, berez intrusio magmatiko bat da: Paleozoikoan magmak gorako bidea egin zuen arren, ez zen azaleratzera iritsi eta lur barnean hoztu zen eta gaur egun ezagutzen dugun granitozko mendia sortu zen.

Bulkanismoarekin lotura duen beste gertaera ikusgarri bat geyserrek sortutakoa da.